Eskuz banakako txapelketa

Ezohikoa da goitik behera

Ostiralean ekingo diote banakakoari. Koronabirusa eta Baikoko pilotarien greba direla eta, inoiz baino beranduago hasiko da, eta aspaldiko laburrena eta parte hartzaile gutxienekoa izango da

Ezohikoa da goitik behera.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Hitz batek definitzen du ondoen aurtengo Buruz Buruko Txapelketa: ezohikoa. Ezohikoa da begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola. Ezohikoa da koronabirusaren pandemiagatik lehenbizi, eta Baikoko pilotarien lan gatazkagatik ondoren, ohi baino urte erdi pasatxo geroago hasiko baita. Hori gutxi ez, eta binakakoaren txapelak eman gabe hasiko da.

Ezohikoa da atzerapen horien ondorioz, eta, osasun egoeragatik bertan behera geratzeko arriskua ekiditeko asmoz, ohi baino laburragoa izango da: hilabete eskasean jokatuko da, datozen lau asteburuetan, hain zuzen ere. Ezohikoa da laburragoa izanda ohi baino pilotari gutxiagok hartuko dutelako parte: hamabik, enpresa bakoitzetik seik. 2010etik ez ziren horren gutxi aritu —zortzi izan ziren orduko hartan—.

Ezohikoa da osasun egoera txarrari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak hartutako neurrien ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik jokatuko delako txapelketa, eta gehienez 400 ikusle izango direlako harmailetan —ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotzagoak hartuko dituen—. Eskuz Pilotako Enpresen Ligaren asmoa harmailetan ikusleak egonda jokatzea da, baina hori osasun egoeraren mende dago erabat.

Ezohikoa da, bi urtez frontoietatik kanpo egon ondoren, botileroak egongo direlako berriro: bakarrik enpresa ezberdineko pilotarien arteko partidetan, eta enpresako teknikariak izan beharko dira. Eta ezohikoa da, sakea errestatzeko orduan pilotariak horren atzean egon ez daitezen,pasaren marra zazpitik sei eta erdira aurreratu dutelako. Esandakoa: ezohikoa da begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, eta egoerari egokitutakoa erabat.

Atzo aurkeztu zuten Bilboko Arte Ederren museoan. Hasi, berriz, etzi hasiko da, Ataunen (Gipuzkoa), 19:30ean. Banakakoa estreinakoz jokatuko duten bi pilotari ariko dira elkarren aurka final-zortzirenetako lehenbiziko partidan: Iraitz Zubizarreta eta Dario Gomez. Larunbatean, berriz, Oinatz Bengoetxeak eta Asier Agirrek jokatuko dute Amurrion (Araba), 17:30ean. Igandean, azkenik, bi lehia jokatuko dituzte, Eibarren (Gipuzkoa), 17:00etan: batetik, Jokin Altuna Jon Ander Peñaren aurka; eta bestetik, Erik Jaka Joanes Bakaikoaren kontra. Hasieran, Tolosan (Gipuzkoa) zen jokatzekoa azken neurketa hori, baina bertan behera geratu da.

Ondo bidean, datorren astean jokatuko dira final-laurdenak: Zubizarreta III.a eta Darioren artekoaren irabazleak Iker Irribarria izango luke aurkari; Altuna III.aren eta Peña II.aren artekoarenak, Joseba Ezkurdia; Jakaren eta Bakaikoaren artekoarenak, Mikel Urrutikoetxea; eta Bengoetxea VI.aren eta Agirreren artekoarenak, Danel Elezkano. Finalerdiak, berriz, astebete geroago jokatuko lirateke. Aurten, ez da astebeteko etenaldia izango finalerdien eta finalaren artean, eta hilaren 29an jokatuko litzateke finala, Bilbon. Araudiaren arabera, ez da atzerapenik onartuko, ezta finalarena ere. Finalistetakoren bat lesionatuz gero, finalerdietan tanto gehien lortu zituen galtzaileak ordezkatuko luke.

Pilotariak, gogotsu

Azken aste korapilatsuen ondoren, lehiari ekiteko gogoz daude pilotariak. Hala ere, guztiak azaldu ziren kezkatuta osasun egoerarekin. Haien artean, ziurrenik, Zubizarreta III.ak du pozik handiena: estreinakoz ariko da, profesionaletan debuta egin eta hilabete eta erdi eskas geroago. Etxean jokatuko du, gainera, Darioren aurka. «Atzo [herenegun] esan zidaten jokatuko nuela, eta sekulako ezustea izan zen. Ilusio handia egiten dit, maila handia baitago. Tanto bakoitza gozatzen saiatuko naiz. Badakit oso lehia zaila izango dela Darioren aurkakoa: bizi-bizi jokatzen du, eta zenbait tantotan sufritu egingo dut. Baina hau saria da niretzat, oparia. Duela sei aste norbaitek esan izan balit hemen egongo nintzela, esango niokeen erotuta dagoela. Barruan daukadan guztia emango dut».

Zubizarreta III.aren eta Darioren arteko partidaren irabazleak txapelduna izango du zain: Irribarria. Hura ere jokatzeko «gogoz» dago. «Inportantea da txapelketak jokatzen hastea, nahiz eta ez dakigun nola egongo garen hemendik gutxira. Arraroa da dena, eta prestaketa ere halakoa izan da. Baina ondo nago, gustura aritu naiz azken partidetan, eta garrantzitsuena da ez dudala inolako minik. Helburua betikoa da: txapela irabaztea. Horretarako egiten dut lan. Baina badakigu zer-nolako maila dagoen, eta uda nolakoa izan den: atzetik jokatzen aritu gara. Txapelketa zaila izango da».

Altuna III.a izango da berriz ere haren aurkari nagusietako bat. Hura ere «gogoz eta ilusioz» dago. «Bazen garaia lehiaz hitz egiteko. Guk gogoa genuen, eta pilotazaleek ere bai. Txapelketa polita da, baita irekia ere. Edozeinek eman dezake ezustea. Hala ere, nire faboritoa betikoa da: Iker [Irribarria]. Pasa aurreratu izanak jokoa aldatuko du. Gero eta gehiago zailtzen ari da lehiaketa, eta guk ohitu egin behar dugu».

Irribarriak eta Altuna III.ak ez dute osasun arazorik izan. Bai, ordea, Jakak. «Duda asko izan ditut ea garaiz osatuko nintzen. Aurreko astean itzuli nintzen, eta nahiko ondo sentitu nintzen. Gero eta hobeto ari naiz. Beharko dut, oso gogorra izango baita Joanesen aurkakoa [Bakaikoa]: ez du inoiz etsitzen, eta beti ematen du maila. Gauzak oso ondo egin beharko ditut irabazteko».

Jakak eta Bakaikoak badakite irabaziz gero, Urrutikoetxearen kontra jokatuko luketela. Egun horretara «prest» iristeko lanean ari da zaratamarra. Haren ustez, osasun egoerak «arraroa» bilakatu du txapelketa eta haren inguruko dena. Horregatik, uste du helburuetako batek izan behar duela «pilotazalea erakartzea», eta hori «partida onak jokatuz» lortzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.