Euskal preso gehienek bisitarik gabe segituko dutela ohartarazi dute

Sarek bisitetara joateko lurralde arteko desplazamendua baimentzeko eskatu dio Espainiako Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari

Zaballako espetxea (Araba) 2011n ireki zuten. JUANAN RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Sarek eta Etxerat-ek urruntze politika amaitzeko eskatu dute, herenegun Espainiako Gobernuak espetxeen inguruan iragarritako neurriek ez baitiete ia eragiten euskal presoei.

Sarek ontzat jo zuen Barne Ministerioak iragarritakoa: presoak kartzeletan aurrez aurreko bisitak edukitzen hasi ahalko zirela, alegia. Baina zuhurtziaz ere hartu zuen, eta ez zen gutxiagorako. Izan ere, BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean neurria xehe eman dutenean, adierazten da alarma egoera bere horretan dagoenez ezin dela herrialde batetik besterako desplazamendurik egin. Horrenbestez, euskal preso gehienak etxetik urrunduta daudenez, martxoaren 14ko egoera berean geratuko da kolektiboa.

Alarma egoerak zirkulazio askerako debekua ezartzen du, eta, Sarek dioenez, nahiz eta euskal preso gehienak 1. fasean dauden probintzietan egon, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroako herritarrei herrialde horietatik ateratzea eragozten die zirkulazio mugatuak. Zigor bikoitza dutela salatu du: «Batetik, jada duten urruntze egoeragatik, eta, bestetik, 1. fasean dauden probintzietako espetxeetan egonda ere ezin izango dutelako bisitarik jaso, beren senitartekoak ezin direlako bisita egitera joan».

Irtenbide bat proposatu du Sarek. 200 preso inguru daude egoera horretan, eta erabaki horrekin urratu egiten da beste presoekiko berdintasun printzipioa. Horregatik, eskatu du baimentzeko lurralde arteko desplazamendua egoera horietan, ez delako desplazamendu masiborik izango. Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari helarazi dio oharra.

Etxerat ere antzeko mintzatu da. Orotara, 235 euskal presoetatik hiru besterik ez daude Euskal Herriko espetxeetan. «Ez dago aurrerapausorik euskal preso politikoentzat eta haien senideentzat», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.