Filipinetako Gobernuak hamalau egunera luzatu du kargurik gabeko atxiloaldia

Ustezko delitugileei entzuketak egiteko aukera ematen du araudi berriak. NBEk gaitzetsi egin ditu Duterteren droga trafikoaren kontrako politikak

Hainbat preso Manila hiriburuko espetxe batean. MARK R. CRISTINO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Filipinetako presidente Rodrigo Dutertek presazkotzat jo zuen «Terrorismoaren Aurkako Legea» erreformatzea, eta estu hartu zuen legebiltzarra lanean has zedin. Baita lortu ere. Parlamentuak atzeratu egin behar izan du pandemiatik irteteko laguntza ekonomikoak aurreikusten dituen araudia, atxiloketak erraztea ahalbidetzen duena azkartzeko. Hala, estatuburuak legea berretsitakoan, Filipinetako Poliziak entzuketak egin ahal izango dizkie ustezko delitugileei, baita haiek atxilotu ere epailearen agindurik gabe. Horrez gain, hamalau egunez preso sartu ahal izango dituzte haien aurkako kargurik aurkeztu ez arren.

Filipinetako Giza Eskubideen Batzordeak ohartarazi du neurriak kritikarako eta adierazpenerako eskubideak urratzen dituela, eta nabarmendu du gobernuak ez diela euren irizpideei jarraitu beharko atxiloketaren batean ados ez badaude: «Soilik norbait atxilotzeko asmoa dutela jakinaraziko digute. Gure iritzia ez dute aintzat hartuko. Horrek esan nahi du gobernuarekin kritiko den edonork amaitu ahalko duela espetxean».

Araudi berriaren arabera, «terroristatzat» jo daitezke «ekintza terroristak» egiten dituztenak eta horiei ekintzak antolatzen, prestatzen eta jendea errekrutatzen laguntzen dien edonor. «Horren definizio zabalarekin, segurtasun indarrek edonor atxilotu dezakete, adierazpen askatasuna urratzeaz akusatu gabe», salatu du Batzordeko bozeramaile Jacqueline Ann de Guiak.

Hiltzeko eskumena

Dutertek berak 2016an hasitako «drogaren aukako gerra» gaitzetsi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, eta salatu du milaka hildako eragin dituela, gehienak gizon gazte txiroak. «Poliziek ia zigorgabetasun osoarekin jokatzen dute. Ez dute epailearen agindu baten beharrik miaketak egiteko, eta maiz indarrez behartzen dituzte ustezko delitugileak leporatzen zaiena aitor dezaten», dio txostenak.

Duela lau urte drogen aurkako gerra hasi zutenetik, 8.663 hildako izan dira, gobernuaren arabera kopurua hiru aldiz handiagoa da gobernuz kanpoko erakundeei kasu eginez gero. Hilketa horiekin lotuta, auzitegiek orain arte salaketa bakarra onartu dute Poliziaren aurka aurkeztutako guztien artean. 2017an izan zen: hiru polizia zigortu zituzten 17 urteko Kian delos Santos tiroz hiltzeagatik.

Polizia Departamentuak argudiatzen du «legezkoak» direla atxiloketa guztiak, eta hildakoak droga trafikatzaileekin izandako tiroketen biktimak izan zirela. Txostenak jasotzen duenez, gutxienez 25 kasutan poliziek eurek jarri zituzten ustezko trafikatzaileen aurkako frogak. «Badirudi ohikoa bilakatu dela susmagarrien etxeetan droga jartzea haiek atxilotu ahal izateko. Gobernuko instituzioek sustatzen dute disidenteen aurkako indarkeria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.