Protestak ugaritu egin dira Libanon, krisi ekonomikoa larriagotu ahala

Libera nabarmen debaluatu da, eta estatuak kendu egin ditu erregaiarentzat ematen dituen laguntzak. Gobernua osatu ezinik dago oraindik Hariri, 1975etik izan den larrialdi ekonomikorik handienean

Zenbait manifestari su bat pizten, Beiruteko errepide bat blokeatzeko, asteartean. WAEL HAMZEH / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Egunetik egunera gehiago ari da hondoratzen Libanoko ekonomia. Hango monetak, liberak, bere balioaren %90 galdu du 2019an gobernuaren aurkako protestak hasi zirenetik, eta %25 debaluatu da azken asteetan. Egoeraren larritasunaren tamaina ematen du monetaren gainbeherak: 2019ko abuztuan, dolar batek 1.500 libera balio zuen, eta azken asteetan, dolar bakoitzeko 15.000 libera ere ordaindu dira merkatu beltzean. Herritarren egunerokoan, oinarrizko hornigaiak garestitu direla esan nahi du horrek, eta protesta olatu bihurtu da egoerak sorrarazitako haserrea.

Beirut hiriburuan izan dira protestarik handienak azken egunetan. Errepideak moztu eta hiriko erdigunea blokeatu zuten manifestariek asteartean, eta hainbat saltoki itxi zituzten. Ordurako itxita zeuden beste asko, prezioen igoera aurreikusi eta euren komertzioak behin-behinean ixtea erabaki baitzuten komertzio askoren jabeek.

Atzo, berriz, ilara handiak sortu ziren herrialdeko gasolindegietan. Ghazi Uazni Finantza ministroak asteartean iragarri zuen gobernuak erregaiarentzat ematen duen diru laguntza %5 txikituko duela, eta handitu egin da eskaria. «Libanok ezin du jarraitu diru laguntzen orain arteko erritmoarekin», adierazi zuen Uaznik, eta iragarri horietako batzuetan aldaketak izango direla. Jakinarazi zuen gariari, sendagaiei eta argindarrari ez diela eragingo. Aurrez, asteartean, parlamentuak onartu zuen EDL estatuko argindar konpainiari 167 milioi euroko mailegua ematea, argindar etenak saihesteko. Ohikoak izan dira halakoak azken asteetan, eta Raymond Ghajar Energia ministroak ohartarazi zuen herrialde osoan itzalaldi orokor bat izateko arriskua dagoela, EDL lagundu ezean.

Momentuz, erregaiaren prezioa handituz lortu nahi du gobernuak bestelako baliabideetan izan daitezkeen prezio gorakadak eta murrizketak atzeratzea.

Aldiro gogortzen ari den krisi ekonomiko baten erakusle da igoera. Horren ondorioak gogorren pairatu dituztenen eta politikarien arteko arrakala geroz eta handiagoa egiten ari da, eta gordin azaleratu da, aldi berean. Indarkeria ugaritu egin da, pobrezia herritar geroz eta gehiagorengana hedatzearekin batera. Egun, biztanleen erdiak baino gehiago daude hala, hori neurtzeko erabiltzen diren nazioarteko estandarrak kontuan hartuta. Oinarrizko hornigaien prezioa hirukoiztu egin da, eta herrialdetik kanpoko bankuen diru emaria gutxitu egin da, AEBek kontrolatzen baitituzte gehienak, eta jarduneko gobernuak onartu ez dituen baldintzak ezarri baitituzte, iturri hori zabaltzearen truke.

Agintea, zatituta

Horrez gain, herrialdeko komunitate erlijiosoen arteko indarkeria eta sektarismoa ugaritu egin dira. Izan dute zerikusirik horretan jarduneko gobernarien tirabirek ere. Izan ere, gobernua osatzeko ahalegina agintearen puska handienaz jabetzeko lehia bihurtu da. Herrialdean gehiengoa diren hiru komunitate erlijiosoei dagozkie estatuko buruzagitza postu gorenak, sistema politikoak zehaztutakoaren arabera: musulman sunitei dagokie lehen ministroaren kargua; musulman xiitei parlamentuko presidentetza; eta kristau maronitei herrialdeko presidentetza. Lehen ministroaren karguan Saad Hariri dagoiazko urriaz geroztik, baina ezin ulertu agerikoak ditu Michel Aoun presidentearekin, kristauen ordezkaritza handiagoa eskatzen baitu hark, besteak beste.

Gobernuaren osaketa etengabe atzeratu du horrek, eta dagoeneko zazpi hilabete dira jarduneko gobernu batek kudeatzen duela Libano. Gainera, herritarren haserrearen arrazoi nagusietako batzuk dira sistema politikoan sustraituta dauden ustelkeria eta klientelismoa.

Hain justu, herrialdea kudeatzeko modu horren aurkako protestek behartu zuten Hariri lehen ministroaren kargua uztera, 2019ko urrian. Ordutik, nabarmen okertu da egoera ekonomikoa, eta monetaren debaluazioaren erritmoan handitu da langabezia. Beiruteko portuan iazko abuztuan izandako leherketak azaleratu egin zuen krisia. Ia 200 lagun hil eta milaka zauritu zituen, eta herrialdearen diru iturri nagusietako bat guztiz suntsitu zuen. Hasan Diab lehen ministro zena dimisioa ematera behartu zuen egoerak.

Haren erreleboa hartu zuen Haririk, iazko urrian, kargu hori galdu eta bi urtera, eta herrialdea krisitik aterako zuen gobernu teknokrata bat osatuko zuela hitzeman zuen, Frantziako Gobernuaren begirada gainean zuela. Izan ere, Emmanuel Macronek lidergoa hartu nahi izan du Libanori krisitik ateratzen laguntzeko, baina sistema politikoa eraberritzea eta erreforma sakonak abian jartzea eskatu du. Eskari horiei men egiteko zailtasunak, jarduneko gobernuan dauden desadostasunekin batera, zaildu egin du gobernu egonkor bat aukeratzea. Gainera, pandemiak gogor jo du herrialdea, eta osasun krisiak larriagotu egin du egoera ekonomikoa.

1975eko gerra zibilaz geroztik izan den krisi ekonomikorik larrienean dago Libano, eta nazioarteko laguntzen beharra dauka, ezinbestean. Mendebaldearen oniritzia du Haririk, eta hark du agintea behin-behinean, modu oso egonkorrean ez bada ere. Laguntza lerro bat zabaltzeko prest dira haren nazioarteko bazkideak, eta proposamen bat egina dute Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Bankuak, Erreforma, susperraldia eta berreraikuntza izenarekin. Finantza babesa ematea aurreikusten du laguntza horrek, gobernantza ereduan aldaketa garrantzitsuak egitearen truke. Gobernariei gutxitzen ari zaizkie halako poltsa bati uko egiteko aukerak, egoera larriagotu ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.