Inbertsioak bakearen truke

AEBek israeldarren eta palestinarren arteko gatazka konpontzeko prestatu duten plan ekonomikoa aurkeztu dute Bahrainen. Konferentziak parte hartze apala du, eta palestinarrek boikot egin diote

Trumpen akordioa ez da inoiz pasatuko, Palestina ez dago salgai kartelak, atzo, Zisjordaniako Nablus hirian. ALAA BADARNEH / EFE.
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak boterea hartu zuenetik bultzada handia eman die Israelgo sektore eskuindarrik gogorrenen helburuei. Palestinarrentzat estatu bat sortzearen aurka mintzatu izan da Trump; Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartu zuen iaz, eta harat mugitu zuen enbaxada, eta, oro har, babes erabatekoa erakutsi dio Benjamin Netanyahu lehen ministroari. Hala ere, bake akordio bat sustatzeko asmoa zuela erran zuen hasieratik:berak lortuko zuela AEBetako presidente bakar batek ere lortu ez duena. «Zintzoki diot, uste dut ez dela jendeak erran izan duen bezain zaila», erran zuen 2017ko maiatzean, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak Etxe Zurian bisita egin zionean. Bake plan horren lehenbiziko zatia aurkezten hasi zen atzo Trump, Jared Kushner aholkulariaren ahotik, Bahrainen antolatu duen goi-bileran. Hasiera ez da hagitz emankorra izan: palestinarrek boikot, Israelgo delegaziorik ez, herrialde arabiar anitzek huts, eta agertu direnek goi mailako ordezkaritzarik ez.

Kushner, presidentearen aholkularia izateaz gain, suhia ere bada. Trumpen konfiantza erabatekoa du, eta hari agindu zion israeldarren eta palestinarren arteko gatazka konpontzeko bake plan bat prestatzeko. Kushnerrek sekretu eta diskrezio handiarekin kudeatu du auzia, eta atzo hasi eta gaur bukatzekoa den goi-bilerak proposamenaren «alor ekonomikoa» azaltzea du helburu. Konferentziaren aitzinetik argitaratu duen planaren laburpenean, ordea, neurri orokorrak, helburuak, irizpideak eta asmoak baino ez dira agertzen, funtsean. Proposamen batzuk iraganean ere egin ziren: adibidez, Gaza eta Zisjordania lotuko dituzten azpiegiturak sortzea.

Palestinarren konfiantza ia guztiz higatu dute AEBek, Trumpek iragarri zuenetik sionistarik gogorrenen eskariarekin bat egin eta Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartuko zuela. «Hilik jaio da», adierazi zion atzo Abbasen bozeramaile batek Israelgo Haaretz egunkariari, Bahraingo Manama hiriburuko konferentziaz. «Ezin da bakerik ezarri Arabiar Bake Ekinbiderik eta [Nazio Batuen Erakundeko] Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik gabe». Hamas alderdi islamista ere bat etorri da PANekin. «Gure kausa politikoa kausa humanitario bihurtu nahi dute; okupazio eremu [Ekialde Hurbil] osoko testuinguruan deseginda gelditu dadin nahi dute».

Izan ere, neurri ekonomikoak dira Kushnerrek proposatu dituen bakarrak, konponbide politikoa aipatu gabe, eta inbertsioak eskatu ditu, Palestinaz aparte, ondoko herrialdeentzat ere —proposatutako 44.000 milioi eurotatik 25.000 milioi lirateke Palestinarentzat, eta gainerakoa Jordaniaren, Egiptoren eta Libanoren artean banatzeko—. «Gaur ez da politikaz aritzeko eguna. Mintegi honen helburua da erronka horiei buruz bertze modu batean pentsatzen hastea», adierazi zuen Kushnerrek atzo, konferentziari hasiera emateko hitzaldian.

Arabiar ekinbideari ezetz

Kushnerrek dio aitzinerago helduko diotela gatazkaren funtsari. Herrialde arabiarren artean kontsentsu gehien duen plana —eta PANek berak babesten duena— ordea, ez du bideragarri ikusten. Arabiar Bake Ekinbidea da hori, 2002an Saudi Arabiak aurkeztu eta Arabiar Ligak babestu zuena. Funtsean, bi estatuen irtenbidea biltzen du, Israelek koloniak desegitea eta okupazioa bukatzea, eta, trukean, herrialde arabiarrekin harreman normalak ezartzea. «Uste dut denok onartu behar dugula inoiz akordiorik balego ez litzatekeela izanen Arabiar Bake Ekinbidearen araberakoa», adierazi zion Kushnerrek atzo Al-Jazeera kateari. «Arabiar Bake Ekinbidearen eta Israelen jarreraren arteko zerbait izanen da».

Israelgo Gobernuak «errespetua» adierazi dio Manamako konferentziari, baina ez du parte hartu nahi izan. Gazan, berriz, greba egin zuten atzo, goi-bileraren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.