Biak, nork hautsiko

Athletic eta Reala berdinduta iritsi dira derbira. Txuri-urdinek azken hirurak irabazi dituzte. Zuri-gorriek hamabost partida daramatzate ligan etxean galdu gabe

Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Beti dira bereziak Athleticen eta Realaren arteko derbiak. Partida biziak izan ohi dira, lehiatuak, eta gaurkoa sasoi hasieran izateak ez du ezaugarri hori ezabatuko. Bi taldeak berdinduta iritsi dira ligako hirugarren jardunaldira. Launa puntu dituzte sailkapenean, eta berbera dute sartutako eta jasotako golen kopurua: bi egin dituzte, eta bakarra jaso.

Jokoan diren hiru puntuak eskuratu eta berdinketa hori haustea dute helburu zuri-gorriek eta txuri-urdinek gaur iluntzean, San Mamesen. Horretarako, nor bere aldeko estatistikei eutsi nahian ariko da. Athleticek hamabost partida daramatza ligan etxean galdu gabe, eta horri jarraipena eman nahi dio Realari irabazita. Hain justu, donostiarren aurka galdu zuten azkeneko aldiz, iragan urrian, aurreko sasoiko lehen itzuliko norgehiagokan (1-3).

Realak, berriz, bilbotarren aurkako bolada onari eutsi nahi dio. Imanol Alguacilen taldeak joan zen sasoiko bi partidak irabazi zizkion Athletici, eta asmo berarekin joango da Bilbora. Azken hiru derbietan nagusi izan dira txuri-urdinak, eta inoizko boladarik onena berdindu dezakete gaur hiru puntuak eskuratuta.

Azken hiru derbietan nabarmendu egin da Mikel Oiartzabal, gola egin baitu guztietan. Okerrik ezean, gaurkoan ere hasieratik ariko da eibartarra. Imanolek eskura ditu jokalari gehienak, eta litekeena da aurreko bi jardunaldietan ezarritako hamaikakoa errepikatzea. Prestatzaile oriotarrak garaipena besterik ez du buruan: hala ere, Athletic faboritotzat jo du, «etxean» ariko delako eta hamabost partida daramatzalako ligan etxean galdu gabe. Baina hori esan eta berehala gogoratu zuen Reala izan dela San Mamesen irabazi duen azken taldea. «Irabaztera goaz, eta jokalariak sinetsita daude emaitza ona lor dezakegula».

Helburu bera du Garitanok ere: irabaztea. «Partida berezia da, eta guztiok nahi dugu irabazi. Etxean ariko garra, eta indartsu sentitzen gara. Hala ere, oso neurketa zaila izango da, aurkari handia izango baitugu. Oso ondo egin beharko ditugu gauzak nagusitzeko». Athleticen, osatu egin da Iñigo Cordoba, eta jokatzeko aukera izan lezake, baita Iñigo Martinezek eta Unai Lopezek ere. Bi prestatzaileek dituzten baliabide guztiak jarriko dituzte irabazteko; derbiaren karga sinbolikoa eta berdinketa haustea dituzte saritzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.