Nafarroan ere, Euskaltel

Euskal telekomunikazio enpresak zabalkunde prozesua hasi du Katalunian eta Espainian, Virgin Telco markaren bidez. Errotuta dagoen merkatuetan izenari eutsiko dio. Orangeren sarea erabiliko du

2019ko Euskaltelen batzar orokorra. Zegona Communications funtsak enpresaren kontrola hartu zuen bilera hartan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Euskaltelek ez du marka aldatuko Nafarroan. Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen telekomunikazio enpresa bat da, eta Virgin Telcomen izenarekin zabalkunde prozesua hasi behar du Katalunian eta Espainian. Nafarroan, halere, Euskaltel izenari eta haren ikurrari eutsiko die, baita arreta zerbitzu berdinei ere. «Gure marka tradizionalak, Euskaltel, R [Galizian] eta Telecable [Asturias, Espainia], mantendu egingo dira euren lurraldeetan, eta orain beste batekin lehiatuko dira, Virgin Telcorekin, zeina estatu mailakoa den eta beste ezaugarri batzuk dituen». Azalpena Koldo Unanuerena da, Euskaltelen marketin arduradunarena.

Enpresak, izan ere, atzo eman zituen bere hedapen prozesuaren xehetasunak, Virgin Telcoren aurkezpen ekitaldian. Koronabirusaren krisiak ez du eten Euskaltelen asmoa, eta marka berria merkaturatu du negozio eremua Espainian eta Katalunian zabaltzeko. Zegona Communications inbertsio funtsak iazko ekainean enpresaren akzioen %21 lortu zituenetik, jakina zen pauso hori emango zuela, eta ia urtebete egin du noiz eta nola diseinatzen.

Izena Virgin Ingalaterrako telekomunikazio enpresarekin hitzarturiko lankidetza proiektuaren bitartez lortu du. Zegona Virgineko bazkide da era berean, eta kopuru bat ordainduko dio haren markarekin lortzen duen bezero bakoitzarengatik. Azpiegiturari dagokionez, Frantziako Orange telekomunikazio enpresaren sarea erabiliko du. Haren hedadurak hemezortzi milioi etxebizitzatara iristeko aukera emango dio.

Zabalkundea egin ahal izateko, Euskaltel taldeak —Telecable Asturiasko operadorea eta R Galiziakoa ere barnean dira— 80 eta 90 milioi euro arteko inbertsioa egin beharko du hemendik 2025era arte. Tarte horretan bezero kopurua 2,3 aldiz handitzea espero du, eta sakelako hiru milioi lineatara iristea. Virgin Telco enpresa birtuala izango da, bulego finkorik gabea, eta horrek kostu finkoak murrizten ditu.

Enpresak, izan ere, behar du pizgarri bat, iazko martxoan 1.513 milioi euroko zorra onartu baitzuen, bankuek hura birfinantzatzeko erraztasunak eman zizkioten arren. 2024ra arteko arnasa eman zioten zorrarekin, eta, Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari ordezkariak azaldu zuenez, data horretarako enpresaren diru sarrerak 685 milioi eurotik1.300 milioi eurora igaro daitezela da helburua. Virginekin lorturiko akordioa aurkeztu zutenean egin zituen iragarpen horiek.

Alarma egoera dela eta, egun ezin da linea telekomunikazio enpresa batetik bestera aldatu, baina debekua kentzen denean Euskaltelek lehia estua aurkituko du. Movistar, Vodafone eta Orangeren artean, Espainia eta Kataluniako merkatuaren %80 hartzen dute. Horiek izango dira, gainera, haren lehiakideak, Euskaltelen eskaintza ez baita prezio apaleko enpresen merkatukoa.

Eskaintzari erreparatuz, malgutasuna da Virgin Telcoren ezaugarri deigarriena, aurrez diseinaturiko sortekin hautsiko baitu. Zuntz optikoa, telefonia eta telebista modu ezberdinetara uztartzeko emateko aukera ematen du, eta gutxieneko iraunkortasunik gabe. Unanuek eredu argia eman zuen: «Inkesta egin dugu, eta lau pertsonatik batek esan digu ez duela telefono finkoa erabiltzen, eta behartuta kontratatu zuela. Zerbitzu batzuen eskaera beherantz doa nabarmen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.