Arrauna. Kontxako Bandera

Lasaiena ere urduri jartzen du

Gaur jokatuko dute Kontxako Banderako sailkatze estropada, 17:30ean hasita. Hogei traineru ariko dira emakumezkoetan, eta 23 gizonezkoetan. Hamalau toki daude zehazteko

Zaleak Caboko arraunlariak nola sartzen diren ikusten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Beste konturik ez du arraunlariak ahoan, gaur jokatuko den Kontxako Banderako sailkatze estropadaz galdetuta: urduritasuna gora eta kirioak behera, norbere burua menderatzearen garrantzia eta halakoak. Gaur jokatuko dute sailkatze estropada, eta horra arraunlariei loa galarazten dien kezka. Esnatu gauean, eta galdera bera bueltaka buruan: «Sailkatuko al gara?». Egia hauxe da: gutxi batzuek daukatela sailkatzeko aukera.

Kontuak erraz ateratzen dira: 43 traineru ariko dira arraunean, eta hamalau soilik aterako dira uretatik irribarre bete-betea ahoan dutela. Gizonezkoen zazpi talde, eta beste horrenbeste emakumezkoenak: ez dago beste inorentzako lekurik. Gaur aterako diren guztien artean, multzo handi batek badaki aukerarik ez duela sailkatzeko, baina, hala ere, urduri dabiltza aste honetan, Kontxa zerbaitegatik baita arraun munduko estropada kutuna denentzat. Baieztapen hori oso argigarria da maitasun hori ulertzeko: badira arraunlari mordo bat sekula Kontxako Banderako bi igandeetan arraun egin ez dutenak edota egingo ez dutenak. Horrek agerian uzten du zenbateko balioa duen kirolari horientzat Kontxako Banderaren lehian arraun egiteak.

Gaur sailkatuko direnen artean, izango dira batzuk estreinakoz arraun egingo dutenak Donostiako estropada preziatuan datozen bi igandeetan. Gaurko egunez debuta dutenak ere badira batzuk. Zazpi zenbakiarekin trukoak eginez ari dira aste osoan, batzuk gehiago, besteak gutxiago. Hiru multzotan banatzen baitira gaurko arraunlariak: lehenik, badakitenak ia seguru sailkatu egingo direla; bigarrenik, sailkatzeko aukera dutenak; eta, hirugarrenik, batere aukerarik ez dutenak. Baina multzo guztietako kideen artean izaten dira kirioak dantzan.

Urteroko legez, emakumezkoek ekingo diote lehiari, 17:30ean (ETB1). A edo B multzoa zein lehenago atera, zozketak erabakiko du, baita gizonezkoetan ere. Sailkatzeko ziurtasun osoa eduki behar luketenak bi dira gutxienez: Orio eta Arraun Lagunak. Hondarribia ere Euskotren ligan ibili da bi horiekin batera, baina, udan gorabehera dezente izan dituenez, ezin da jakin zer egingo duen gaur. Gero dator estutasun eta korapilo dantza: Hibaika, Zumaia, San Juan, Deustu, Tolosaldea, Kaiku eta Galiziako hirurak: Mecos-Coruxo, Riveira eta Cabo. Hautagai asko eta toki gutxi aukeran. Donostiarra izango du zain gaurko zazpikoak, ontzi hori jada sailkatuta baitago.

Zazpigarrena, dantzan

Gizonezkoetan, berez, ez lirateke hainbeste hautagai egon behar, baina ezin da jakin zer gertatuko den 18:00etatik aurrera. Donostiarra hiriko taldea barruan dela, beste zazpi taldeen izenak asmatzen hasteko ez da arrasto txarra Eusko Label ligako sailkapena. Aurreneko bostek barruan behar lukete: Orio, Hondarribia, Santurtzi, Zierbena eta Urdaibai—bosgarrena litzateke Donostiarra kenduz gero—. Ondarroa da ligako zazpigarrena, eta gaurko seigarren sailkatua izateko aukera handia du. 1996tik ez du lortu halakorik. Cabo eta Kaiku leudeke gero, azken tokiaren bila, betiere ligako sailkapena kontuan hartuta.

Isuntzak ere badaki gaurko egunez estropada onak egiten, eta gaurko itsasoarekin, argi: metro pasatxoko olatuak daude emanda, tarte luzekoak, eta haize handirik ez da iragartzen. Jator egongo da eremua, eta poparean lan politak egiteko aukera egon daiteke. Horretan ez da talderik txarrena Isuntza. San Pedrok eta Astillerok aukera gutxiago izango dituztela ematen du, eta gero datoz KAE ligetakoak eta galiziarrak. Horien artean, Zarautz, Deustu, Getaria eta San Juanek zer lan egiten duten ikusi beharko da, eta Galizian, Ares ibili da indartsuen. Ezin da jakin sailkatzeko balioko dion edo ez.

Azken urteetan oso ezusteko gutxi izan dira. Chapelak eman zuen azkena, 2012an. Berdintasuna egotea ez da ezustea izango. Ia urtero, hari batean egoten dira talde asko, sartzen diren batzuk eta kanpoan geratzen diren beste pare bat. Normala da urduri ibiltzea arraunlariak aste honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.