Realak eta Athleticek denboraldiko partidarik erakargarrienetako bat jokatuko dute gaur Anoetan. Derbiak beti dira derbi. Giro berezia sortzen da, baina txuri-urdinen eta zuri-gorrien artean gaurko lehiak pizten du interes handiena. Harmailetako giroa izango da horren erakusle. Athleticen bisitak erakartzen du zale gehien Anoetara, eta gaur ere giro bikaina espero da. Sarrera guztiak agortu dira.
Zelaian ere ez da lehiarik faltako. Asko esatea da ikuskizuna egongo dela esatea; salbuespenak salbuespen, derbietan ez da egoten goi mailako jokorik. Baina sailkapenak eragiten duen premia ez da aitzakia izango talde bakoitzak bere onena emateko.
Reala eta Athletic ondo kokatuta daude: ondo hasi dira biak. Europako postuetan daudela zelairatuko dira. Gainera, liga hasi baino ez da egin, eta egun, sailkapenari baino gehiago, lortutako puntuei erreparatzen zaie. Realak hamabi puntu eskuratu ditu. Behetik gora egin du.Aurreneko hiru partidak berdindu egin zituen, baina azken lau jardunaldietatik hiru irabazita aurrerapauso handia eman du. Talde oso fidagarria da. Azken denboraldiotan egindako lan bikainari esker, egonkortu egin da indartsuenen artean. Urtetik urtera hazten ari da. Azken lau sasoietan Europarako sailkatu da, baina jada ez da Europa liga jokatzearekin konformatzen. Anbizioa emaitzen neurri berean hazi da, eta gaur-gaurkoz, Txapeldunen Ligako taldea da.
Talde osoa da: kapaz da erasoan zein defentsan lan ona egiteko. Sasoia hasi zenetik neurketa bakarra galdu du, Santiago Bernabeun, eta tarte handi batean dantzan ibili zuen Real Madril. Ikusgarri aritu zen ere Milango Interren kontra. Baina Reala ez da soilik egun handietan agertzen. Talde apalagoen kontra ere ondo ari da. Imanolek izarrei atseden eman arren, irabazteko gai izan da. Jokatzeko denbora banatu eta jokalari guztiak dinamika positiboan edukitzeaz gain, argi eta garbi ikus daiteke egun klub txuri-urdinak duen ahalmena. Hamaikako on bat baino askoz gehiago dauka bere aginduetara entrenatzaile oriotarrak. Realak Getafe eta Valentzia mendean hartu ditu azken astebetean, eta jokalari garrantzitsuenak sobera nekatu gabe egin du. Ondorioz, txuri-urdinek konfiantzaz gainezka eta futbol gosez egingo diote aurre gaurko lehiari.
Oso gogotsu dago Imanol. «Niretzat biharkoa [gaur] da partidarik bereziena. Denek dakite zein esanahi duen; irabazi beharreko neurketa da», esan zuen atzo. Haren iritziz, bi taldeak «sasoi onean» iritsiko dira. «Etxean jokatuko dugu, derbia da, eta ez dago faboritorik. Zelaian erakutsi behar da. Prest gaude. Edozein xehetasun erabakigarria izango da». Azaldu zuenez, Odriozolak gainkarga bat du, eta Zakharian gaixo egon da. Prest ditu beste guztiak.
Hutsune garrantzitsuak
Athletic ere oso ondo aritu da lehen zazpi jardunaldietan. Ernesto Valverderen taldeak hamalau puntu bildu ditu; batez beste, bi partidako. Asko da. San Mamesen zein kanpoan antzeko maila erakutsi du, eta, gainera, orain arte jokatu dituen bi derbiak irabazi ditu: Sadarren lehenbizi, eta Mendizorrotzan gero; biak 0-2. Anoetan beste horrenbeste egitea zailagoa izango dela dirudi; beraz, ondo aritu, eta, irabaziz gero, talde irabazlea izateko bidean dagoela erakutsiko luke. Athleticen gaitz nagusia denboraldian zehar izaten dituen gorabeherak baitira.
Baina zuri-gorriei ez zaie garairik aproposenean iritsiko derbia. Getaferen kontrako partidak ondorio txarrak ekarri ditu. Batetik, taldeak futbolari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen bigarren zati guztia. Horrek nekea dakar, eta Athletic zerbait baldin bada, erritmo bizian jokatzen duen talde fisikoa da. Gainera, Sancetek jaso zuen txartel gorria, taldeko izarretako batek. Klubak aurkeztutako helegitea atzera bota zuten, eta gaur ez da ariko. Ezta Ruiz de Galarreta ere, min hartuta baitago. Nico Williams, ordea, deialdian dago, baina azken asteotan min hartuta egon da. Hortaz, sasoi hasieran Athleticek izan dituen bost futbolari onenetatik bik ez dute jokatuko Anoetan, eta beste bat ez da bete-betean ariko. Gainera, zuri-gorrien aulkia Realarena baino askoz apalagoa da, eta Athleticek asko nabaritu dezake aipatutako jokalarien falta.
«Motibazioa pizten duen partida da. Akituta amaitu genuen azken partida, hamarrekin aritu baikinen neurketa erdia, baina fresko aritu behar dugu. Bi lehia oso jarraian dira, baina gure mailari eutsi behar diogu», adierazi zuen atzo Ernesto Valverdek. Realagatik, berriz, esan zuen zerbaitengatik ari dela Txapeldunen Ligan. «Maila du, baina baita ofizioa ere. Valentzian erakutsi zuen».
Faltako diren futbolarien itzala handia izan daiteke, baina garrantzitsuenak zelaian egongo direnak dira. Akaso, Imanolek gordeko du futbolari garrantzitsuren bat Salzburgori aurre egiteko,baina gehienek Mestallan hartu zuten atseden. Beraz, daukan onenarekin zelairatuko da. Asko da hori. Atean, Remirok lekua du onenen artean. Zubeldia, berriz, bikain ari da defentsan. Eta zer esan erdilarien inguruan. Zubimendik, Merinok eta Brais Mendezek osatzen duten hirukoa edozein taldek fitxatuko lukeen sormen lerroa da. Aurrean, berriz, Kubo erabakigarria ari da izaten.
Athleticen, berriz, Iñaki Willliams ari da nabarmentzen. Edozein defentsa hankaz gora jartzeko gai da bere abiadura eta indarrari esker. Nekaezina da, eta, gainera, ate aurrean asmatzen ari da. Guruzeta ari da haren ondoan. Aprobetxatzen ari da Valverdek eman dion aukera. Hiru gol sartzeaz gain, gorengo mailan egonkortzen ari dela dirudi. Atzean, Unai Simonek ez du lan handirik izan, baina izan duenean aparta izan da haren ekarpena. Ateari buruzko eztabaidak isilarazi ditu.
Bolada gozoan dauden talde bi; jokalari onak; eta harmailetan giro bikaina. Ezin zaio askoz gehiago eskatu gaurko derbiari.
REALA-ATHLETIC
Reala. Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Tierney; Zubimendi, Merino, Brais Mendez; Kubo, Oiartzabal eta Barrenetxea.
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Vesga, Dani Garcia, Muniain; Iñaki Willliams, Berenguer; eta Guruzeta.
Epailea. Gil Manzano.
Lekua. Anoeta (40.000 ikusle).
Ordua. 21:00 (Movistar La Liga).
Anbizioaren langa, goian
Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Biak bolada onean daude joko eta emaitza aldetik. Sarrerak agortu dira, eta giro bikaina egongo da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu