Zigorren zama astuna

Herrialdeen aurkako zigor ekonomikoak «gizagabeak» direla salatu dute hamar estatuburuk. Estatu zigorturen batean bizi dira munduko biztanleen herenak

AEBen aurkako protesta bat Teheranen, herrialdeari jarritako zigor ekonomikoak salatzeko. STR / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Munduko biztanleen herenak bizi dira herrialde zigorturen batean 39 estatu daude egun zigorpean. Zigor ekonomiko horiek herrien garapenari ez ezik giza eskubideei ere eragiten dietela salatu dute hamar estatuburuk NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Mandatariari bidalitako gutun batean. Idatziaren sinatzaileen artean daude, besteak beste, Venezuela, Iran, Nikaragua, Kanbodia, Txina eta Zimbabwe. «Alde bakarreko zigor hertsagarriak Giza Eskubideen Gutunaren aurkakoak dira. Moralgabeak eta gizagabeak dira, giza eskubideak urratzen dituztelako indarrean sartzen diren une beretik», dio idatziak.

Asko dira iritzi diotenak zigor ekonomiko horiek ezkutuan egindako gerra bat direla; izan ere, estatuen garapena oztopatzen dute. Iazko datuen arabera, esaterako, AEBek Kubari ezarritako zigorren ondorioz, hark 922.600 milioi dolar gutxiago irabazi zituen. Beste datu bat: Ekonomia eta Ikerketa Politikorako Zentroak emandako datuen arabera, 2017tik 40.000 pertsona hil dira Venezuelan zigor ekonomikoen ondorioak direla eta.

Krisi garaietan ere zigortutako estatuek zailtasun handiagoak dituzte normaltasunera itzultzeko. Haiti, adibidez, zigorpean zegoen 1994an Gordon urakanak uhartea jo zuenean. Libanoren kasuan, berriz, janariari, arropei eta botikei ere eragiten diete zigorrek. Egungo testuinguruak are larriagoa bilakatzen du estatuon egoera. «Enpresa askok esan digute bidaliko dizkigutela koronabirusaren probak egiteko testak, baina ezin ditugu ordaindu», azaldu du Osasun Baliabideak Inportatzeko Irango batzordeko buru Ramin Fallahek.

Hala, gutunak salatzen du zigorrek «genozidioa» eragin dezaketela egungo krisian, «munduko osasuna arriskuan» jartzen dutelako. «Finantzei eta bankuei ezarritako mugen, eta, adibidez, alor ekonomiko anitzi ezarritako bigarren mailako debekuen ondorioz, herrialde horien finantza baliabideak ezerezean geratu dira, eta ezinezko egin zaie oinarrizko osasun tresnak eskuratzea».

Albo kalteak

AEBetako Gobernuaren datuen arabera, egun 6.500 erakunde eta banako daude herrialdearen zerrenda beltzean. Erakunde eta banako horiei jarritako zigorrek, baina, haiek kokatzen diren estatuei ere eragiten diete, batez ere zigortutakoak enpresaburu edo estatuburuak direnean.

Bestalde, zigortua herrialde oso bat denean, gerta daiteke harekin elkarlanean aritzen diren erakundeak ere «terroristen zerrendan» sartzea. Esaterako, 2012an AEBek Magnitsky Legea ezarri zioten Errusiari. Auzia hiru urte lehenago lehertu zen, izen bereko abokatu bat espetxean hil ostean, zabaldutako ikerketak ustelkeria, lapurreta eta giza eskubideen urraketak egin zituen sare bat argitara atera zuenean. Hori oinarri hartuta, Washingtonek zigortu egin zuen Mosku, baina, harekin batera, baita herrialdean lanean aritzen ziren hainbat erakunde ere, tartean gobernuz kanpokoak: besteak beste, Amnesty International eta Human Rights Watch.

Gainera, giza eskubideen erakundeek salatu dute AEBek ez dituztela publiko egiten zigortutako herrialdeei blokeatutako funtsen zenbatekoak, ezta diru horrekin zer egiten duten ere. Adibide argia da Libian gertatutakoa. 2015ean jakinarazi zuten nazioarteak 67.000 milioi dolar blokeatuta zituela 2011tik. Hiru urte geroago, ordea, soilik 34.000 milioi geratzen ziren hasierako kopurutik. Nazio Batuen Erakundeko Libiarako Batzordeak iragarri zuen ikerketa bati ekingo ziola hasierako kopurutik falta ziren 33.000 milioi dolarrekin zer gertatu zen argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.