Frantziako Tourra

Tourraren gozoa dastatu du

Hugo Houlek irabazi du Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa, aurreko taldetik ihes eginda. Tadej Pogacar urrunetik saiatu da Jonas Vingegaard atzean uzten, baina hark aise erantzun dio

Tourraren gozoa dastatu du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Asko dira hiru itzuli handietan garaipenik lortu gabe erretiroa hartzen duten txirrindulariak. Hugo Houlek (Israel) Frantziako Tourreko lehenengo etapa garaipena lortu zuen atzo. Gaztetan istripu batean hil zen anaiari eskaini zion garaipena, eta hatza zerura begira zuela sartu zen helmugan. Ihesaldian zegoela aurre hartu zuen, eta helmugarainoko bidea bakarrik egin zuen. Kanadar baten bigarren etapa garaipena ere bada Tourrean, eta quebectar baten lehena. Jonas Vingegaard da lider oraindik, Tadej Pogacarren (UAE) mugimenduei aise erantzun eta gero.

Txirrindulariek 178 kilometroko ibilbidea egin zuten, Carcasonatik Foixera. Lau mendate igo zituzten; azken biak lehenengo mailakoak. Bero handiari ere aurre egin behar izan zioten, beste behin ere. Eguneko ihesaldian29 txirrindulari sartu ziren, baina Port de Lersen (11,4 kilometro, eta %7ko pendiza) gora egindako mugimenduek asko murriztu zuten taldea. Tropelak lasai hartu zuen etaparen lehen zatia, eta zortzi minuturen atzerapenarekin iritsi ziren mendatera.

Enric Mas eta Movistar urrunetik saiatu ziren zuhaitza astintzen. Bi morroirekin batera, tropeletik aurrera egin zuen Masek,eta minutu baten aldea ere lortu zuten. Hala ere, Pogacarrek Port de Lerseko igoeran bi eraso jo zituen, eta zapuztu egin zuen Movistarren saiakera. Vingegaardek arazorik gabe eutsi zion esloveniarraren saiakerari, baina talde nagusian hamabost txirrindulari bakarrik gelditu ziren. Aldapan behera ere saiatu zen Pogacar, baina talde nagusiarekin batera egin zuen jaitsiera.

Eguneko azken mendatea Mur de Peguere izan zen (9,4 km, %7,9), eta aurrean Houle bakarrik aritu zen, ihesean. Atzean,hura harrapatu nahian abiatu ziren Michael Woods taldekidea eta Matteo Jorgenson (Movistar). Hala ere, bakarrik amaitu zuen mendatea, eta jaitsiera bihurriari ekin zion orduan kanadarrak.25 segundoren atzerapenarekin hasi zuen jaitsiera atzeko bikoteak.

Talde nagusian, Rafal Majkak (UAE) jarri zuen erritmoa azken mendatean, eta asko gelditu ziren atzean. Sepp Kussek (Jumbo-Visma) beste astindu bat eman zion talde nagusiari, eta lau txirrindulari bakarrik gelditu ziren Kussekin batera: Vingegaard liderra, Pogacar, Nairo Quintana (Arkea). Pogacarrek ez zuen eraso bat bera ere jotzeko imintziorik egin, eta elkarrekin iritsi ziren mendatearen gainera. Geraint Thomas (Ineos), berriz, jaitsieran batu zen oilarren taldera.

Aurrean, Houlek bakarrik egin zuen beherako bidea, eta atzetik jarraika zeukan Jorgenson erori egin zen. Aldea handitzeko baliatu zuen hori Houlek, eta hark irabazi zuen etapa. Israel taldeak bigarren garaipena du aurtengo Tourrean. Talde nagusikoek elkarrekin egin zuten jaitsiera, eta halaxe heldu ziren helmugara.

Min egiteko aukera, gaur

Kolpe gogorra izan zen atzokoa Pogacarrentzat. Urrutitik saiatu bazen ere, ez zuen liderra gurpiletik atera ere egin, eta azken mendatean erasoa jotzeko indarrik ere ez zuen izan. Vingegaard indarberrituta irten zen atzoko etapatik, eta datozen bi egunei sasoi betean egingo die aurre danimarkarrak.

Pirinioetan bigarrenez arituko dira gaur txirrindulariak, eta min egiteko beste aukera bat izango du Pogacarrek. Peyragudesen amaituko da etapa (8,1km, %7,2). Aurretik, ordea, lehenengo mailako bi mendate eta bigarren mailako mendate bat igo beharko dituzte. Vingegaardek 2.28ren aldearekin ekingo dio gaurkoetapari, baina egun txar bat nahikoa da Tourra hankaz gora jartzeko. Horretaz asko daki Pogacarrek berak, eta atseden egunean aitortu zuen «gelditzen diren mendate guztietan» mugitzeko asmoa daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.