Turkiak eta EBk aztertuko dute ea bete duten migrazio akordioa

Erdogan Bruselan izan da, talde komunitarioaren buruzagiekin bildu eta 2016ko itunari buruz aritzeko. Michelen arabera, azterketak balioko du jakiteko ea Ankara eta Brusela «orrialde berean» dauden

Erdogan Turkiako presidentea eta Michel Europar Kontseilukoa atzo, Bruselan, bilkura hasi aurretik. O. HOSLET / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Babes politikoa, militarra eta dirua, diru gehiago. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Europako Batasunaren (EB) bihotzera eraman ditu bere eskariak, negoziazioetarako posizio indartsuan dagoela jakinda, eta talde komunitarioari presio egiteko helburu argiarekin. Turkiako presidenteak badaki hizketek luze iraungo dutela, eta Greziako eta Siriako mugetan dituen migrazio fluxuen auzia ez dela berehala konponduko; hori bai, Erdoganek badaki irabazteko gehiago duela galtzeko baino, eta jarrera hori agerian utzi zuen atzo Bruselan. Hitzorduak, Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearen arabera, Turkiako presidentearen «jarrera argitzeko» balio izan zuen; inork ez zuen emaitza praktikorik espero. Hala gertatu zen, baina bi aldeek lehen pausoa emateko ados jarri ziren: 2016ko migrazio akordioa bete ote duten aztertuko dute «datozen egun eta asteetan». Josep Borrell EBren diplomaziaburua eta Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroa arduratuko dira horretaz.

Turkiako presidenteak ez zuen inor engainatu nahi izan Bruselan, Michelekin, Ursula von der Leyen Europako Batzordekoarekin eta Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiarekin izan zituen bilkuretan. Izan ere, ezpataren eta paretaren artean jarri ditu talde komunitarioko agintariak, eta hori argi uzteaz arduratu zen: «Berehalako babesa nahi dut, eta aliatuek baldintza politikorik gabeko elkartasuna adierazte. Siriako muga NATOren muga da. Europako ezein herrialdek ez du axolagabe jokatzeko luxurik», adierazi zuen Erdoganek Stoltenbergekin batzartu ostean.

Jarrera hori gogorra da EBrentzat, baina Europar Kontseiluko presidenteak adierazi zuen «elkarrizketa politikoei» eutsiko dietela. Michelen arabera, agintariek herrialde horri aitortu zioten 2016tik hona izan duen «pisua eta lana», eta elkarrizketekin jarraitzeko konpromisoa berretsi zioten: «Lehen pausoa izan da, espero dut norabide onean doan pausoa. Oraindik lana dago, eta akordioa aztertzeak balioko du zehazteko etorkizunean nola egin dezakegun aurrera. Gainera, orrialde berean gauden jakiteko balioko du».

Siriatik Europara, Turkiatik

Erdoganek 2016ko migrazio akordioa berritzea du helburu, eta atzoko hitzorduak baliatu zituen baldintza eta termino berriak finkatzeko. Duela lau urteko hizketetan, Ankarak 6.000 milioi euroko laguntzak lortu zituen, eta, besteak beste, baita Turkia estatu kide bilakatzeko negoziazioen parte batzuk berriz abiatzea ere; trukean, Turkiako presidenteak zin egin zuen EBrako migrazio fluxua etengo zuela, eta Turkiako lurretan geratuko zirela 3,7 milioi errefuxiatu. Ordea, hasiera-hasieratik agerian geratu zen luzera begira Bruselak izango zuela gehiago galtzeko Ankarak baino.

Orain, Siriako gerrak eragin du Turkiako presidentearen jarrera aldaketa. Baxar al-Assad herrialde horretako presidenteari ipar-mendebaldeko Idlib probintziaren kontrola berreskuratzea falta zaio garaipena aldarrikatzeko, etaurte honetan areagotu egin ditu Idliben gotortuta dauden matxino islamisten aurkako erasoak. Turkia 2017an sartu zen gerran, eta probintzia horrekin duen muga baliatu zuen matxino islamistekiko babesa lurretik indartzeko; ordea, horrek ez zuen Damaskoren erasoaldia eten, eta aurten Siriako armadak Turkiaren hirurogei bat soldadu hil ditu —aurrez aurreko liskarrak ere izan dituzte—. Gatazka horrek beste migrazio fluxu bat eragin du —milioi bat laguneko kopurua aipatu dute agintariek, eta zibilek EBko estatu kideetara iristeko Turkiatik pasatzea erabaki dute, hurbilen dagoen muga da eta.

Testuinguru horretan kokatzen dira Erdoganen mehatxuak: «Turkia bederatzi urtez borrokatu da Siriatik etorri diren mehatxuen eta arriskuen kontra.NATOko herrialde bakarra gara aurrez aurre borrokatu dena Estatu Islamikoaren aurka. 3,7 milioi errefuxiatu ditugu. Horregatik espero dugu gure aliatuen babes zehatza, Turkiak bakarrik eta neke handiarekin egin duenaren ostean», ohartarazi zuen atzo Stoltenbergekin batzartu ostean.

Erdoganek lehen erabaki praktikoa hartu du, negoziazioetan presioa egiteko eta bere indarra erakusteko balio izan diona: otsail amaieran, Turkiak Greziarekin duen muga irekitzeko agindu zuen.

Egoerak beltza dirudien arren, Europako Batzordeko presidentea pozik agertu zen «komunikazio lineek irekiak» jarraitzen dutelako: «Migratzaileek babesa behar dute, Greziak babesa behar du, baita Turkiak ere. Desadostasunak ditugu, baina elkarrizketa ona eta eraikitzailea izan da. 2016ko itunak oraindik balio du; betetzeko falta diren puntuez aritu gara».

Meniaren menpe

Migrazio fluxua eta Idlibeko liskarrak gelditzeko asmoz, Erdoganek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak su-eten malgua adostu zuten joan den asteazkenean. Errusiak Siriako presidentea babesten du, eta Damasko babestu du Idlib probintzia eskuratzeko abiatu duen erasoaldian. Menia horrek beste errefuxiatu uholde bat sortzea eragotzi beharko luke, baina Turkiako eta Greziako mugetan harrapatuta dauden dozenaka mila iheslarien auziak bere horretan jarraitzen du, eta horregatik izan zen Erdogan atzo Bruselan.

Erdoganekin bildu aurretik, talde komunitarioak erabaki zuen 60 milioi euroko diru sail bat eratzea, Siriako probintzia horretara «laguntza humanitarioa» bidaltzeko. Idliben errefuxiatuentzako «eremu babestu» bat eratzeko proposamena ere aztertu zuten Europako Atzerri ministroek, baina ez zuten aukera horri buruzko neurririk adostu.

Mugaren beste aldean, Grezian, Notis Mitarachi Migraziorako eta Asilorako ministroak herenegun adierazi zuen eten egin dituztela asiloa eskuratu duten migratzaileei ematen dizkieten diru laguntzak. Neurriak hilabete iraungo du, asiloa eskatzeko eskubideari ezarritako blokeoak adina: «Lan egin beharko dute bizitzeko. Horrela lortuko dugu gure herrialdea migrazio fluxuentzat erakargarria ez izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.