Arrauna. Kontxako Bandera

«Arrazoia dugu»

Urdaibaik aurkeztu du igandeko zigorraren aurkako helegitea, eta onartuko dioten ustean da. Lehiaketa Batzordeak bihar emango du epaia beranduenez

Urdaibaiko trainerua, Donostiako kaira iristen, txanda amaitu berritan, joan den igandean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Etapak betetzen ari da Kontxako Banderan joan zen igandean izandako istilua. Epaileek Urdaibai zigortu eta gero, Bermeoko klubak atzo eguerdira arteko epea zeukan helegitea aurkezteko, eta egin du lan hori. Orain, helegite horri azken erantzuna edo epaia eman beharko dio Kontxako Banderako Lehiaketa Batzordeak. Beranduenera, bihar emango du erabakiaren berri antolatzaileak, Donostiako Udalak.

Lau kidek osatzen dute Lehiaketa Batzordea: Gipuzkoako Arraun Federazioko bi kidek, Euskadiko Federazioko batek eta Donostia Kulturako [Udala] batek. Atzo arratsaldean egin zuten aurreneko bilera helegitea aurkezteko, eta denbora beharko dute Urdaibaik aurkeztutako materiala aztertzeko. Bermeotarrek bideoak eta antolatzaileek emandako GPS irudiak aurkeztu dituzte, perituen txosten batean oinarrituta. Agustin Aranburu presidentearen hitzetan, «erakutsi nahi dugu Zierbenaren kalean gertatu zen pala talka ez zela guk nahita eragindakoa izan, eta ez zela abordatzea izan. Zierbenak ez zuela estropada ondoren errekurtsorik aurkeztu ere jarri dugu, eta horregatik, uste dugu zigorra sobera dagoela. Horrez gain, erakutsi nahi dugu kasu egin ziotela epaileri, trainerua ababor aldera joan zela azaltzen duten irudiekin. Azkenik, diote «kirol legez» lehiatu zirela, eta ez ziotela oztoporik jarri Zierbenari: «Talka gertatu zenean, lehen txandako garaileak, Hondarribiak, lauzpabost segundo ateratzen zizkigun, eta bukaeran Zierbena eta gu haren aurretik sailkatu ginen», adierazi dio Aranburuk BERRIAri.

«Epaileen aktan gure aurka idatzitako guztia ez dela zuzena erakusten dugu helegitean», eta horregatik, Urdaibairen barruan badute itxaropena: «Ziur gaude onartu egingo dituztela gure alegazioak, oso ona delako helegitea, zehatza, eta hala ez bada gertatzen, tartean beste gauza arraroren bat dagoela pentsatzen hasi beharko dugu. Ez genuke nahi hori pentsatu, baina beste aukerarik ez liguke emango gure helegitearen aurkako balizko epaiak». Hori gertatuko balitz, Aranburuk esan du ez dakitela beste epaibideren bat hartuko luketen. Ziurtatu duena da igandean uretan izango dela Bou Bizkaia trainerua: «Irabaztera joango gara».

Aurrekariak, kontrakoak

Kontxan mende honetan izandako azken bi eztabaidetan gertatua ikusita, ezingo dira lasai egon Urdaibaikoak. Izan ere, 2013an eta 2005ean, hasierako epaia berretsi baino ez zuten egin ondorengoek. Duela bost urte, bigarren igandean, Urdaibaik Hondarribia palekin jo zuela ebatzi zuten estropadako epaileek, eta, araudiari segituz, «abordatzea egitea» leporatu zioten, aurreko igandean bezalaxe. Bandera bermeotarrek irabazi zuten uretan bi jardunaldietako denborak kontuan hartuta, baina, epaileek kaleratu egin zutenez, Hondarribiak eraman zuen bandera.

Mende honetako bosgarren urtean, Pedreña, Orio eta Hondarribia izan ziren eztabaidaren erdian. Lehen igandean, Astillerok egin zuen denborarik onena. Bigarrenean, Orio izan zen azkarrena lehen txandan, Pedreña eta Hondarribiaren aurretik. Ordurako trakestuta zebilen itsasoa, eta are gehiago nahasi zen bigarren txandarako. Aise gainditu zituzten hirurek lehen igandean Astillerok atera zien tartea, eta berez, uretan, bandera Pedreñak irabazi zuen, bi egunetako denborak aintzat hartuta. Baina espainiarrek Orio jo zutela-eta bueltako luzean, oriotarrek helegitea aurkeztu zuten. Epaileek Pedreña kaleratu zuten, eta bandera Hondarribira joan zen.

Pedreñak helegitea aurkeztu zuen Donostiako Udalean, baina ez zion arrazoirik eman. Kirol auzibideaz gain, administratiboa ere landu zuen Espainiako taldeak, eta iritsi zen auzia EAEko Auzitegi Nagusira ere. Azkenean, estropada jokatu eta bost urtera, 2010eko maiatzaren 22an, espainiarren helegitea ez onartzea erabaki zuen auzitegiak, eta Hondarribia ageri da orain Kontxako garaipen zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.