Arrauna

Korta San Juanen berpiztu da

Denboraldia amaitu arte, San Juaneko gizonezkoen A taldeko entrenatzailea izango da Jose Luis Korta, Juan Mari Etxaberen ordez. Hitzarmena luzatu ahalko dute uda ondoren

Jose Luis Korta iazko Kontxako sailkapen estropadan, Kaikuren txalupa motordunean. Sestaoko taldeko prestatzailea zen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ez zegoen joanda Jose Luis Korta. Nola joango zen, bada, arraun mundutik, ia bizitza osoa bertan pasatu eta gero. Baina ez zebilen entrenatzaile denboraldi honetan. Atzo arte. San Juanek berreskuratu du, eta aurten KAE 1 ligan ari den taldea zuzenduko du 70 urteko oriotarrak. Denboraldia amaitu bitarteko tratua egin dute bi aldeek, eta uda ondoren mahaiaren bueltan eseriko dira berriz, aukera irekita utzi baitute tratua luzatzeko. Horretarako, jakina, bi aldeek gustura egon beharko dute denboraldia amaitu bitartean egindako lanarekin.

Arraun munduan ez da ohikoa entrenatzailea uda erdian aldatzea, denboraldi garai bete-betean, baina San Juanek neurri beharrezkotzat jo du. Beraz, Juan Mari Etxaberen lekua beteko du Kortak. Bada bitxikeria bat truke honetan, duela hamahiru urte alderantzizkoa gertatu baitzen bien artean: Kortak Castron ez zuela jarraitu behar erabaki zuen zuzendaritzak, 2006 hartan Kontxako Bandera irabazi eta berehala, eta Etxabek ordezkatu zuen, han arraunlari zenak.

San Juanek eta Ortzaika auzoko entrenatzaileak adostu duten harreman horretan, bada beste kontu bat nabarmentzekoa: Kortaren aita Pasai Donibanekoa zen. Horrek ilusio berezia eragin dio pasaitarren eskaintza onartzeko orduan, nahiz eta, beste alde batetik begiratuta, bazuen ardura puntu bat ere: Castro Urdialesen (Espainia) bizi da, eta autoan atzera-aurrera hainbeste kilometro ibili beharrak kezka sortu dio.

Atzo eman zion Kortak baiezkoa San Juanen eskaintzari, 15:00ak aldera. Azkeneko bilera bezperan egin zuten, astelehen iluntzean, aurreko harremanak telefono bidez izan zirelako, entrenatzailea kanpoan baitzen oporretan. Entzun zituen bileran klubak jarritako baldintzak, eta hitza eman zien atzo eguerdirako erantzungo ziela. «Pentsatu egin behar dugu etxean», zioen astelehen gauean Kortak; «Castron bizi naizenez, egunero autoan joan-etorrian Pasai Donibanera joatea gehitxo ez ote dudan izango». Baina, azkenean, kezkak uxatu, eta arraunean jarraitzeko ilusioak eta gogoak indar handiagoa izan dute.

Gaur bertan hasiko da taldea lehian zuzentzen, Gipuzkoako Txapelketan, non eta Donostian, Kortarekin hain lotura estua duen eremuan. Kontxakoa ez baita alferrik bandera gehien irabaziak dituen eremua —arraunlari, patroi eta entrenatzaile gisa irabazitakoak batuta, hamasei dauzka, beste inork baino gehiago—. Horietako batzuk, San Juani berari irabazitakoak, hamarkada batzuk lehenago. Orduan nork esango zuen Kortak Pasai Donibaneko taldea zuzenduko zuela gerora.

Gauzak gertatu egiten dira, ordea, eta istorio honetan, bi egoera bateratu dira. Batetik, San Juaneko taldea egiten ari den uda, uste baino apalagoa. Zuzendaritzak ez zuen Korta fitxatzeko erabakia hartuko taldea ondo ibili balitz KAE 1 ligan. Laugarren da, eta ia aukerarik ez du lehen bi lekuetan geratu eta Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko. Iaz hasi zuen gainbehera Etxaberen taldeak, mailari eusteko kanporaketan oso itxura txarra emanez liga nagusitik behera joan zenean, iraileko hirugarren asteburuan. Baina teknikariari beste aukera bat ematea erabaki zuen zuzendaritzak. Etxabe bera ere zuzendaritzan dago.

Elkarrekin lotu dituen beste egoera Korta eta San Juan entrenatzailea talderik gabe egotea izan da. Kaikuko zuzendaritza berriak jakinarazi zion udazkenean ez zuela han jarraitzeko aukerarik izango. Izan zuen aukera Elantxoberi laguntzeko, baina ez zuen aurrerapausoa eman; orain bai, eta badaki zertara doan San Juan zuzentzera: «Zuzendaritzakoek esan didate taldea animoz eskas dabilela, eta iruditu zaie ni naizelaburua jasotzeko egokiena», adierazi du Kortak.

Arraunlariak ikusteko aukera izan zuen aurreko larunbatean, KAE 1 ligako estropadan, Donostian, bertan azaldu baitzen Ortzaikakoa. Han ibili zen Erreka traineruaren inguruan, oraindik tratua gauzatu gabe zela. Atzotik, haren ardurapean daude trainerua eta arraunlariak.

Entrenatzaile dantza

Bistakoa da entrenatzaile ohia ere ez dela pozik ibili taldean, eta aldaketaren alde egin du Etxabek ere. Hura izan zen iragan astean Kortarekin harremanetan jarri zena. Xabier Arraras presidenteak ere deitu zion.

San Juanek urte gutxian izango duen hirugarren entrenatzailea da Korta: Joseba Fernandez 2012tik 2016ra egon zen karguan, eta Etxabek ordezkatu zuen egun Urdaibaiko arduraduna dena. Bi uda egin ditu oiartzuarrak Pasai Donibaneko gizonezkoen ontzia zuzentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.