AEBek Guaidorik gabeko trantsizio bat proposatu dute Venezuelarako

Maduroren eta Asanblea Nazionaleko presidentearen ordezkariek osaturiko gobernu bat eskatu du Washingtonek, zigorrak kentzearen truke. Bozak sei eta hamabi hilabete arteko epean nahi ditu

Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidentea, artxiboko irudi batean. RAYNER PEÑA R. / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuek (AEB), urtebetean lehenengoz, Juan Guaidorik gabeko etorkizun politiko bat aurreikusi dute Venezuelarentzat. Guaido izan zen AEBen apustu nagusia Nicolas Maduro agintetik botatzeko, baina aurrerapausorik ezak beste estrategia bat bilatzera behartu du Washington, eta orain bi agintari horien protagonismorik gabeko bide orri bat aurkeztu du. Plan hori beteko balitz, Etxe Zuriak zigor ekonomikoak kenduko lizkioke Latinoamerikako herrialdeari.

Elliott Abrams AEBen Venezuelarako mandatariak atzo The Wall Street Journal-en publikatu zuen artikuluan proposatu duenez, Madurok eta Guaidok ez lukete tokirik izango «trantsizio demokratiko» horretan, horien ordezkariek osaturiko Estatuaren Kontseilu delako batek izango lukeelako prozesua gidatzeko ardura; hau da, transizio gobernu batek. Abramsen arabera, kontseilu horrek antolatuko lituzke presidentetzarako hauteskunde «aske eta justuak»; zehazki, sei eta hamabi hilabete arteko epean, AEBen Estatu idazkari Mike Pompeok agerraldi batean gehitu zuenez.

«AEBek ez dute alderdi politiko jakin bat babesten Venezuelan. Demokraziara itzultzea babesten dugu, eta uste dugu alderdi guztiek lehiatu behar dutela eremu orekatu batean, baita erregimenaren alderdiak ere, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak», zehaztu zuen AEBetako Gobernuaren ordezkariak.

Guaidok berak duela urtebete egin zuen antzeko proposamen bat, eta hori oinarri hartuta ondu du plana Etxe Zuriak. Hori bai, AEBen Venezuelarako mandatariak ohartarazi duenez, Auzitegi Gorena eta Hauteskunde Batzorde Nazionala berritzea ezinbestekoa izango litzateke, beste hainbat neurri hartzearekin batera: «Demokrazia ez da soilik bozei buruzkoa. Demokrazia zirraragarri batek hedabide libre eta askeak ere exijitzen ditu, erregimenaren zentsura orokortua amaitzeko».

Plan hori betez gero, zigor ekonomikoak kentzeko konpromisoa hartuko luke Washingtonek, Pompeok baieztatu zuenez. Egun, Venezuelako klase politikoa eta PDVSA petrolio elkartea ari dira jasaten zigor horiek, eta horiekin negozioak egiten jarraitzen duen enpresa oro ere bai; Abramsek argudiatu duenez, horien helburua da Maduro presidentetzarako bozak egiteko konpromisoa har dezala behartzea.

Venezuelako presidentearen erantzunaren zain, Jorge Arreaza Atzerri ministroak atzo aurreratu zuen Madurok ez zuela AEBen proposamena onartuko, eta ohartarazi zuen irtenbide bakarra «bide konstituzionala» jarraitzea dela; hau da, datorren abenduko parlamenturako hauteskundeak egitea: «Venezuelan, erabakiak Caracasen hartzen ditugu».

Testuinguru zailean

Etxe Zuriak proposaturikoa onartzeko testuingurua ez da egokiena. Iragan astean, AEBek auzitara eraman zuten Venezuelako presidentea, narkotrafikoa egotzita, eta 15 milioiko saria eskaini zuten Maduro atxilotzeko informazioagatik. Narkotrafikatzaileentzako «eremu seguru bat» ahalbidetzea leporatu dio Washingtonek: William Barr fiskal nagusiaren esanetan, «Maduroren zuzendaritzapean» haren ofizialek «droga tratuak» egin zituzten FARCeko kideekin.

Egun berean, Tarek Wiiliam Saab Venezuelako fiskal nagusiak adierazi zuen ikerketa bat hasi zuela Guaidoren aurka. Iazko apiril bukaeran estatu kolpe bat antolatzea leporatu diote; Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak bere burua herrialdeko presidente izendatu zuen, eta nazioarteko 50 bat estaturen aitortza jaso zuen. Hain justu, Saabek atzo jakinarazi zuen Guaido deklaratzera deitu dutela, biharko.

Asanblea Nazionaleko presidenteak hainbatetan proposatu du trantsiziorako gobernu bat osatzea, eta Madurok baiezkoa eman izan dio, baldintza bakarra beteko balitz: bera izatea exekutibo horren burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.