Italiako Giroa

Tramite hutsa izan da

Lopez ez beste hautagaiak batera helmugaratu dira Giroko 19. etapan. Chavesek helmugaraino eraman du ihesaldia. Gaur erabaki liteke lasterketa

Tramite hutsa izan da.
enaut agirrebengoa
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Indartsuenen arteko su-etena izan zen atzo Italiako Giroan. San Martino di Castrozza bigarren mailako mendatean zegoen helmuga, baina faborito gehienek aurkarien gurpilean irautea deliberatu zuten. Horretan zerikusia izan zuten azken igoeraren ezaugarriek: ez zen laburra (13 km), baina bai oso etzana (%5,6); hortaz, oso zaila zen zuhaitza gogor astintzea. Gainera, askok gaurko etapa erabakigarria izango zuten gogoan. Miguel Angel Lopez (Astana) izan zen indarrak xahutzeko erreparorik izan ez zuen bakarra, eta ahaleginak 44 segundoko saria ekarri zion. Gainontzeko faboritoek zuhurtzia handiz jokatu zuten. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) mugimendu herabea egin zuen, Vincenzo Nibali (Bahrain) ez zen saiatu ere egin, eta Richard Carapazek (Movistar) ez zuen mehatxurik sentitu. Alboan izan zuen Mikel Landa (Movistar), leial.

Zirrara gehiago izan zuen etaparen lehiak. Ihesaldia bederatzigarrenez heldu zen helmugara, eta, atzokoan, Esteban Chavesi (Mitchelton) egokitu zitzaion besoak altxatzea. Aspaldi galdutako irribarrea marraztu zitzaion aurpegian kolonbiarrari. 2016an, Giroko eta Vueltako podiumak zapaldu zituen, baina, azken bi urteetan, hamaika buruhauste bizi izan ditu, arazo pertsonalak eta osasun arazoak tarteko. Iazko Giroan etapa bat irabazi izanagatik, burumakur jarraitzen zuen. Bada, atzo barrua askatu zuen. Oihuka ospatu zuen garaipena, eta, gero, hitzez islatu zuen harturiko arindua. «Zoriona besterik ez dut sentitzen; oso zama handia kendu dut gainetik. Lana gogor egitearen saria jaso dut».

Bizitza «erasotzea eta erasotzea» dela adierazi zuen Chavesek, eta halaxe irabazi zuen. Hura zen igotzailerik onena hamabi laguneko ihesaldian, eta, saiatuaren saiatuaz, bere legea ezarri zuen. Behin eta berriz ahalegindu zen tartea ireki eta helmugarako bidea bakarka egiten, baina ondo itsatsi zitzaizkion Françoise Bidard (AG2R) eta Pieter Serry (Deceuninck). Indarrez husten ari zen kolonbiarra, eta ordaina jaso zezakeen halako batean. Aitzitik, 2,7 kilometrora eraso bizia egin, eta orduan ezin izan zuen inork jarraitu. Hala, asteazkenean bigarren izan ondotik, mugarri gisa balio diezaiokeen garaipena lortu zuen Chavesek. Eta, bide batez, apaindu egin zuen Mitchelton taldearen Giro apala. Atzo arte, etaparik irabazi gabea zen.

Mendiko etapa izan arren, ihesaldian ez zuten ia inor sartu liderren taldeek. Astanako Manuele Boaro izan zen salbuespena. Finean, ibilbideak ez zuen talde estrategiarako lekurik uzten: soilik amaierako mendatean egin zitekeen min, eta gehiegi ere ez. Buruz buruko lehiarako aukera zegoen soilik, eta oilarrek gaurko etapa handirako utzi zuten zalaparta. Carapaz iritsiko da lider, Nibali 1.54ra eta Roglic 2.16ra dituela. Landa laugarren dago, 3.03ra.

Azken traka

Ausartentzako etapa da gaurkoa. Carapazen aurkariek 194 kilometro eta bost mendate izango dituzte ekuadortarra jokoz kanpo uzten saiatzeko; lehen mailako bi eta bigarren mailako hiru. Ikusteko dago noiz hasiko den eraso festa. Azken 20 kilometroetan, Croce D'Aune (11,2 km eta %5,3ko pendiza) eta Monte Avena (6,4 km eta %7,7) igoko dituzte, baina ordurako agian beranduegi izan liteke. Horien aurretik igoko duten Passo Rolle, berriz, etzanegia da (10 km eta %4,6). Hori horrela, Passo Manghen gogorrean (21,3 km eta %7,5) lehertu liteke lasterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.