Austriak hogei eguneko itxialdia ezarri du pandemiari aurre egiteko

Vienak COVID-19aren aurka txertatzera derrigortuko ditu herritarrak otsailetik aurrera. Eslovakiak berrogeialdian jarri ditu txertatu gabeko herritarrak

Poliziaren kontrola Scharnitzen, Austriako mugan. Txertaketa ziurtagiria eskatzen dute herrialdean sartzeko. PHILIPP GUELLAND / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohar egin zuen: Europa da orain pandemiaren erdigunea, eta azken egunetako datuek berretsi egiten dute hark esandakoa. Estatu gehienak neurri berriak hartzen hasiak dira egoerari aurre egiteko. Austriak hogei eguneko derrigorrezko itxialdia iragarri zuen atzo herritar guztientzat, txertatuta egon zein ez; neurria astelehenean sartuko da indarrean, eta abenduaren 12ra arte luzatuko da txertatuak daudenentzat eta eperik gabe txertatu gabeentzat. «Herritarrek murrizketak bete beharko dituzte hogei egunez, zenbaitek ez dutelako elkartasunez jokatu nahi izan. Eskatzen diet guztiei errespeta ditzatela murrizketak, eta gutxitu ditzatela kontaktuak», esan zuen Alexander Schallenberg kantzilerrak atzo. Horrez gain, iragarri zuen otsailetik aurrera derrigorrezkoa izango dela koronabirusaren txertoa hartzea.

Joan den astelehenetik, berrogeialdian daude txertatu ez diren herritarrak Austrian. Baina horrek ez ditu kutsatzeak moteldu. Gobernuak beste 15.000 kasuren berri eman zuen—bederatzi milioi biztanle ditu herrialdeak—. Azken egunetan, dena den, ugaritu egin dira txertatzeko eskariak, eta dagoeneko herritarren %65ek hartu dituzte bi dosiak —Europako Batasunean herritarren %67k hartu dute txertoa—. Kantzilerrak aitortu zuen ez dutela jakin herritarrak konbentzitzen, baina txertoaren aurka egin duten alderdiei egotzi zien erantzukizunaren zatirik handiena. Horietako bat da FPO Askatasunaren Alderdia, eskuin muturrekoa, zeinak %20ko babesa duen. «Osasun sistemaren aurka» aritzea egotzi zion Schallenbergek FPOri. Eskuin muturreko alderdiko buru Herbert Kicklek—berrogeialdian da, positibo eman ostean— «diktaduratzat» jo zuen neurria, eta manifestazio handi batera deitu du gaurko, ezarritako murrizketen aurka.

Austriarekin mugakide Eslovakiak ere berrogeialdian jarri ditu txertatu ez diren eta gaitza gainditu ez duten herritarrak. Neurria astelehenean sartuko da indarrean. Eduard Heger lehen ministroak azaldu du txertatu gabeak direla erietxeetan dauden gaixoetatik %70, eta ospitale gehienetan jada ez dutela oherik gaixo gehiago hartzeko. Horiek hala, soilik oinarrizko beharrak betetzera atera ahal izango dira etxetik txertatu gabeak. Atzo 2.904 pertsona zeuden erietxean; horietatik 505, larri.

Kezka Alemanian

Alemaniak ere murrizketa gehiago iragarri zituen, eta aurreratu horiek gogortuz joango dela erietxeetako egoeraren arabera. «Oso egoera kezkagarrian gaude. Hau ez zatekeen gertatuko txertatu gabeak gutxiago balira», esan zuen Angela Merkel jarduneko kantzilerrak.

Berlinek iragarri zuen txertatzea derrigorrezkoa izango dela pertsona zaurgarriekin kontaktuan dauden langileentzat —orain arte borondatezkoa zen, eta, beraz, legedia aldatu beharko du gobernuak—. Horrez gain, 100.000 biztanleko sei erietxeratu baino gehiago dituzten eskualdeetan, soilik txertatuak eta gaixotasuna gainditu dutenak sartu ahalko dira eremu publiko itxietan, ez bada oinarrizko beharrak asetzeko —hala daude egun Alemaniako lander gehienak—. Egoerak okerrera eginez gero, txertatuei ere test negatibo bat eskatuko litzaieke aipatu eremuetara sartzeko, eta, hala ere, kasuak gutxitzen hasi ezean, aipatutako eremuak itxiko lirateke.

Datu txarrak dituzte Alemanian. Atzo beste 52.970 kasu jakinarazi zituzten, eta zenbait eskualdetan hasiak dira dagoeneko gaixoak beste erietxe batzuetara bideratzen —pandemia hasi zenetik 5,2 milioi kasu jakinarazi dituzte herrialdean—. Hala ari dira, besteak beste, Bavieran. Adituek neurri zorrotzagoak ere eskatu dituzte, besteak beste gaueko aisialdia bertan behera uztea. Gaixotasunak kontrolatzeko Robert Koch institutuko buru Lothar Wielerrek esan zuen herrialdearen egoera kontuan izanik ez direla nahikoa, eta aholkatu zuen herritarrei eskatzeko «ahal duten neurrian» etxean gera daitezela. Alemaniako Osasun ministro Jens Spahnek berak ez zuen baztertu erabateko itxialdia ezarri behar izatea, eta ohartarazi zuen herrialdea «larrialdi egoeran» dagoela.

Hungariak 11.289 kasu jakinarazi zituen atzo. Viktor Orban lehen ministroaren gobernua ez da neurri zorrotzak hartzearen aldekoa, baina aurreratu zuen gaurtik aurrera maskara derrigorrezkoa izango dela areto itxietan, eta 500 pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldietan txertaketa ziurtagiria eskatu beharko dela. Horrez gain, osasun arloko langileek hirugarren dosia jarri beharko dute.

Europako Parlamentuaren lan moldean ere zuzeneko eragina izan du koronabirus kasuen gorakadak, eta atzo iragarri zuten bertan behera utziko dituztela aurrez aurreko eztabaida eta bozketak, eta hala nahi duten europarlamentariek aukera izango dutela online parte hartzeko. Azaro hasieratik, txertaketa ziurtagiria behar da Europako Parlamentuan sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.