Istiluak bultzatzea leporatu diote demokratek AEBetako presidenteari

Protestak eteten ez badira militarrak kalera ateratzeko prest agertu da Trump. Minnesotako estatuak Polizia Departamendua salatuko du. Etxeratze aginduak luzatu egin dituzte estatu gehienetan

Elkarretaratze bat George Floyd atzeman zuten gunean, Minneapolis hirian. TANNEN MAURY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
AEBetako presidenteak ez du pauso bat ere atzera egingo, eta are gutxiago gaizkiletzat dauzkan manifestarien aurrean. Donald Trumpen iritziaren erakusle argia da atzo Etxe Zuriaren atarian gertatutakoa. Modu baketsuan protestan ari ziren manifestari talde baten aurka egin zuen Polizia Federalak gasa erabiliz, estatuburuak ondoko eliza parean argazki bat atera zezan, Biblia eskuan zuela. Ekintzak kritika gogorrak eragin ditu, baita Alderdi Errepublikanoko kideen artean ere, baina horrek ez du Trump damutuarazi, alderantziz baizik. Estatuburuak nabarmendu du ez dagoela «okerrik» Washingtonen hartutako erabakietan, eta ohartarazi ez duela onartuko «barne terrorismorik» AEBetan. «Amaitu egin behar da. Gobernariek ez badute ezer egiten, AEBetako armada atera beharko dugu. Nazioaren legeen zina egin nuen, eta hori egingo dut. Legez kanpoko ekintzak bukatu egingo dira».

Bere estatutik at egiten duen kanpainako lehen ekitaldia baliatu zuen atzo Joe Biden presidentegai demokratak Trumpen jarrera gaitzesteko. Filadelfian egindako agerraldian «istiluak» sustatzea egotzi zion estatuburu errepublikanoari: «Ez dugu utziko inork isil gaitzan. Herrialdeak benetako lidergo bat behar du». Hain zuzen, Biden George Floyden hiletan izango dela iragarri zuen atzo 46 urteko gaztearen familiak.

Gaitzespen adierazpena

Alderdi Demokratak beste urrats bat ere egin zuen, eta iragarri Trumpek Washingtonen izandako jarreraren aurkako eta elkartzeko eskubidearen aldeko adierazpen bat aurkeztuko dutela Senatuan. «Protesta baketsuak egiten ari zirenen aurka negar gasa eta gomazko jaurtigaiak erabiltzea Konstituzioak jasotzen dituen eskubideen aurkakoa da», dio idatziak.

Bien bitartean, etxeratze aginduak luzatu egin dituzte estatu gehienetan, nahiz eta horrek protestak gelditu ez. New Yorketik Washingtonera, Los Angelestik igaroz, gobernadoreek etxeratze aginduak ezarri dituzte, kasu askotan ordu batzuk lehenago soilik jakinarazita. Askok, baina, entzungor egin diote arauari, eta kalera irten dira hura indarrean zela. Hala, Filadelfian, Poliziak negar gasa eta gomazko balak jaurti dizkie errepide bat ixten ari ziren manifestariei. Louisvillen, berriz, bezperan Poliziak tiroz hildako herritar bat oroitu dute elkarretaratze baketsu batean. Hiriko alkateak kargugabetu egin du poliziaburua.

Bestalde, herenegun jakin zenez, familiak eskatutako bigarren autopsiaren arabera, Floyd atxilotu zuten tokian bertan hil zen, eta ez erietxean. Horiek hala, Minnesotako gobernadoreak iragarri du Polizia Departamentuaren aurkako salaketa jarriko duela, «arrazan oinarritutako legez kanpoko jokabideengatik». Ez da lehen aldia Minneapolisko Polizia Departamentuaren aurkako halako salaketa bat jartzen dutena.

Ikerketen arabera, gora egin dute afro-amerikarren aurkako Poliziaren gehiegikeria kasuek. Poliziari egotzitako hilketak biltzen dituen Fatal Encounters atari digitalaren arabera, afro-amerikarrak AEBetako biztanleen %13 diren arren, hildakoen %26 dira.

2014a izan zen urterik ilunena. Uztailean Eric Gardner hil zuten, Staten Islanden. Tabakoa legez kanpo saltzen ari zelakoan atzeman zuten, baina polizietako batek besoarekin lepoa inguratu eta hala eutsi zion, nahiz eta hark arnasa hartu ezinik zegoela esan. Handik ordubetera hil zen. Abuztuan, Michael Brown hil zuten tiroz, Ferguson hirian. Ez zuten inor zigortu. Ez dira kasu bakarrak. 2013tik 2019ra salatutako heriotzen %99an ez zen inor zigortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.