Itun nuklearra kolokan dela, Iranek azpiegiturak eraikitzen segitzen du

Satelite bidezko irudi batzuek erakutsi dute islamiar errepublika beste gune bat muntatzen ari dela. Teheranek dio ez duela asmorik akordioa berriz negoziatzeko: «Egoera zailtzea ez da beharrezkoa»

Irango Fordow gune nuklearra. Irango Energia Atomikoaren Erakundeak iragan urtean argitaratutako irudi bat. EFE.
ander perez zala
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetan izango den presidente aldaketak eztabaidaren erdigunean jarri du berriz Irango akordio nuklearra, Joe Bidenek horretara itzultzeko asmoa berretsi baitu. Ekialde Hurbilean Donald Trumpen agintaldiari etekin handiena atera dioten herrialdeek, ordea, ez dute begi onez ikusi erabaki hori, eta testuinguru horretan kokatu behar da azaro amaierako Mohsen Fakhrizadeh Irango zientzialariaren hilketa Israeli egoztea, Washingtonen eta Teheranen arteko tentsioa are gehiago handitu eta itunaren arrakasta zailtzeko. Islamiar errepublika ez da Etxe Zuriaz fio, maizterra edozein dela ere, eta horren erakusle da hilabeteotan azpiegitura nuklearrak eraikitzen jarraitu duela.

Azken berritasuna ipar-ekialdeko Fordow izeneko lur azpiko gunean da, eraikitze lan berriak abiatu baitituzte hor, AP Associated Press berri agentziak satelite bidezko irudi batzuk aztertu ostean atzo jakinarazi zuenez. Teheranek ez du inoiz eman obra horien berri, baina agerian uzten du gobernua akordio nuklearrean finkaturikoa ez errespetatzekotan dela oraindik ere, AEBek eragin duten egoera ikusita; Hassan Rohani buru duen gobernuak, gainera, presio handia du herrialdean bertan, parlamentuak programa nuklearra garatzeko lege proposamen bat onartu baitzuen hil hasieran, bere jarreraren kontra; parlamentua kontserbadoreen esku dago.

Albisteak bete-betean jo du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia, akordioa gainbegiratzearen arduraduna, egunotan Iranen baita herrialdearen azpiegiturak aztertzeko. IAEAk, baina, oraingoz ez du adierazpenik egin auzi horren inguruan; bai, aldiz, gobernuak, agentzia Iranen dagoenez «ezer ezkutatzeko ez» duela argudiatuta. APren arabera, Fordowko lanak iragan irailean abiatu zituzten.

Iranek 2015ean sinatu zuen itun nuklearra AEBekin, Txinarekin, Errusiarekin, Erresuma Batuarekin, Frantziarekin, Alemaniarekin eta Europako Batasunarekin. Akordioan, bere plan nuklearra mugatzea onartu zuen Teheranek, nazioarteko zenbait estatuk eta erakundek haren aurkako zigor ekonomikoak bertan behera uztearen truke. Ituna kolokan utzi zuen 2018ko maiatzean AEBek akordiotik irteteko hartu zuten erabakiak.

Segidan, Irango ekonomia estu hartu duten zigor ekonomikoak ezarri zizkioten AEBek Irani. Horren ondorioz, akordioko konpromisoak progresiboki ez betetzen hasi zen Teheran, eta Etxe Zuriaren zigorrak konpentsatzeko, urratsak eskatu zizkien gainerako sinatzaileei.

Itunak beste kolpe latz bat jaso zuen aurtengo urtarrilean, kolokan uzteraino, AEBek Qassem Soleimani Guardia Iraultzaileko jenerala eraso batean hil zutenean.

Bilkura datorren astean

Iran, hain justu, Fordowko gunean ari da berriz uranioa aberasten, eta horregatik eman du satelite bidezko irudien azterketak zeresana; beste eraikin batzuk berritu edo sortzeko lanak abiatuak ditu, baina horiek ez dute Fordowren garrantzia bera. Akordio nuklearraren sinatzaileen Atzerri ministroak datorren astean dira biltzekoak, eta ziurra da Teheranen ordezkariari azalpenak eskatuko dizkiotela.

Ali Khamenei Irango lider gorenak hainbatetan errepikatu du bere herrialdeak ituna errespetatuko duela AEBek zigor ekonomikoak kentzen badizkiote; Bidenentzat, hori litzateke egoera bideratzeko aukeretako bat, bi herrialdeen arteko konfiantza lortzeko bidean.

Zeregin horretan, Kazzem Qaribabadi Iranen IAEArako ordezkariak beste gako bat eman zuen atzo, ohartarazi baitzuen ez dutela asmorik 2015eko akordioa berriz negoziatzeko: «Egoera zailtzea ez da beharrezkoa». Rafael Grossi IAEAren zuzendariari erantzun zion hitz horiekin, akordioa berriz negoziatzea iradoki baitzuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.