Sokatira. Munduko Txapelketa

Arratsalde gogoangarria

Gaztedik bi urre eta brontze bat irabazi ditu Lur Gaineko Munduko Txapelketan. Nagusi izan da emakumezkoen 500 kilokoan, eta lehen eta hirugarren gizonen 560 kilokoan

Gaztedi A eta B taldeetako tiratzaileak, podiumaren lehen eta hirugarren koskan. LUR GIL.
Lur Gil.
Getxo
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euskal tiratzaileak nabarmendu ziren atzo Getxon (Bizkaia), Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketaren lehen egunean. Arratsaldeko saioan begia jarrita zuten Laukizko (Bizkaia) Gaztedik eta Erandioko (Bizkaia) Goiherrik, eta gorriz tindatu zuten podiuma. Urrezko bi domina eta brontzezko beste bat irabazi zituen Gaztedik.

Emakumezkoen 500 kiloko mailan iritsi da lehen txapela. Finalerdietarako sailkatu, eta Alemaniako Kaiserbergi irabazita sailkatu ziren Laukizkoak finalerako. Finala Ingalaterrako Bedford Ladies taldearen aurka jokatu zuten. Neurria hartua zieten ingelesei. Izan ere, saioko lehenengo tiraldia haien artekoa izan zen, eta Gaztedi nagusitu zen. Beraz, urduri, baina konfiantzaz beteta iritsi ziren bizkaitarrak finalera.

«Euskal Herrian nesken txapelketa ez daukagunez, ez dakigu zein den aurkarien maila, eta urduri hasi gara. Gero ikusi dugu irabazteko aukerak genituela, lasaitu egin gara, eta hobeto tiratu dugu», aitortu zuen Nerea Egurrola (Getxo, 1976) Gaztediko tiratzaileak, urrea irabazi berritan.

Hala ere, gizonezkoen aurka egindako entrenamenduak balekoak izan direla erakutsi zuten. «Bagenekien urrea lortzeko aukera genuela, eta helburu horrekin atera gara lehiara, baina ez geunden ziur gure mailaz».

Gizonezkoen 560 kiloko txapelketa gehiago luzatu da. Hamabi talde ziren lehian, tartean bost Euskal Herrikoak; Gaztedi A eta B, Goiherri A eta B eta Mutriku (Gipuzkoa). Estreinako tiraldia bi faboritoen artean izan zen: Gaztediko eta Goiherriko A taldeen artekoa. Euskal Herriko txapelketan, lehertu arteko tiraldiak izan ziren bi talde horien artekoak, eta hala izan zen oraingoan ere. Nekerik handiena Goiherrik sufritu zuen, eta ezin izan zuen sailkatu finalerdietarako.

Gaztedik, berriz, bi taldeak sartu zituen finalerdietan. Gaztediren bi taldeak Suitzako Sins eta Mosnangen aurka aritu ziren, eta Gaztedi A eta Sins sailkatu ziren finalerako. Gaztedi B-k Mosnangi nagusituta lortu zuen brontzea.

Arratsaldea borobila izan zitekeen Gaztedi A taldeak urrea lortuz gero. Eta hala izan zen. Finaleko bi tiraldietan hirugarren falta egitear zuela, lurrera erori gabe eutsi, eta suitzarrak lehertu zituen Gaztedik. Bi tiraldi luze jokatu ondoren iritsi zen urre preziatua, eta negarrek hartu zuten Fadura, pozaren pozez.

Tiratzaileen itzalean aritzen den Jon Iñaki Mardaras entrenatzaileak (Gatika, Bizkaia, 1961) zerikusi handia dauka lorpen handi horretan. Estrategian arriskua hartu, eta goizeko 580 kiloko mistoan indarrak gorde zituen. Apustua emakumezkoen 500 kiloko eta gizonezkoen 560ko bi taldeen alde egin zuen, eta ezin hobeki atera zitzaion: «Promesa bat egin nien mutilei: 560 kiloko A eta B taldeak lehiakorrak izango zirela. Urte guztian bikain aritu dira biak, ia-ia maila berean, eta biek zuten aukera podiumera igotzeko. Gainera, ez da txapelketa honetarako bakarrik egindako apustua. Bi talde hauek horrela segitu behar dute».

Arratsalde gogoangarria izan zen Gaztedirentzat. Mardarasek argi zuen: «Ikaragarria da bi talde podiumean sartzea. Ni neu ez naiz akordatzen horrelako lorpenaz».

Goizeko jardunaldia ez zen izan horren emankorra. Gizonezkoen 680 kilokoan, Getxo ez zen sailkatu finalerdietarako. Eberseckenek (Suitza) irabazi zuen urrea, Heurek zilarra (Herbehereak) eta Allgau Power Zellek brontzea (Alemania). 580 kiloko mistoan ere, ez Gaztedi ez Mutriku (Gipuzkoa) ez ziren sailkatu dominen lehiarako. Allgau Power Zell nagusitu zen, Perugia (Italia) izan zen bigarren, eta Valleitrekkers hirugarren (Herbehereak).

Gaur, taldekako azken jardunaldia jokatu da. Gizonezkoen 720 kilokoa jokatuko da lehenbizi, baina ez da arituko euskal ordezkaririk. Bai, ordea, bigarrengoan, 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kilokoan. Hiru talde ariko dira: Powerrangers (Flandria), Dietenbach (Alemania) eta Goiherri (Erandio, Bizkaia). Arratsaldean, gizonezkoak 640 kilokoan ariko dira. Bost euskal talde lehiatuko dira: Gaztedi , Getxo, Goiherri A eta B, eta Mutriku. Jarraian, emakumezkoak arituko dira, 540 kilokoan. Gaztedik parte hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.