Libanon gutxienez sei lagun hil dituzte protestetan, eta 30etik gora zauritu

Beiruteko portuko leherketa ikertuko duen epailea «politizatua» dagoela salatzeko manifestazioan izan dira istiluak; Amal eta Hezbollah talde xiitek deitu zuten protestara

Militante xiitak, atzo Beiruten egindako manifestazioan. Horietako bat, Tarek Bitar epailea azaltzen den argaki bati su ematen. NABIL MOUNZER / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Beiruteko portuan iazko abuztuaren 4an gertatutako leherketak 200 bat hildako eta 6.500 zauritu inguru utzi zituen. Eztanda hura zerk eragin zuen azter dezala eskatu diote Tarek Bitar epaileari, baina azken bi asteetan bi aldiz utzi behar izan du bertan behera ikerketaren hasiera. Azkenekoz, asteartean bertan, Ali Hassan Khalil eta Ghazi Zaiter leherketaren unean ministro zirenak galdekatzeko eskatu eta gero. Amal alderdi xiitako parlamentariek epailea errekusatu zuten, eta partzialtasuna egotzi zioten. Libanoko Kasazio Auzitegi Zibilak atzo jakinarazi zuen oraindik immunitaterik ez duten parlamentarien helegiteak baztertu dituela, argudiatuta ez dela nor planteatutakoaz ebazteko. Hori iragarri zuenean, Bitarren kontrako protesta bat antolatuta zegoen Beiruteko Justizia Auzitegiaren parean, Amalek eta parlamentuan orain aliatu duen Hezbollah mugimendu xiitak deituta. Bi alderdi xiitek ohar bateratu batean nabarmendu zutenez, «teilatu batzuetan zeuden frankotiratzaile batzuk» tiroka hasi ziren, eta orduan lehertu ziren istiluak. Tiroketaren ondoren hainbat talderen arteko borrokak hasi ziren auzitegiaren bueltako kaleetan, eta, Libanoko Gurutze Gorriaren arabera, gutxienez sei dira hildakoak, eta 30etik gora zaurituak.

Barne ministro Bassam Maulauik ordu batzuk geroago baieztatu zuen baietz, frankotiratzaile batzuk izan zirela militante xiita batzuei «buruan» tiro egin zietenak. Amalek eta Hezbollahk nabarmendu zuten dozenaka pertsona bildu zituen elkarretaratzeak «asmo baketsua» zuela, eta haien jarraitzaileei eskatu zieten lasai jokatzeko eta «asmo txarreko tranpan» ez erortzeko. Libanoko armadak bere Twitter kontuan adierazi zuenez, manifestariak justizia auzitegirantz zihoazenean tiro egin zieten. Militarrek eremua hesitu zuten jarraian, herritarrei kaleak husteko eskatu zieten, eta «erantzuleak atxilotzeko operazioa» martxan jarri zuten. Najib Mikati lehen ministroak «lasaitasuna» eskatu du. Xiiten ustez, Libanoko Indarrak alderdi kristauarekin lotutako «taldeak» daude erasoaren atzean. Samir Geagea alderdi horren liderrak gertakariak gaitzetsi zituen, bere Twitter kontuan jarritako mezu batean.

Hezbollahren ustez, Bitar epaileak auzia «politizatuko» luke. Mugimendu xiitaren buruzagi Hassan Nasrallahk magistratu hori ikerketatik kentzera deitu zuen asteartean, telebistaz emandako diskurtso batean. Al-Yadid telebista kateak iturri anonimo bat aipatuz esan duenez, Bitarren asmoa litzateke portuko leherketa Hezbollahri leporatzea.

Kontuak kontu, hamalau hilabete igaro dira leherketa gertatu zenetik, eta oraindik ez da hasi zergatiak bilatzeko ikerketa. Hasieran Fadi Sawan epaileari eman zioten ardura, baina Libanoko Kasazio Auzitegi Zibilak kasutik kendu zuen joan den otsailean, ontzat emanez bi ministro ohik haren aurka aurkeztutako errekusazio helegitea. Kargugabetua izan aurretik, Sawanek arduragabekeria egotzi zien Hassan Diab orduan lehen ministro zenari eta eztandaren momentuan ministro ziren hiruri.

Ia 3.000 tona amonio nitrato zeuden bilduta Beiruteko portuan, baina biltegietan ez zegoen beharrezko segurtasun neurririk. Leherketa gertatu baino bi aste lehenago, uztailaren 20an, segurtasun funtzionarioek gutun bat bidali zieten Michel Aoun Libanoko presidenteari eta Diabi, ohartaraziz amonio nitrato hura biltzea arriskutsua zela, eta produktu kimiko horrek eztanda eginez gero hiria suntsi zezakeela. Reuters berri agentziak argitaratu zuen informazio hori, Libanoko Gobernuaren segurtasun iturriek emandako informazioa aintzat hartuta.

Immunitateaz

Eztandak hildakoak eta zaurituak eragin zituen, eta hiriko hainbat auzo suntsitu. Biktimek diote bai Khalilek eta Zaiterrek eta baita aurrez deklaratzera deitutako beste parlamentari batzuek ere epailearen jarduna oztopatu nahi dutela, oraindik ez baitute immunitate parlamentariorik. Biktima horietako batzuk ere, hain zuzen, justizia auzitegiaren aurrean bildu ziren atzo. Datorren astean egitekoa da parlamentuan hurrengo osoko bilkura, eta orduan dira immunitatea berreskuratzekoak.

Izan ere, aintzat hartu behar da Libano gobernurik gabe egon zela hamahiru hilabetez: leherketa gertatu eta astebetera Diabik dimisioa eman zuenetik, hain zuzen ere. Joan den irailaren hasieran osatu zuten atzera, eta parlamentuak irailaren 20an eman zion oniritzia. Amalek eta Hezbollahk ere Mikati babestu zuten, baina leherketaren ikerketaren harira gobernuari eskatu diote Bitar kasutik kentzeko. Libanoko Indarrak alderdiaren aldekoa izatea aurpegiratzen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.