Irungo Pasquier Recondoko 160 langileak, kalera joateko arriskuan

ELA sindikatuak salatu du zuzendaritzak Irungo planta itxi nahi duela, eta 160 behargin kaleratu. Frantziako konpainiak baieztatu egin du Recondo ixteko plana, baina 2022. urterako dela zehaztuta

Brioche Pasquier Recondo enpresako langileen protesta bat, artxiboko argazki batean. ELA.
xabier martin
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Brioche Pasquier Frantziako multinazionala ez zaie mokadu samurra prestatzen ari Irungo (Gipuzkoa) Pasquier Recondoren plantako beharginei. Lantegia itxi eta bertan jarduten duten 160 beharginak kaleratzeko plana dauka, ELA sindikatuak salatu zuenez, atzo. Albistea hedabideei igorri eta gutxira, Brioche Pasquierreko zuzendaritzak itxiera plana badagoela baieztatu zuen, baina argitu zuen hori ez dela gertuko 2022. urtera arte, eta itxierak, edonola ere, ez diela eragingo 160 langileei; halaber, Irungo Bentak auzoko lantegian jardunean jarraituko dela argitu zuen. Batera edo bestera, Irungo Recondo lantegi historikoari iraungitze data ezarri dio multinazionalak, eta kezka betean da hango lantaldea.

Frantziako multinazionalak «Irungo enpresa ikur bat» arriskuan jarri duela esan zuen langile batzordeak ohar baten bidez, eta gogoratu zuen 2001. urtean erosi zuela Recondo. Ogi txigortuaren ekoizpenean erreferente bihurtu zen Frantziako konpainia, operazio horri esker.

Batzordearen arabera, Recondo ixteak «beste urrats bat ekarriko luke Irun jasaten ari den langabezia egoera larrian». ELAk jakinarazi zuen maiatzaren 20an batzarra egin zutela langileek, eta plantaren itxiera salatzea erabaki zutela. Horrekin batera, zuzendaritzari bilerak eskatu dizkiete itxierak ekarriko lituzkeen «ondorioak aztertzeko eta adosteko», baita industria proiektuaren bideragarritasunaren inguruan ere. Langile batzordea «oso haserre» dago, eta industria proiektu berri bat eskatu du, «bideragarritasunean eta enpleguaren kalitatean oinarritutako etorkizuna bermatu dadin».

Enpresak zer dioen

Brioche Pasquierreko zuzendaritzak baieztatu egin zuen Irungo lantegia ixteko plana mahai gainean dagoela, baina hainbat ohar egin zituen. Hasteko, argitu zuen 2022. urtean izango litzatekeela itxiera hori. Halaber, esplikatu zuen plan hori 2016ko azaroan jakinarazi ziola langile batzordeari, eta 2017ko apirilean negoziazioak zabaldu zirela hainbat neurri adosteko itxiera iritsi aurretik. Zuzendaritzaren arabera, ordutik gaur arte ez da lortu neurririk adostea, eta, beraz, «ez dago berritasunik prozesuan»; baina ukatu egin zuen itxierak 160 langileei eragingo diela.

Brioche Pasquierrek bi lantegi ditu Irunen, eta Recondorena da itxi nahi duena, Bidasoa ibaiaren alboan dagoena. Bentak auzoan dago bestea, eta, ogi txigortuaz gain, opilekin aritzen da. Hark jardunean jarraituko lukeela argitu du zuzendaritzak.

Ikusteko dago Pasquier Recondoko langileek datozen asteetan mobilizazioetara joko duten ala ez, beren lanpostuen alde. Batzordeak ez du horien berri eman, baina itxiera salaketak mobilizazio egutegi bat ekar lezake baldin eta ez badago aurrepausorik negoziazioetan.

Ospe handiko bi marka

Brioche Pasquier konpainia 1974an sortu zuten, Frantzian, Pasquier familiaren okindegitik abiatuta; ospe handia hartu zuen egiten zituen opil preziatuei esker; 1985erako, burtsan kotizatzen zuen. Akzioen %90 Pasquier familiaren esku daude gaur egun. Frantzian hamalau ekoizpen zentro dauzka, bi Euskal Herrian, biak Irunen, eta planta bana Ingalaterran (Londres) eta AEBetan (San Frantzisko). 3.200 behargin aritzen dira konpainiarentzat.

Recondo markaren jatorria aurkitzeko, 1870. urtera joan behar da, Ignacio Rekondok Irunen izen bereko okindegia zabaldu zueneko urtera. 1910erako industria gisa abiatu zen, Leandro Rekondo buru zela, eta 1920an fabrika zabaldu zuten, Irunen. Urte batzuen buruan, biskoteen Europako ekoizpen zentro garrantzitsuena bihurtu zen. 1932tik aurrera, ogiarekin lotutako produktu gehiago merkaturatzen hasi ziren. 2001ean, Brioche Pasquierrek erosi zuen Recondo, eta ogi txigortua saltzeko Recondo markari eutsi zion; aldi berean, penintsulako merkatuetan sartu zen Brioche Pasquier markako opil sortarekin.

Datozen hilabeteetan itxieraren ondorioak apaltzeko neurriak adostu ala ez, Irunek bere-berea duen enpresa bat galduko luke 2022. urtean Recondo itxiko balute, zuzendaritzak berretsi duen moduan. Hiriak galduak ditu orain baino lehen ere izaera bereko beste enpresa batzuk: esaterako, Elgorriaga txokolateak, 1990eko hamarkadan, eta Bidasoa portzelanak, 2009. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.