Afganistango armadak eta AEBek talibanek baino zibil gehiago hil dituzte aurten

AEBek zuzentzen duten koalizioak 115 lagun hil ditu urtarriletik martxora arte. 2018an 3.804 zibil hil ziren gerran: kopururik handiena okupazioa hasi zenetik

Afganistango milizia bateko kideak talibanen kontrako operazio batean, martxoan, Helmanden. WATAN YAR / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Odola eta odola. Gerra hasi eta hamazazpi urte luzeren ostean, odol arrastoak ez dauka etenik Afganistanen. Unama Nazio Batuen Erakundeko Afganistanerako Misioak jakinarazi du iaz 3.804 zibil hil zituztela, inoizko gehien gerra hasi zenetik. Aurtengo datuak ere latzak dira: urtarriletik martxora 581 lagun hil dituzte, eta epe berean beste 1.192 lagun zauritu dituzte.

Ameriketako Estatu Batuek eta haien aliatuek, gobernua tartean, pertsona gehiago hil dituzte talibanek eta bestelako talde matxinoek baino. Afganistango armadak eta harentzat ari diren talde armatuek orotara 159 zibil hil dituzte. Nazioarteko koalizioak, berriz, 115 lagun hil ditu, gehienak bonbardaketetan. Talibanek, Estatu Islamikoak eta bestelako talde matxinoek beste 227 zibil hil dituzte, eta beste 49 su gurutzatuan hil dira. AEBek 2001ean abiatutako okupazioaren ondorioak itzelak dira.

Tadamichi Yamamotoren hitzetan, hildako zibilen kopurua «izugarria» da. Unamako buruak, bada, zibilak babesteko eskatu die alde guztiei. Afganistango armadari, berriz, neurriak hartzeko eskatu dio; izan ere, txostenaren arabera, armadak erabateko zigorgabetasunez jokatzen du. Andrea Prasow Human Rights Watch erakundeko ordezkariak ohartarazi du kalte psikologikoak larriagoak direla armadaren erasoen biktima direnengan: «Babestuko dituzten ustea dute, baina kontrakoa gertatu ohi da».

Azpiegitura zibilak dira maiz eraso horien jomuga. Txostenak zehaztu du bonbardaketek hemezortzi eskola suntsitu dituztela. Beste 24 eraso izan dira osasun azpiegituren kontra.

Negoziazioak talibanekin

Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, ugaritu egin dira nazioarteko koalizioak egiten dituen bonbardaketak. Iaz, esaterako, 7.362 bonba jaurti zituen Afganistanen. Dave Butler AEBek Afganistanen duten militarren bozeramaileak, hala ere, kritikak isilarazi nahi izan ditu, adieraziz erantzukizunez ari direla: «Gure operazioetan ahalik eta zehatzen jarduten saiatzen gara». Unamak eraso horiek ikertzeko eta biktimei kalte-ordainak emateko eskatu dio Washingtoni.

AEBak, bestalde, talibanekin negoziatzeko ahaleginean ari dira. 2001eko urriaren 7an abiatu zuten inbasioa, eta, nahiz eta talibanak boteretik hilabeteko epean bota zituzten, azaroaren 12an, ordutik gora egiten ari da erresistentzian ari diren gerrillarien kopurua. Muturreko sunitek okupazioaren ostean galdutako hainbat eskualde berreskuratu dituzte, tartean hainbat eskualdetako hiriburuak. Helmand eta Kandahar eskualdeak kontrolpean dituzte erabat.

Talibanekin negoziazioak sustatzeko ahalegin guztiak hutsalak izan dira orain arte. Zalmay Khalilzad AEBen Afganistaneko ordezkari bereziak mezua bidali die talibanei, adieraziz aurten «bakearen urtea» izan behar dela: «Afganistango herriak aski indarkeria izan du, eta gerra amaitzea nahi du». Berez, negoziazio prozesua martxan da, baina apenas eman duten aurrerapausorik. Zabihula Muyahid talibanen bozeramaileak berretsi du hizketan ari direla; Qatarren elkartu ziren nazioarteko ordezkariekin, baina ez gobernukoekin. AEBek, Errusiak eta Txinak, alde horretatik, ohar bateratu bat kaleratu dute, zehaztuz prozesua babesten dutela eta talibanei eskatuz gobernuko ordezkariekin elkartzeko.

Afganistanen loya jirga herri batzarra abiatuko dute astelehenean, bake prozesuaz aritzeko. Herrialdeko hainbat alorretako 2.000 ordezkarik hartuko dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.