«COVID-19ak erakutsi du bi modu daudela herrialdea ulertzeko»

Otegiren ustez, «akidura seinaleak» ematen ari den eredu baten aurrean «ezker subiranista» da soilik «ordena alternatibo bat» bultzatzeko gauza. Urkulluk autogobernua defendatu du

Arnaldo Otegi, atzo, Tabakaleran emandako hitzaldian. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Iraganak etorkizunik ez duela iruditzen zaio Arnaldo Otegiri. «Akidura seinaleak ematen ari da eredua», adierazi zuen atzo EH Bilduren koordinatzaile nagusiak. Horregatik, «ordena alternatibo bat» eraikitzeko unea dela pentsatzen du. «Ezker subiranistak ez badu egiten, inork ez du egingo. Metroak, erraustegiak eta autobiak egiten dituztenek, horiek ez dute herrialdeko ekonomia karbonogabetuko, ezin dutelako, haien eredua beste bat delako». Eta, uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak gogoan, azken hiru hilabeteetako abaguneari heldu zion, EAJri mezu bat helarazteko: «COVID-19ak erakutsi du bi modu daudela herrialdea eta mundua ulertzeko».

Tabakaleran, Donostian, mintzatu zen, hurrengo hamarkadako erronkei buruzko hitzaldi batean. Besteak beste, EAEko autogobernua izan zuen hizpide. «Berrogei urte behar izan dira estatutua betetzeko». Izurriaren krisian Espainiako Gobernuak izandako jarrera zentralizatzaileari heldu zion jarraian: «Eta minutu batean [estatuturik] gabe geratzen zara. Nola babestuko gara beharrezko tresnak ez baldin baditugu?». Espainiako Kongresuan duten jokabideaz galdetuta, Otegik esan zuen «erantzukizunez» jokatzen ari direla gobernuaren jarduna ez «oztopatzeko, baina, aldi berean, PSOE-UP Unidas Podemos koalizioa «sostengatu» gabe.

Iñigo Urkulluk ere jendaurrean hitz egin zuen atzo, EAJren Batzar Nazionalean, Sabin Etxean. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EAEko autogobernu «sendoa» goratu zuen. «Funtzionatu du jasan dugun krisirik handi eta larrienean». Hauteskunde kanpainarako leloa aurkeztu zuten Bilboko ekitaldian: Euskadi Zutik.

COVID-19aren krisian lehen lerroan egon direnak gogoratu zituen, baita herritarrak ere, ezarri zaizkien «neurri zorrotzak» bete dituztelako. «Talde bat izan gara, eta osasun krisiaren okerrena gainditu dugu. Arrakasta kolektiboa izan da». Hori bai, ohartarazi zuen «batzuek» ez dutela «eraikitzaileak izateko misioa» sentitu.

Andoni Ortuzar EBB Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ekitaldi berean adierazi zuenez, legebiltzarreko oposizioak gainditu ditu «gainditu behar ez ziren» hesiak: «Manipulazioa, alarmismoa... Herritarren bidezko ezinegonarekin jolastu dute gobernuari eraso egiteko».

Gorrotxategi, «tematuta»

Miren Gorrotxategi «tematuta» dago uztailaren 12ko bozen ondoren «aurrerakoien gobernu bat» osatzearekin. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak koalizioak Durangon (Bizkaia) egindako ekitaldi batean atzo azaldu zuenez, azkeneko Soziometroaren datuek erakusten dute «euskal herritarrek nahi dutela alderdi aurrerakoiek adostasun bat lortzea gobernua osatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.