Lehen saioa, antzokian

Realak Manchester Uniteden zelaian abiatuko du Europa liga. Donostiarrek hirugarren aldiz jokatuko dute Old Trafforden. Hutsune nagusia: Le Normand

Anthony Martial eta Martin Zubimendi, lehian, iazko otsailean, Europako ligako kanporaketaren itzulikoan, jenderik gabeko Old Trafforden. PETER POWELL / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun

Futbolean badira sona handiko jokalekuak, eta, haien artean, toki berezia du Old Traffordek. Zerbaitegatik deitzen diote Ametsen Antzokia Manchester Uniteden estadioari. Izarrik distiratsuenak bildu dituen zelaian jokatuko du gaur Realak. Donostiarrek han abiatuko dute 2022-2023 sasoiko Europa liga. Urrun ailegatu nahi dute, eta estreinaldia egokia izango da txapelketari neurria hartzeko.

Erresuma Batuko erregina Elizabeth II.a zendu da gaur. Balmoralgo jauregian hil da, Eskozian, 96 urterekin. Erresuma Batuan protokolo mardula zuten aspaldi zehazturik erregina hiltzen zenerako, eta, horiek horrela, heriotza jakinarazi aurreko orduetan zurrumurru ugari izan dira Realak jokatu beharreko partidaren gainean. Dudak ziren jokatuko zen ala ez. Bada, baietz erabaki da azkenean. Besoko beltzarekin eginen dute, dena dela; doluminak azaltzeko.

Realak zortzi urtean hirugarren aldiz jokatuko du Uniteden zelaian. Onenengandik gertu dagoen seinalea da hori, Ingalaterrakoa baita Europako talde loriatsuenetako bat. Baina orain arteko bi aldietan ez du irabazi; galdu egin zuen 2013-2014ko estreinaldian (1-0), Txapeldunen Ligan. Orain bi denboraldi, hutsean berdindu zuen, Europa ligan.

Txapelketa hori garaipen batekin abiatu nahi du gaur iluntzean. Ordea, Manchester Uniteden bolada ona gehitu behar zaio berezkoa duen mailari. Izan ere, liga hasiera eskas baten ondotik, suspertu egin dira azken jardunaldietan, azken lau partidetan gailenduta. Besteak beste, Liverpoolen eta Arsenalen aurka.

Joan zen igandean menderatu zuten Arsenal, Mikel Arteta donostiarrak zuzendutako taldea (3-1). Arsenalek irabaziak zituen ordura arteko neurketa guztiak —Premier ligako liderra da—. Horren jakitun, Imanol Alguacil Realeko teknikariak partida gogorra aurreikusi du gaur iluntzerako: «Europako talde onenetako baten aurka ariko gara, baina zer garen erakutsi nahi dugu. Nortasunez aritu beharko dugu, eta zelaian erakutsi, lehiatuz».

Manchester Uniteden jiran tirabira handiak egon dira azken hilabeteetan, klubaren balizko salmenta dela eta. Bien bitartean, Glazer familiak —haiena da jabetza— dirutza ordaindu du proiektu berri bat abiatzeko: 247,2 milioi euro. Erik Ten Hag da aldi berrirako hautatutako entrenatzailea. Herbehereetako prestatzailea bikain aritu zen bere herrialdeko Ajax taldearen gidaritzan, eta horrek bidea emango dio dio Ingalaterrako talde historikorako urratsa egiteko.

Hain justu, Ajaxen urte onen giltzarri izandako bi jokalari fitxatu ditu Manchesterrek: Antony Matheus Dos Santos brasildarra eta Lisandro Martinez argentinarra. Haiez gain, Real Madrileko Carlos Casemiro eta Brentfordeko Christian Eriksen dira proiektu eraberrituaren ezaugarri nagusiak, besteren artean.

Ten Hag bere makineria berria olioztatzen ari da oraindik, baina azken asteetan erakutsi du hezur gogorra izango dela. Manchester da E multzoko talde indartsuena, hasieran bederen. Transnistriako Sheriff Tiraspol eta Zipreko Omonia dira beste biak.

Hargatik, Manchester Uniteden aurkako neurketak garrantzi handia du, txapelketa ondo abiatzeak markatuko baitu ligaxkaren norabidea. Hala uste du Mikel Merino txuri-urdinen erdilariak: «Horretarako, ausardiaz jokatu beharko dugu, beti egiten dugun moduan, eta irabaztera aterako gara, ohiko moduan. Lehiatzeko leku paregabea da».

Hamaikakoaren egitura

Sasoi hasiera bete-betea da aurtengoa, eta, hori horrela, ikusteko dago Imanolek zer-nola kudeatuko dituen taldearen indarrak. Jakina denez, entrenatzaileak aldaketa bat egin beharko du nahitaez. Robin Le Normand min hartuta dago, eta ez du jokatuko. Atzelari bretoia da txuri-urdinen eskemako giltzarrietako bat, taldearen bizkarrezurra osatzen duten jokalarietan gehien jokatzen duena. Jon Pachecok edo Aritz Elustondok ordezkatuko dute Le Normand.

Gainontzean, Imanolek prest ditu futbolari gehientsuenak. Mohammed Ali Cho eta Brais Mendez prest daude lehiaketa kontinentalean estreinatzeko, Sadiq Umar bezalaxe. Haiek hautatu ala ez, Realak eskema ezberdina marraztuko du soropilean.

Imanolek 24 laguneko deialdia prestatu du gaur iluntzerako. Le Normanden hutsuneaz gain, aurrez min hartutako Mikel Oiartzabalek, Carlos Fernandezek eta Diego Ricok ez dute bidaiatu. Kontrara, Jon Karrikaburu, Urko Gonzalez de Zarate eta Unai Marrero atezainak talde nagusiarekin bidaiatu dute. Realak 2.000 zale baino gehiagoren babesa izango du Old Trafforden: Ametsen Antzokian amets egin nahi dute.

MANCHESTER UNITED-REALA
Man. United. Dubravka, Dalot, Varane, Maguire, Shaw; Casemiro, Fred, Antony, Fernandes, Elanga, eta Cristiano Ronaldo.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Pacheco, Aihen; Merino, Silva, Kubo; Brais Mendez, Cho, eta Sadiq.
Epailea. Marco Di Bello (Italia).
Ordua. 21:00 (Movistar).
Lekua. Old Trafford (74.879 ikusle)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.