Frantziako Tourra

Etapa bai, lidergorik ez

Tadej Pogacarrek irabazi du Frantziako Tourreko hamazazpigarren etapa. Jonas Vingegaard alboan izan du une oro, eta 2.18koa da aldea orain

Etapa bai, lidergorik ez.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Badira 32 urte Frantziako Tourreko azkeneko astean inork ez duela sailkapen nagusian 2.22ren aldea berreskuratzen. Alde horrekin hasi zuen atzoko etapa Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma), eta lau segundo besterik ez zizkion jan Tadej Pogacarrek (UAE). Greg Lemond izan zen hori egiten azkena. Claudio Chiappucci zen 1990eko Tourrean liderra, eta amerikarrak azken erlojupekoan kendu zion maillot horia, haren hirugarren Tourra eskuratuz.

Antzekotasunak badituzte orduko Tourraren nondik norakoek aurtengoarenekin. Pogacarrek ere hirugarren maillot horia nahi baitu. Hala ere, Lemondek ez zuen Vingegaardek gaur egun daukan gorputzaldia zuen inor aurrean izan. Danimarkarra sendo agertu da Pogacarren eraso guztietan, eta zaila dirudi ordukoa berriro gertatzea.

Beste behin ere albiste txarrekin hasi zuen eguna UAE taldeak. COVID-19an positibo emanda zenbait taldekide etxera joan ostean, Marc Soler eta Rafal Majka galdu zituen 24 orduan UAEk. Hori dela eta, soilik hiru taldekiderekin gelditu da esloveniarra.

Saint Gaudensetik abiatu zen 130 kilometroko Pirinioetako bigarren etapa. Etapa motza izanik, mugimendu asko espero ziren, eta hala izan zen. Eguneko ihesaldia sortzeko 60 kilometro itxaron behar izan zituzten txirrindulariek, tropelak ez zuelako saiakerarik baimendu. Aleksei Lutsenkok (Astana) eta Thibaut Pinotek (FDJ) lortu zuten, halako batean, taldeari aurrea hartzea, eta haien atzetik beste taldetxo bat abiatu zen. Hala ere, berehala jarri zen UAE lanean, eta Pogacarren mugitzeko nahia ikusi zen, lehen aldiz. Horquette d'Ancizanen (8,1 km, %5,1) lortu zuen atzeko taldetxoak aurreko bikotearekin bat egitea, baina UAEk kontrolpean izan zuen ihesaldia une oro.

Val Louronen (10,8 km, %6,8) gora triskantza eragin zuen UAEk tropel nagusian, taldearen erasorako jarreraren ondorioz. Azpi-azpitik jarri zuen erritmo bizia Mikkel Bjergek, eta hura lehertu zenean Brandon Mcnulty taldekidea jarri zen buruan.

Mcnultyren erakustaldia

Banaka-banaka atzean gelditu ziren gainerako faboritoak, eta liderra taldekiderik gabe uztea lortu zuen Pogacarren taldeak. Majka etxera joan zen egunean bertan, atzo arte izan ez zuten gorputzaldia izan zuten horretarako UAEko ziklistek, eta eguneko helburua ere lortu zuten: Pogacarren eta Vingegaarden artekoa buruz-buruko lehian uztea.

Ihesaldia ezerezean utzi zuen Mcnultyk berehala, eta Pogacar eta Vingegaard bakarrik gelditu ziren harekin. Zaila da hain gutxirekin hainbeste egitea, eta gutxien espero zenean iritsi zen UAEren mailarik onena. Azkeneko 200 metroetan Pogacarrek berak erritmoa bizitu zuen, metro batzuk hartzeko intentzioarekin, baina haren gurpilari itsatsi zitzaion Vingegaard liderra. Jaitsiera hiruek elkarrekin egin zuten, eta hala iritsi ziren eguneko azken mendatera: Peyragudesera.

Mcnultyk berak ezarri zuen berriro ere erritmoa hirukotean, eta atzekoekin aldeak handitu zituen. Bi oilarrak estatubatuarraren erritmoan aritu ziren mendatea hasi eta amaierara arte. Taldekideen lana bikaina izan zen arren, Pogacarrek ezin izan zuen haien lana biribildu. Ez zuen erritmo aldaketarik egiteko indarrik izan, eta etapa garaipenerako lehian soilik mugitu zen. Azkeneko 300 metroetan (%16ko pendiza) abiatu zen esloveniarra etapa garaipenaren bila. Une batez Vingegaardek aurreratu egin zuen, baina etapa garaipena, behintzat, lortu zuen esloveniarrak. Hirugarrena du aurtengo Tourrean aurreko bi ekitaldietako irabazleak, baina Vingegaard harekin batera helmugaratu zen. 2.18ren aldea dauka orain maillot horiak.

Gainerako faboritoen artean Geraint Thomas (Ineos) sartu zen hirukotearen atzetik, eta podiumerako azken postua sendotu egin zuen. Romain Bardet (DSM) iritsi zen haren atzetik, eta postu batzuk egin zituen aurrera sailkapen nagusian.

Txirrindulariek gaur izango dute azken eguna Pirinioetan. Hautacamen (13,6 km, %7,8) amaituko da etapa, eta, guztira, mailaz kanpoko bi mendate eta lehenengo mailako beste bat igo beharko dituzte ziklistek. Bertan izango du azken aukera Pogacarrek mendian Vingegaard liderrari min egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.