Macronek zenbait ministro aldatu ditu gobernua berrantolatzeko orduan

Frantziako presidenteak bere gobernua birmoldatu du sortu diren hainbat krisiri aurre egiteko. Beste aldaketa apalago batzuen berri ere eman dute

Frantziako Presidente Emmanuel Macron Bruselan, uztailaren 18an egindako prentsaurreko batean. OLIVIER MATTHYS / EFE.
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri zuen astelehenean kritika askoren jomugan egon den lehen ministro Elizabeth Borne karguan mantenduko zuela, azken asteetako zurrumurru eta espekulazioei amaiera emanez. Agerikoak izan dira bien arteko desadostasunak.

Atzo, ordea, zenbait aldaketa iragarri zituen gobernuan. Gabriel Attalek ordezkatu du 2022ko maiatzaren 20tik Hezkuntza ministroa izan den Pap Ndiaye. Frantziako lehen Hezkuntza ministro beltza izan da Ndiaye. Profil intelektual handikoa izan arren, esperientzia politiko gutxi zuela eta babes gutxi lortu zuen Macronen aliatuen artean. Gabriel Attal izango da haren ordezkoa; 34 urte ditu, eta orain arte Kontu Publikoen ministro delegatua izan da. Horren aurretik, 2020ko uztailetik 2022ko maiatzera arte, gobernuaren bozeramaile lanetan aritua izan da. V. Errepublikan Hezkuntza ministro kargua beteko duen pertsona gazteena da. Attal Macronen konfiantzako politikaria da.

Osasun ministroaren kasuan, Aurelein Rosseauk hartu du 2022ko uztailaren 4tik Ministerioaren burua izan den François Braun mediku eta sindikalistaren lekua. Gaztetan militante komunista izan zen Rosseau, 46 urte ditu eta karrera luzea du goi funtzionario gisa Administrazio Eskola Nazionalean. 2020 eta 2022 bitartean, koronabirusaren krisiaren aurkako borrokaren lehen lerroan egon zen, Parisko eskualdeko osasun agentziako zuzendari gisa.

Elkartasun, Autonomia eta Pertsona Ezinduen Ministerioan ere aldaketak izan dira. Jean-Christophe Combek kargua utzi du, eta haren tokia Frantziako Nazio Biltzarreko Renassaince talde parlamentarioko Aurora Bergek hartu du.

Aldaketa horiez gain, badira beste batzuk. Marlene Schiappa Ekonomia Sozial eta Solidariorako eta Elkarbizitzarako Estatu idazkaria gobernutik aterako da. 2017tik Macronen laguntzaile leiala izan da. Philippe Vigier diputatua Itsasoz Haraindiko ministro delegatu bihurtu da, Jean-François Carencoren lekua hartuz. Macron buru duen Renaissance alderdiko diputatu Fadila Khattabi ezinduez arduratzen den ministro delegatu izendatu dute, Genevieve Darrieussecq ordezkatuz. Renaissance alderdiko diputatua ere bada Sabrina Agresti-Roubache, eta Hirien eta Etxebizitzen ministro delegatu kargua hartuko du. Orain arte Hirien ministro delegatu zen Olivier Klein ordezkatu du.

Krisiari aurre egin beharra

Joan den maiatzean berriro hautatu zutenetik, hilabete bano gehiago iraun duten kale protesta gogorrei aurre egin behar izan die Macronek. Babes txikia izan duen erretreten erreformak milaka pertsona aterarazi zituen kalera, protestara. Horrez gain, joan den hilaren amaieran Poliziak Nahel Merzouk gaztea erail zuen. Haren hilketak herrialde osoan zabaldu zen protestaldia eragin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.