Donostiako Klasikoa

Bi tropelekin, hobeto

Historian aurrenekoz, emakumezkoen Donostiako Klasikoa jokatuko da gaur, gizonezkoenaren aurretik. Van Vleuten eta Alaphilippe dira faboritoak

Bi tropelekin, hobeto.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Julian Eraso Euskal Herriko Itzuliko eta Donostiako Klasikoko zuzendariak «zor historikoa» aipatu zuen duela urtebete. Probek emakumezko txirrindulariekiko izandako jarrera salatu nahi izan zuen, bere burua ere zor horren errudunen barnean sartuz. Egun hartan, makineria martxan jarri zen 2019an emakumezkoen Klasikoa joka zedin, eta gaur gorpuztuko da, hamabi hilabete geroago. Bi tropelek gurutzatuko dute Donostia, eta bietan mundu mailako izarrak ariko dira. Bietan, izan ere, parte hartzea luxuzkoa da.

Anakronikoa dirudi, baina lehen eta 39. aldiak jokatuko dira aldi berean. Zor horren zamaren pisua da 38 urteko aldea. 1985ean, Donostiako Klasikoak emakumezkoen kriterium bat antolatu zuen gauez, baina salbuespen bat izan zen historian. Ez zen errepikatu. Hala ere, bertan aritu ziren parte hartzaile batzuek eta emakumezkoen euskal txirrindularitzaren historiaren hainbat aitzindarik omenaldia jasoko dute gaur, podiumean. Alboan Markel Irizar (Trek) izango dute, hamasei urteko ibilbidearen ondoren gaur hartuko baitu erretiroa.

Lehenbizi emakumeen lasterketa abiatuko da, emakumezkoen zein gizonezkoen mailan jokatzen diren klasiko handi guztietan bezala. 10:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik, eta 13:30etarako bukatzea espero da. Antolatzaileek 127 kilometroko ibilbide gogorra diseinatu dute, igotzaileentzat aproposa, eta, gizonezkoen azken urteetan bezala, litekeena da Murgilko igoeran erabakitzea.

Faboritoen zerrendan Mitchelton-Scott taldeko kideak nabarmendu behar dira. Annemiek Van Vleuten Italiako Giroko irabazlea eta Amanda Spratt dira hautagai nagusiak. Haien lanak zailtzeko ardura, aldiz, Asleigh Moolmanek (CCC), Soraya Paladinek (Ale Cipollini) eta Ane Santestebanek (Rotor) izango dute. Errenteriarrarentzat ibilbide egokia da, eta primeran ezagutzen du. Euskal ordezkariei dagokienez, Movistarrek Lourdes Oiarbide eta Eider Merino izango ditu, eta bertan izango dira Bizkaia-Durango eta Sopela taldeak.

Podiumean elkarrekin

Gizonezkoen lasterketa 11:32tan hasiko da, eta, faboritoen zerrenda osatzean, izen bat nabarmendu behar da: Julian Alaphilippe (Quick Step). Iaz berak irabazi zuen; Euskal Herrian ia beti jarduten du ondo, eta Tourrean pedal kolpe ikusgarria erakutsi du. Hari aurre egiteko hautagai nagusiak azken urteetan Klasikoan ondo ibilitakoak gogoratu behar dira: Bauke Mollema (Trek), Yates anaiak (Mitchelton), Mikel Landa (Movistar) Tony Gallopin (ALM)... Eta Egan Bernal (Sky). Tourreko irabazlea irteeran izango da, iazko erorikoaren arantza ateratzeko asmoz. Euskadi-Murias ere egongo da, eta, ondo bidean, zalaparta sortuko du. Gizonezko eta emakumezko irabazleek diru sari berak jasoko dituzte, eta, lasterketen ondoren, sariak banatzeko ekitaldi bateratua izango dute podiumean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.