Sanchez: «Ez da autodeterminazio erreferendumik egingo»

Madrilek Konstituzioa aldatzea jo du galdeketa egiteko modu bakartzat, eta PSOEk ez luke onartuko. Aragonesek erantzun du independentistak ez direla «errendituko», eta proposamenak exijitu ditu

Pedro Sanchez, Espainiako Diputatuen Kongresuan, atzo. EMILIO NARANJO / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako presidente Pedro Sanchezen eta Kataluniako presidente Pere Aragonesen arteko bilerak elkarrizketa mahaiaren eraketa adosteko balio izan zuen, baina agerian utzi du bi aldeen ikuspuntuak oso urrun daudela. Horren erakusle da Sanchezek Espainiako Kongresuan esandakoa: «Ez da autodeterminazio erreferendumik egingo; PSOEk ez du inoiz onartuko». Erantzuna berehala iritsi zaio: «Ziur izan gatazkari konponbidea emateko modua ez dela Katalunia errenditzea izango», azaldu du Aragonesek. Carles Puigdemont Generalitateko buru ohiak, berriz, ekiteko beharra nabarmendu du: «Has gaitezke estatuaren intrantsigentziari alternatiba bat prestatzen?».

Sanchezen esanetan, bat eta bakarra da Katalunian erreferendum bat egiteko aukera, independentistek Espainiako Konstituzioaren bigarren artikulua moldatzeko adina babes eskuratzea; hau da, Kongresuko diputatuen hiru bostenek Espainiaren «batasunaren banaezintasunaren» aurka egin eta estatuko galdeketa batek hori berrestea.

Aragones ez da iritzi berekoa, eta azaldu du erreferendum bat egitea «borondate politiko kontua» dela. Hala, galdeketa bat prestatzeko modu gehiago ere badaudela gogorarazi du; duela zazpi urteko eskaera berreskuratu du horretarako. 2014ko apirilean, lehen galdeketa egin baino hilabete batzuk lehenago, ERCko Marta Rovira, CiUko Jordi Turull eta ICV-EUiAko Joan Herrera orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyrengana zuzendu ziren Kataluniako Parlamentuaren izenean. Espainiako Konstituzioaren 150.2 artikulua baliatuta, galdeketa lotesle bat egiteko eskumena transferitzeko eskatu zioten hari, baina Rajoyk ez zuen onartu.

Kataluniako presidenteak argi utzi du «independentzia lortzeko asmoari» eutsiko diotela, eta ez dituztela baztertuko amnistia eta autodeterminazio eskaerak. Hartara, Sanchezi exijitu dio bere proposamena zein den azaltzeko: «Ezezko bat besterik ez?».

Izan ere, arazoa ez da erreferenduma bideratzeko modurik baden, hura gauzatzeko aukera tratatzeko asmorik eza baizik. Sanchezek uste du tresna horrek ez lukeela Kataluniako gatazka konpontzen lagunduko, eta, «bide politikoa» defendatu arren, ez du mahai gainean jarri nahi. Espainiako presidentea, gainera, azken egunetan baino gogorrago mintzatu da alderdi independentistez, eta esan du Generalitateak «eraso egin» diola Kataluniako gizartearen zati bati: «Ezin liteke katalanen erdia ikusezina izatea bere gobernuarentzat». Beraz, katalanen arteko elkarrizketa sustatzea da konponbidea, haren arabera.

JxCren bozeramaile Miriam Noguerasek, baina, zentzugabetzat jo du halako mahai bat sortzea, argudiatuta Kataluniako Parlamentuan «sentsibilitate guzti horiek» presente daudela.

Mahaiaren mutur banatan

PPk haien aurkako helegitea aurkeztu duela iragartzearekin batera, Sanchezen agerraldiaren helburua zen espetxeratutako bederatzi buru independentistei emaniko indultuez aritzea; «legea urratu» zutela gogorarazi, eta «onura publikoko arrazoiengatik» kaleratu dituztela azaltzea. Alde horretatik, ERCren eledun Gabriel Rufianek erantzun dio erabakiak «klima politikoa hobetzeko» balio duela: «Zelaiaren erdigunean mantentzea baimentzen digu, eta ez muturretan, basa dagoen lekuan». Halere, aurrera begirakoaz mintzatzean, Aragonesen bidetik jo du Rufianek ere: «Eman iezaguzu denbora».

JxCk, zuzenean, ezbaian jarri du negoziazio mahaiak ondorio positiborik eman dezakeen: «Fartsa honek ezin ditu beste bi urte iraun». Alderdiko idazkari nagusi Jordi Sanchezek azaldu du beraiek mahaian esertzeko era bakarra zerea dela, amnistia eta autodeterminazioaz hitz egiteko aukera egotea, eta hura «toki huts bat» ez bilakatzea. Izan ere, uste du Espainiako presidenteak ez duela gatazka konpontzeko «elementu sinesgarri eta sendorik» aurkeztu. «Aurrez ere egin dugu bide hau, eta beti erantzun bera jaso dugu», gehitu du Puigdemontek. Jarrera hori ikusita, independentismoaren mahai estrategikoari ekiteko asmoa adierazi dute azken egunetan, elkarrizketa mahaiak iraun bitartean beste bide batzuk ere aztertzeko.

CUPeko diputatu Mireia Vehik berretsi du Moncloak nahi edo ez legealdia amaitu aurretik beste erreferendum bat egingo dela; asmo hori adierazi izan dute ERCk, JxCk eta CUPek. Garaia iristean, Madrilek erabaki beharko du, Vehiren arabera: hura baimendu edo «errepresioa» erabili.

PDeCATen eledun Ferran Belenek, berriz, Espainiako Gobernuko kideek behin eta berriz erabilitako «konkordia» hitzari egin dio erreferentzia. Haren hitzetan, ez dago halakorik erreferendum bat egiteko aukera hasieratik baztertzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.