Gidari berrien moduan

Osasunak onbidean jarraitu nahi du gaur, Sadarren Betisi irabazita. «Erne» egoteko eskatu die Jagoba Arrasatek jokalariei, aurkariak «talentu handia» baitu

Ezequiel Avila Chimy eta Adrian Lopez, Osasunak Valladolidi sartutako gola ospatzen. R. GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Osasuna gidabaimena atera berri duen gidariarekin alderatu zuen atzo Jagoba Arrasatek. «Gidabaimena ateratzen duzunean, 80 aldiz begiratzen diezu ispiluei, seinaleei... Hala jokatu behar dugu guk». Gorritxoen liga hasiera onak ez du teknikari bizkaitarra itsutu, eta nahi du gaur taldeak «arretari» eustea, Betisen aurka, Sadarren. Osasunak bide onari heldu dio sasoiko lehen lau lehietan, eta bertan jarraitzeko, «alerta egoeran» egon behar du taldeak, Arrasateren irudiko.

Iruindarrek puntu gazi-gozoa lortu zuten iragan igandean, Valladoliden (Espainia). Beti da ona etxetik kanpo puntuak batzea, banaka bada ere; hala ere, sari hobea lor zezaketen sentipenarekin gelditu ziren gorritxoak. Aukera saldoa izan zuten irabazteko, baina ez zuten inspiraziorik izan ate aurrean. Hori horrela, berdinketa ontzen saiatuko dira gaur, Betisi irabazita. Sadarren ez dute oraindik garaipenik ospatu berdindu egin dute Eibarrekin eta Bartzelonarekin—, eta horretarako aukera ona izan dezake gaur, ligari zalantzati ekin dion arerioaren kontra.

Betisek diru asko gastatu du fitxaketetan, Europara itzultzekoasmoz. Borja Iglesiasek edo Nabil Fekirrek bezalako jokalariek handitu egin dute Joan Francesc Ferrer Rubi-k zuzendutako taldearen maila. Ordea, espainiarrek lortutako emaitzak ez datoz bat ordaindutako dirutzarekin. Lau puntu bildu dituzte: partida bat irabazi, beste bat berdindu, eta bi galdu. Edonola, Arrasate ez da fio. «Talentu handiko taldea izango dugu aurrean, eta pentsatzen uzten badiegu, min handia egingo digute. Aurkari deserosoa izan behar gara, ohi bezala».

Azken bi lehietan, aurrerapausoa eman du Osasunak. Izan ere, joko bizi eta ikusgarria gehitu dio aurreneko bi partidetako sendotasunari. Ildo horri eutsi nahiko lioke nafarren prestatzaileak. «Gure ideia ondo defendatzen jarraitzea eta baloiarekin zeresana ematea da. Bateragarriak dira bi gauzak». Halaber, adierazi zuen «hamaikakorik onena» zelairatuko duela, baina izenik aipatu gabe. Hori bai, aurrealdean nolako jokalariak edukitzea gustatzen zaion azaldu zuen. «Gure estiloa zein den aintzat hartuta, aurrelari dinamikoak izatea da onena. Postuak trukatzen dituzte, eta, horrela, aurkariaren zaintza lana oztopatzen dute».

Arrasatek hamaikako bera erabili du azken bi jardunaldietan, eta ikusteko dago gaur zer erabaki hartuko duen. Deialdian ere aldaketak egon daitezke. Atzo 22 jokalari deitu zituen, baina, gaur, horietatik lau utzi beharko ditu kanpoan. Luis Perea behin-behineko zerrendan da, arazo fisikoak gainditu ostean; baita arrazoi teknikoak medio joan zen igandean Iruñean gelditu ziren Marc Cardona, Lillo eta Juan Perez ere. Betisek, berriz, hutsune garrantzitsuak ditu: zigortuta daude William Carvalho eta Loren, eta min hartuta Sidnei eta Cristian Tello. Aldiz, bueltan da Guardado.

OSASUNA-BETIS

Osasuna. Ruben Martinez; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Oier Sanjurjo, Fran Merida; Roberto Torres, Brandon, Ruben Garcia; eta Chimy Avila.

Betis. Joel; Emerson, Mandi, Bartra, Pedraza; Guardado, Javi Garcia, Canales; Joaquin, Borja Iglesias eta Fekir.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.