Arrauna. Kontxako Bandera

Berriz etorri zara, Ondarroa

Ondarroak irabazi du Kontxako Banderarako sailkatzeko estropada, eta, 23 urteren buruan, sailkatu egin da. Ez da ezusterik egon, ez bada Kaiku sartu izana, Cabo da Cruz kanpoan utzita

Berriz etorri zara, Ondarroa.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Amets, amets egin itsasgizona, amets, zure ametsa gerta leikela. Berriz etorriko zera Ondarruko kaiera, han daukazu maitea, itxaroten dezuna... han daukazu maitea eta bihotza». Argoitia anai-arrebek abesten zuten ondarroarren kanta kutun hori atzo ozen entzun zen Donostiako kaiko arrapalan. Ondarroako zaleek abestuta, haur, gazte, heldu eta adineko. Antiguako Ama traineruaren muturra azaldu berria zen itsasotik kaiko zaleen begietara, eta urteetan pilatutako emozioek gainezka egin zuten. 23 urte baitira Ondarroa ez zela sailkatzen Kontxako Banderarako, eta, haren historian aurrenekoz, sailkatze estropada irabazita, gainera.

«Asko egin beharko du arraunean Ondarroari irabazi nahi dionak», esan zuen herenegun BERRIAn Iñaki Errasti entrenatzaileak. Arraun askok egin zuten, eta ondo ere bai, baina atzo ondoen Errastiren kuadrilla moldatu zen haizeak uste baino gehiago narrastu zuen eremu historikoan.

Negarrez gozo egin zuen entrenatzaileak trainerua arrapala parean trabestu eta lehorrera salto egin baino lehen. Urtea osoan pilatutako tentsioak, egindako sakrifizioak, atzo kanpoan utzi behar izan zituen arraunlariekiko enpatia eta maitasuna, iazko arantza astuna, 2,66 segundogatik sailkatu ez izana... Pozaren negar malko zintzoak joan zitzaizkion begietatik behera Errastiri.

Tostalagun izan zuen Jon Iriondo ere pozez zoratzen zegoen. Nola ez, bada, pozik egon, 1996ko hartan bera traineruan baitzen: «Arraunean hasi nintzen urtean, zer eta Kontxarako sailkatu. Bi igandetan jokatu nuen gero», zioen atzo, ordukoa gogoratuz. «Oraindik hemen segitzea arraunean eta berriz Kontxarako sailkatzea ametsa baino gehiago da».

Iñigo Larrinaga ezagun egin da Ondarroako patroi gisa azken urteetan, baina ez zuen arrauna jarraitzen 1996an. Ezta egiten ere: «Futbolean eta karatean ibiltzen nintzen, eta futbolean, aulkian gehiago zelaian baino». Urtebete geroago hasi zen arraunean, «ikastolara arraunlari bila etorri zirelako arraun elkartekoak. Lagun batzuk hasi ginen batera».

Taldeko arraunlari bakoitzak du bere historia, baina ia denenak bat egiten du honetan: urteak eta urteak arraunaren loria ezagutu gabe, garaipen txiki-handiak batzuk bai batzuek, igoerak eta abar, banderaren batzuk ere bai, Ondarroan bertan edo beste talde batzuetan. Errastirena eta Iriondorena izan ezik, halakoa da besteen arraun ibilbidea.

Arraunlari bakoitza baita ibilbide bat. Izen eta abizenak, eta, horren barruan, sentimenduak. Ondarroa behe-behetik dator, eta atzo ia talde guztiei gertatu zitzaiena askotan bizi izan du: ez sailkatzea Kontxarako. Orain, sailkatuek eramango dute loria guztia, besteak egongo ez balira bezala. Baina egongo ez direnek ere handi egiten dute arrauna, eta zer esanik ez Kontxa. Ondarroaren atzoko balentriak horiek guztiak zipriztintzen ditu, azaro hasieran, lehen entrenamendutik, ikuskizunaren fokuak itzaliak direla, klubean sartu eta lanean serio-demonio hasten direnak. Argoitia anai-arrebek abesten zuten bezala, «amets egin, itsasgizona, zain daukazu...» buruan dutela, amesten duten hori edozer izanda ere.

Zierbena, estu eta larri

Azaroko iluntze ilun horietako batean, Zierbenako arraunlariak baliteke Kontxa irabazteko ametsarekin hastea entrenatzen. Sailkatzea ziurtzat joko zuten entrenatzen hasi zirenean, baina atzo zazpigarren egin zuen, larri. Hamar segundoko koska izan zuen Ares zortzigarrenarekiko. Sailkatu ziren beste faboritoak Orio, Santurtzi, Hondarribia eta Urdaibai izan ziren. Bermeotarren aurretik Kaikuk egin zuten —eguneko ezuste txikia hori—, eta Eneko Zabala arraunlariak bete egin zuen ametsetako bat: «Sailkatze estropadan arraun egin eta sailkatu naizen lehen aldia dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.