Athletic 1-0 Granada

San Mamesek eman dio berea

Athleticek irabazi egin dio Granadari Espainiako Kopako finalerdien joanekoan, baina abantaila handiagoa hartzeko aukera izan du. Epaileak Capari baliogabetu dion gol batek eztabaida sortu du

Unai Nuñez, Iñaki Williams eta Iker Muniain gola ospatzen, atzo, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Muniainek (42. min.). Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Athleticeko Dani Garciari, Iñaki Williamsi eta Adurizi; eta Granadako Victor Diazi eta Soldadori. Bestelakoak: 48.109 ikusle San Mamesen.

Athleticek Granadak baino hurbilago du Espainiako Kopako finala, baina atzoko partida ikusi ondoren, Los Carmenesko itzulerakora abantaila handiagoarekin ez joatearen pena edukiko dute zuri-gorriek. Izan ere, bizkaitarrak nagusi izan ziren, eta partidaren minutu gehienetan haien joko zuzen, bizkor eta azkarrak gainezka egin zien espainiarrei. Athleticek hiru gol sartu zituen, baina epaileak horietako bakarra eman zuen ontzat, Iker Muniainek lehenbiziko zatian sartu zuena. Partidaren bukaeran, horixe eman dio San Mamesek Athletici: gol bateko abantaila, Sevillako finalerantz.

Bizkaitarrak erritmo bizian hasi ziren, baina lehenbiziko ordu laurdenetik aitzinera lortu zuten Granada mendean hartzea. Iker Muniainek behar adina toki aurkitu zuen zelai erdian eroso mugitu eta pase egokiak aurkitzeko, Ander Capa eta Yuri Berchiche etengabe ailegatu ziren espainiarren area bazterreraino bi hegaletatik, eta nabarmentzekoa izan zen Raul Garciaren eta Iñaki Williamsen lana. Nafarrak bizkarrez jaso zituen makina bat baloi kontrolatu, eta pase arriskutsu bilakatu zituen, eta Williamsen lasterkaldiak amesgaizto bat izan ziren Granadako atzelarientzat.

Hogei minututan Granadak ia ez zuen baloirik ukitu eta ez zuen zelai erdiko marra gainditu, eta Athleticek hagitz joko ona landu zuen: bizkorra, zuzena, eta ongi korapilatutako paseekin. Horrela, aukera eskerga bat sortu zuen Williamsen, Mikel Vesgaren eta Yuriren jaurtiketekin, baina ez zuen asmatu.

Lehenbiziko zatiaren azken hamar minutuetan Athleticek erritmo ezin biziago hori jaitsi egin zuen, baina, jokoaren paradoxak, tarte horretan egin zuen gola: Williamsek pase luze bat kontrolatu zuen, zuzenean sartu zen arean, eta Muniaini pasatu zion baloia, hark gibeletik etorrita atera errematatzeko. 42. minutua zen, eta kolpe handia eman zion Granadari. Lehenbiziko zatiak albiste txar bakarra utzi zion Athletici: Dani Garciaren txartela horia, Los Carmenesko itzulerako partida galduko baitu.

Bigarren zatia hasi eta berehala epaileak baliorik gabe utzi zuen Yerayren gol bat, falta bat atera ondoren, bortz jokalari zuri-gorri jokoz kanpo zeudelako. Granadari ikara pasatu zitzaionean, baloiaz jabetu zen, erasoan gehiago arriskatzeko beharra sortu zitzaiolako. Athleticek patxadaz eutsi zion, eta jarreraz aldatu zuen: gibelean eutsi, eta kontraerasora bizkor atera. Sekulako mina egin zion horrek Granadari.

Eta horrela egin zuen Ander Capak bigarren gola, area kanpotik jaurtita Yuriren pase bat jaso ondoren. Hernandez Hernandezek, ordea, VARaren ikuskapenaren ondoren gola ez ematea erabaki zuen, Williamsek, jokoz kanpo zegoela, Rui Silva atezainaren mugimendua baldintzatu zuelakoan, nahiz eta baloia ez ukitu. San Mamesko zaleak sutu zituen erabaki horrek. 60. minutua zen.

67.ean, Gaizka Garitanok Aritz Aduriz atera zuen zelaira Raul Garciaren ordez. Ikusleek txalo zaparrada batekin hartu zuten donostiarra, Kopan San Mamesen jokatu duen azken partida baita. Bitxikeria bat ere utzi zuen estatistiketarako, zelaira atera eta zortzi segundo eskasera txartel horia atera baitzion epaileak, falta bat egin zuelako.

Jokaldiak ezin ongi bukatu

Granadak zerbait egin nahi zuen, baina Athleticeko defentsen harresiarekin topo egin zuen etengabe, eta zuri-gorriak kontraerasoan ia nahieran atera ziren. Norgehiagoka bukatzeko zazpi minuturen faltan, andaluziarrek bi erremate on egin zituzten, baina Unai Simonek Carlos Nevaren areaz kanpoko jaurtiketa eta Maxime Gonalonsen burukada bat gelditu zituen. Athletic erraz ailegatu zen arearaino, baina ez zituen jokaldiak taxuz bukatu. Horren ondorioz, gol bakarreko aldearekin joanen da Granadara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.