Arrauna. Kontxako bandera

Derrigorrezko galbahea

Hogei traineru ariko dira emakumezkoen Kontxako sailkatze estropadan. ETE eta LGT ligetako traineruei buruz daude zalantzak; galiziarren maila, jakinkizun

Oriok irabazi zuen iaz Kontxako sailkapen estropada, eta harentzat izan zen ondoren ere bandera. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur patxadatsu dagoen arraunlariak gutxi bizi du arrauna. Urteko estropadarik seinalatuenetako bat jokatu dute Donostian bilduko diren hogei traineruek: Kontxako Banderarako sailkatzekoa (17:30, ETB 1). Andreen lehia izango da gaur —gizonezkoek bihar jokatuko dute—, derrigortasunak zizelkatutako jardunaldi bat.

Datorren irailaren 12an bandera astindu nahi duten ontziek ezinbestean gainditu beharreko proba da gaurkoa, galtzekotik gehiago duena irabaztekotik baino. Aldiz, sailkatze hutsa olinpoan sartzearen parekotzat dutenek beren mailarik onenean aritu behar dute, baldin eta hurrengo bi igandeetan Donostiako badian izango badira. Amets bat edo bestea izan, derrigorrez igaro beharreko galbahea da.

Garesti egongo da hori lortzea, bereziki gorengo mailakoak ez diren traineruentzat. Ontzi kopuru handiak ate bat zabaltzen dio urduritasunari. Hogei ontzi ariko dira, 2019an bezalaxe. Sekula ez da kopuru hori gainditu emakumezkoen estropadan.

Harrapari asko daude zazpi lekuetako bat lortzeko. Printzipioz, aurrez izendatzeko moduan dira hiru: Orio, Hondarribia, eta Arraun Lagunak. Donostiarrek sailkatze proba jokatu behar dute. Kaiarriba-k, ez: haiek bermatua dute igandean estatxa hartzea.

Euskotren ligako hiru ontziak ziurtzat jotzen diren arren, tentuz aritu beharko dute. Eremu bizian egiten den kirola da arrauna, eta natura oso aldagai garrantzitsua da.

Hori aprobetxatzen saiatuko dira gainerako hamazazpi ontziak. Itxura batean, Tolosaldea da kiniela gehienetan agertzen den izena. Gipuzkoarrek aise lortu dute ETE liga irabaztea, eta sasoian zehar estropada bikainak egin dituzte maila nagusiko ontziekin erkatu direnean. Donostian bertan, urrutira joan gabe. Ekainaren 13an jokatutako Gipuzkoako Txapelketan brontzezko domina eskuratu zuten, Euskotren ligako Hondarribia eta Donostiarra gaindituta.

Hortik aurrera, ontzi asko postu gutxirako. Galiziarren maila jakinkizun dago: Cabok irabazi du hango liga. Teresa Herra sariketa entzutetsua irabaztetik dator. Hori bai, Tolosaldeak baino estutasun gehiago izan ditu garaikurraren jabe egiteko. Puntu bakarreko aldea lortu du Chapela bigarren sailkatuarekiko, eta haiek irabazi dituzte azken bi estropadak, azkena, itsas zabalean. Agidanez, galiziarren artean bi ontzi horiek dituzte aukera gehien.

Haien araberakoa izango da galbahearen tamaina. Espero baino hobeto aritzen badira, postu bakarra, onenera bi, geratuko lirateke lehiatzeko.Aldiz, aurreikusitakotik behera arituz gero, zabaldu egingo litzateke galbahearen ahoa, hiru edo lau posturen dantza egoteraino.

Gauza bera pentsatuko dute galiziarrek ere. Hibaikak eta Deustuk ondo amaitu dute ETE liga. Cabo eta Chapelarekin batera sailkatzeko lehia bizian egon behar duten ontziak dira. Gorago nor sailkatuko den baino, garrantzia duena okerrenera zazpigarren sailkatzea da. Asmo horixe du Zumaiak ere.

Bi multzotan egituratu dute sailkatze estropada. A multzoan ariko dira hautagai nagusiak: Euskotren ligako Arraun Lagunak, Orio eta Hondarribia;ETEko Tolosaldea, Hibaika, Deustu eta Zumaia; eta LGT Galiziako ligako Cabo, Chapela eta Perillo. Beste hamar ontziek B multzoa osatuko dute. Eguerdian erabakiko dute zein multzo ariko den estreina,baita traineruen arteko hurrenkera ere.

Itsasoari dagokionez, iragarpenek 0,8 metro inguruko olatuak aurreikusi dituzte, batetik bestera zortzi segundoko tartearekin, baina haizea urria izango da. Ufadek indar txikia izango dute, ipar-mendebaldeko ukituarekin. Marea, berriz, beherantz joango da estropadako orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.