Pentsioen aldarria Madrilen

Pentsiodunek manifestazio jendetsua egin dute Madrilen, eta euren eskaerak erregistratu dituzte Espainiako Kongresuan. Abenduaren 16an mobilizazio handi bat egingo dutela aurreratu dute

Milaka pentsiodun Espainiako Kongresuaren atariraino iritsi ziren, atzo. CHEMA MOYA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Eta orain zer? Zerbait pentsatuko dugu; horretarako denbora sobera daukagu, erretiratuta baikaude». Txantxa modura, gisa horretan erantzun du Javi Martinez pentsiodunak emango duten hurrengo pausoa zein izango den galdetzean. Bilbotik Madrilerako bidea oinez egin du pentsiodun talde batek hiru astean, eta asteartean Andaluziako Rota herritik (Espainia) abiatutako beste martxa batekin elkartu zen. Atzo, manifestazio jendetsua egin zuen pentsiodunen mugimenduak, eta pentsio duinen eskaria Espainiako Kongresuaren atariraino eraman zuten. Martxa amaituta eta manifestazioa eginda, helburua beteta itzuli dira etxera ibilaldian parte hartu duten pentsiodunak. «Apur bat nekatuta, baina pozarren gaude».

Hego Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik eta Espainiatik 115 autobus bete pentsiodun iritsi ziren Madrilera mobilizazioan parte hartzeko. «Aurretik antolatuta zegoen manifestazioa zen, baina asteleheneroko kontzentrazioak arreta gutxiago jasotzen ari ziren hedabideetan, eta zerbait deigarriagoa egiteko beharretik sortu zen martxa egiteko ideia; martxa hori mobilizazio honekin batu genuen». Martinezen arabera, beraz, aurrez planifikatu gabeko zerbait izan zen Bilbotik abiatutako martxaren ideia, baina arreta mediatiko handia lortu dute bidean. Baita elkartasuna ere, eta horrek asebete du batez ere bere gogoa. Atzoko mobilizazioko pankarta ere eurak eramateko eskatu zioten Espainiako pentsiodunen mugimenduko ordezkariek, egindako ahalegina eskertzeko: «Protagonismoa ez da gurea izan, ordea».

Protagonismoa beste adierazpen batzuek hartu zuten, izan ere. Mobilizazioaren bezperan Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak proposamena egin baitzuen: 2020an pentsioak %0,9 igo nahi dituela esan zuen, horretarako botoak lortuz gero. Europako Batzordera igorritako 2020rako aurrekontu planean aipatu zuen asmo hori, eta manifestazioa abiatu aurretik erantzun zioten pentsiodunek: «Ez dugu onartzen %0,9ko igoera; KPI errealaren araberakoak bakarrik onartuko ditugu; garbi eduki dezatela hori politikari guztiek».

Mugimenduaren aldarrikapenak biltzen dituen dokumentua erregistratu zuten ostera Espainiako Kongresuan, eta Sanchezek jasotako erantzuna bere egin zuen Twitter bidezko mezuan: «Pentsiodunen aldarrikapenak justuak dira, eta gure konpromisoa da pentsioak KPIaren arabera eguneratzea». Adierazpen horiek ontzat hartu ditu Martinezek, baina argi utziz jarduneko presidenteak ez duela ezer berririk proposatu: «Pentsioak KPIaren arabera eguneratu dira beti; hala izan zen Rajoyk %0,25 igo zituen arte. Horregatik, argi eta garbi diogu, Sanchezek egin dezakeen igoera hori ez da opari bat; eskertzen den keinua da, hala ere».

Pentsioen igoera bermatzeko, neurri gisa Espainiako Konstituzioan txertatu beharko litzatekeela ere aldarrikatu zuten manifestazioan, eta Sanchezek ere ontzat hartu zuen neurria. Baina gainerako neurriei erantzunik ez zien eman: pentsiodunen pentsioak gutxienez 1.080 eurokoak izatea, eta gizonen eta emakumeen arteko ordainaren arrakala amaitzea, baita 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera uztea ere, besteak beste. Proposamen horien inguruko erantzunik ez zen izan atzo.

Sanchezek pentsiodunen agenda osoa bere ez zuen egin, eta manifestariek beren aldarriak entzunarazi zituzten Madrilen. Puerta del Sol plazatik abiatu ziren milaka pentsiodun, eta Martinezek esan du une batzuetan «ez atzera ez aurrera» egon zirela. «Itzela izan da elkartasun uholde hau ikustea; astelehenero milaka herritan batzen ari gara pentsio duinak eskatzeko, eta, orain, hauteskundeetatik ateratzen den gobernuak jakin beharra dauka gure eskaerei erantzun behar diela». Aurrerantzean, azken bi urteetan bezala, astelehenero batzen jarraituko dute, eta abenduaren 16an mobilizazio gehiago egingo dituzte. «Oraindik ez dakigu zer itxura hartuko duen, baina aurretik egin ditugun manifestazioetan bezala, jendetsuak izatea espero dugu». 2018ko urtarrilean lehen kontzentrazioak egin zituztenetik geratu ez den mugimendua baita oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.