Disidentzia kalifaren lerroetan

Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministro ohiak Recep Tayyip Erdogan presidentearen alderdia utzi du. Ali Babacan AKPren sortzaileetako batek aste honetan erran du bertze alderdi bat sortuko duela

Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministro ohia, atzo, Ankaran, erabakiaren berri ematen. STR / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Recep Tayyip Erdoganek hamazazpi urte egin ditu Turkiako agintari goren gisa. 2015etik gaurdaino, gainera, are gehiago handitu du boterea, konstituzioa erreformatu eta Turkian sistema presidentzialista zorrotz bat ezarrita, estatuburuaren esku utziz botere erabakigarri anitz. Lider solido eta gogor gisa nabarmendu da, bai etxean, bai nazioartean, eta eragile erabakigarria bihurtu da, bertzeak bertze, Europako eta Ekialde Hurbileko politikan. AEBak, EB Europako Batasuna, Errusia... Aldi berean guztien bazkide eta buruko min bihurtu da Erdogan urteotan. Neotomanismo erran zaio Erdoganen nazio proiektuari, Otomandar Inperioa zenaren eragina eta zabalkundea berreskuratu nahi dituelakoan, aitzineko kalifen pare. Baina urte zaila darama presidenteak, Istanbulgo udal hauteskundeetan AKP Justizia eta Garapena Alderdiak jasan zuen galera kolpe handia izan baita, eta horrek azkenean arrakala bat azaleratu du islamisten artean.

Disidentziarako pausoa eman duen azken pertsonaia ez da nola-nahikoa, nahiz eta erabakia ez den ezustekoa izan: Ahmet Davutoglu lehen ministro ohi eta Atzerri ministro izandakoak atzo jakinarazi zuen AKP utzi duela. «AKP urrundu egin da gure nazioaren bihotzean kokatu zituzten balioetatik», adierazi zuen atzo Ankaran eman zuen prentsaurreko batean. «AKPren administrazioa errealitatetik eta arrazoiketa osasuntsuetatik urrundu da».

Erdogan boterera ailegatu zenetik, Davutoglu haren gobernuen pertsonaia nagusietako bat zen, eta nazioartean ezaguna zen, hura Atzerri ministro zenean (2009-2014) aldatu baitzen Turkiaren atzerri politika —Zero arazo bizilagunekin doktrinatik Sirian esku hartu eta Ekialde Hurbilean erreferente bihurtzeko helburura—. 2014an, gobernuaren eta AKPren buruzagitza eman zizkion Erdoganek, lider islamistak presidentetzarako jauzia egiteko. 2016ko maiatzean, ordea, Davutogluk dimisioa eman zuen bi karguetatik, Erdoganekin desadostasunak zituelako presidentetzari botere gehiago eman eta gobernua haren mende paratzearekin. Ordutik, guztiz hondatu da bien arteko harremana, eta jendaurrean kritikak egin izan dizkiote elkarri.

Duela 11 egun, Davutoglu eta bertze hiru diputatu ohi zigortu ala ez aztertzen hasi zen AKPren diziplina batzordea, baina emaitza jakin aitzinetik alde egitea erabaki du lehen ministro ohiak.

«Mugimendu berri bat»

Erdoganek ospe handia du, eta ikusteko dago disidenteek babes hori higatuko ote duten. Baina erronka egin diote. Ali Babacan AKPren sortzaile eta lehen ministrorde izandakoak (2009-2015) iragan uztailean utzi zuen alderdia, eta aste honetan adierazi du bertze bat sortzeko asmoa duela. Abdullah Gul presidente ohia (2007-2014) eta AKPren bertze sortzaileetako bat izandakoa batu zaio. Davutogluk atzoko agerraldian erran zuen «mugimendu politiko berri bat hasteko tenorea» dela.

Istanbulgo Udala galtzea kolpe handia izan da Erdoganentzat, eta haren altzairuzko agintea beratzeko zirrikitu bat ireki dio horrek oposizioari. Kurdistango gatazkan errepresioaren bidea sakontzea eta eskubide zibilak mugatzeko neurriak hartzea izan da Turkiako presidenteak oposizioa ahultzeko hartu duen estrategiatako bat azken urteotan, disidentzia ekintzak «terrorismo» gisa izendatuta. Horren biktima izan ziren Cumhuriyet egunkariko hamalau kazetari eta langile. Bada, Helegiteen Auzitegi Gorenak horietako hamahiru askatzeko agindu zuen herenegun, frogatutzat jo ondoren ez direla errespetatu haien eskubide prozesalak, eta epaiketa errepikatzeko agindu zuen. Auzitegi batek urtebete eta zazpi urte arteko espetxe zigorra ezarri zien iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.