Izenak ez dira faltako

Besteak beste, Alaphilippe, Kwiatkowski, Izagirre anaiak, Landa, Quintana, Mas, Fuglsang, Dennis eta Adam Yates ariko dira Euskal Herriko Itzulian, eta, «ondo bidean», baita Thomas ere, Frantziako Tourreko azken irabazlea

Izenak ez dira faltako.
Imanol Magro Eizmendi.
Zumarraga
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Itzuliko bide bazterretara gerturatzen den zaleak aurten ez du kexarik izango. Nahi beste izen handi ikusteko aukera izango du; bai, behintzat, antolakuntzak atzo publiko egin zuen behin-behineko parte hartzaileen zerrendan hutsune askorik ez badago. Guztien artean, dena den, bat nabarmendu behar da: Geraint Thomas (Sky) Frantziako Tourreko egungo irabazlea. 2011n Andy Schleckek parte hartu zuenetik, Tourreko irabazlea Itzulian egon gabea zen. Aurten, baina, «ondo bidean», Zumarragako irteeran (Gipuzkoa) egongo da Thomas. «Skyk bidali digun zerrendan dago, eta baieztatuta dago etorriko dela, baina horrelako izar handiekin azken unera arte ezin duzu jakin», aurreratu zuen Julian Eraso Itzuliko zuzendariak.

Lasterketaren aurkezpen instituzionalean eman zuen antolakuntzak behin-behineko parte hartzaile zerrendaren berri. Thomas da izen handia, baina itxura guztien arabera ez da lehiatzera etorriko, eta Michal Kwiatkowski izango da taldeburua. Etorriko ez direnak Egan Bernal (Sky) Paris-Nizako irabazlea, eta Primoz Roglic (Jumbo) iazko Itzuliko eta aurtengo Tirreno-Adriatikoko irabazlea dira. «Roglicek etorri nahi zuen, baina taldeak egutegia aldatu du Girora begira», azaldu zuen zuzendariak.

Etorriko ez direnei begira egoteak, baina, ez du ezertarako balio, eta Itzuliak maila oso handiko tropela izango du. Tartean hemeretzi euskal herritar egongo dira, eta Mikel Landa (Movistar) eta Ion Izagirre (Sky) irabazteko hautagaien artean daude. Iaz bigarren eta hirugarren sailkatu izan ziren, hurrenez hurren, eta aurten aukera aproposa dute podiumeko goiko koskara jauzi egiteko. Sasoi hasierako erorikoa ahaztuta, Landa «lehiatzera» irtengo da —Nairo Quintana ere ekarriko du Movistarrek—. Izagirreri dagokionez, atzoko aurkezpenean arreta piztu zuen Astanak elkartu duen zazpiko indartsuak: Izagirre anaiak, Jakob Fulgsang, Omar Fraile, Pello Bilbao, Luis Leon Sanchez eta Alexei Lutsenko.

Quick-Step taldeak Julian Alaphilippe ekarriko du; iaz Itzuliko bi etapa irabazitakoa da, eta aurten besoak altxatu ditu Milan-Sanremon, Strade Bianchen eta Tirreno Adriatikoko bi etapetan. Dena den, sailkapen nagusira begira, badirudi Enric Mas dela taldearen apustua. Mitcheltonek Adam Yates hautatu du taldea gidatzeko; Trekek, Bauke Mollema; eta Borak, Emanuel Buchmann, iazko laugarren sailkatua. UAEk ere hiru izen handi elkartuko ditu: Rui Costa, Sergio Luis Henao eta Dan Martin. Deigarria izango da, halaber, ikustea nola moldatuko diren Zumarragako bide traketsean Rohan Dennisen (Bahrain) edota Tony Martinen (Katuxa) gisako erlojupeko espezialista handiak. Euskadi-Murias taldeak bigarren urtez jarraian hartuko du parte, eta, Jon Odriozola zuzendariak esan zuenez, Enrique Sanzen pedal kolpea baliatzen saiatuko dira bigarren edo hirugarren etapan ezustekoa emateko.

Beste urte baterako babesa

Aurkezpenetan diru kontuak aipatzea ez da oso ohikoa izaten, baina Erasok probaren egoera ekonomikoa izan zuen hizpide. Antolatzaileek, euren gain hartzen dute, Itzuliaz gain, Donostiako Klasikoa, eta aurten emakumezkoetan ere jokatzea «erronka» ekonomiko bat dela esan zuen Erasok. «Itzuliak osasun ekonomiko ona du, baina ez gaude etxafuegoak botatzeko. Klasikoa guztion ilusioa da, eta, emakumezkoetan ere jokatzea nahi badugu, sosak behar dira, eta babesle berririk gabe zaila izango da biak antolatzea».

Komeriak onartu zituen Erasok, baina dena ez ziren albiste txarrak izan, Sabadell bankuak beste urtebetez gutxienez Itzuliaren babesle nagusia izaten jarraituko duela jakinarazi baitzuen. Aldiz, gazte onenaren sailkapena dago kolokan. Saria El Diario Vasco egunkariak babesten du, urte luzez probaren babesle nagusia izan baita, eta, Erasok zehaztu zuenez, gaur egun antolatzaileen eta babeslearen arteko harremanak «ez daude onenean». Hala ere, «garaiz» konpontzea espero du.

Itzulia apirilaren 8an hasiko da, Zumarragan, eta bezperan taldeen aurkezpena egingo da herriko plazan. Lehen eguneko etapa erlojupekoa denez, bezperara aurreratu dute. Bide batez, talde gehienak hasiak dira etapak aztertzen, eta zeresana eman dute bigarren etapako sterrato tarteek izan duten eraldaketa —lau dira, eta 4,8 kilometro dira guztira—. Antolatzaileek zanpagailu bat pasatu dute tarte horietatik, eta lehen lur harrotua eta hartxintxarra zena orain bide laua da. Euri asko egin ezean, oso zaila izango da bide hori okertzea. Euria izan liteke, halaber, Itzuliko protagonistetako bat; oraindik hamar egun falta dira has dadin, baina lehen iragarpenek diote balitekeela zorua bustita egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.