Italiako Giroa

Irekia, gogorra eta xarmanta

Gaur hasi eta hilaren 29ra arte jokatuko da Italiako Giroa. Ibilbidea aproposa da eskalatzaileentzat, mendate asko eta erlojupeko kilometro gutxi izango dituztelako: 26 besterik ez, bi saiotan banatuta

enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Astebeteko lasterketez eta klasikoz bapo egin ondoren, itzuli handiez gozatzeko garaia iritsi da txirrindularitza zaleentzat. Ohi bezala, udaberri betean jokatuko da Italiako Giroa, eta betiko bereizgarriak izango ditu: aurreikusten zaila eta oso menditsua izango da. Zabala da garaipena lortzeko hautagaien sorta, ez baita esloveniarren tiraniarik izango; Giroa etxetik ikusiko dute Tadej Pogacarrek (UAE) eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma). Iazko irabazle Egan Bernalek ere (Ineos) ez du parte hartuko, urte hasieran izandako istripu larritik osatzen ari baita. Hori horrela, askok dute hilaren 29an Veronako podiumera arrosaz jantzita igotzeko ametsa. Lehenago, mendate asko eta oso gogorrak igo beharko dituzte.

Budapesten abiatuko da lasterketa gaur, eta tropela Hungariako lurretan ariko da igandera bitarte. Astelehenean egingo dute lehen etena, maletak hartu eta Italiarantz joateko. «Bidaia gehiegi», esan du Iban Belaskok, Movistarreko kirol zuzendariak (1980, Arrasate, Gipuzkoa). Ulerkor agertu da, halere. «Badakigu negozioaren ikuspegitik garrantzitsua dela beste herrialde batzuetan hastea. Gainera, oso berri ona da, erakusten duelako pixkanakapandemia gainditzen ari garela».

Lasterketak «betiko zigilua» izango duela iruditzen zaio. Uste du urtero legez ezustekoak izango direla. «Tourrean gauzak oso lotuta egoten dira, baina Giroan, beti agertzen dira izen berriak». Halaber, litekeena da sailkapen nagusiko borroka azken astean erabakitzea. «Hasieran egun gogorrak eta lasaiagoak txandakatuko dira. Giroak, normalean, ia dena azken astean pilatzen du. Azken txanpa oso gogorra izango da. Hautagaiek etapa horiek izango dituzte begiz joak».

Alta, lehen egunetan ere ondo aritu beharko dute: gaur maldan gora egongo da helmuga, bihar erlojupekoa jokatuko da, eta asteartean Etna igoko dute bukaeran. «Lehen lau etapetan, ez dugu ikusiko Giroa nork irabaziko duen, baina bai nork ez duen irabaziko. Sasoiko iritsi ez denak sufritu egingo du». Igandean, berriz, zeresana emango du Blockhausek. «Alde handiak egon daitezke. Oso etapa gogorra izango da oro har, eta azken igoerak bakoitza bere tokian jarriko du».

Bigarren astea, berriz, ez da horren zalapartatsua izango indartsuenen artean, hamabosgarren etapa mendatean finituko den arren. «Lehia handia biziko da ihesaldietan, baina liderrak ez dira asko mugituko».Bortitzak izango dira azken etapak. Goldetto di Cadino, Mortirolo eta Valco di Santa Cristina kateatuko dituzte hamaseigarrenean, eta, hala, 5.500 metroko desnibela pilatu. Hamazazpigarren etapa ere malkartsua izango da, eta zer esanik ez hogeigarrena, San Pellegrino, Pordoi aurtengo mendaterik garaiena eta Marmoladako igoerekin. «Orduan bai, benetako Giroa ikusiko dugu. Espero eguraldi ona egitea, bestela oso egun gogorrak izango baitira».

Ineosek hartuko du lema

Belaskoren irudiz, aldeak maldan gora sortuko dira. «Erlojupekoak ez dira hain garrantzitsuak izango, sailkapen nagusiaren lehian zer txirrindulari ariko diren ikusita». Biharko saioa «teknikotzat» jo du, eta, bukaeran aldapa dagoen arren, aldeak txikiak izango omen dira. «Bederatzi kilometro eskaseko ahalegina izango da». Azken eguneko saioa, berriz, hamazazpi kilometrokoa izango da. «Mendate bat du erdian, eta eskalatzaileek ez dute hainbesteko kalterik izango. Sailkapenean gauzak estu badaude, oso polita izango da».

Aginte makila Ineosek hartuko duela iruditzen zaio Belaskori. «Haiek dute talderik indartsuena». Hertsiki lotu nahiko du lasterketa Ineosek, momentua iristean Richard Carapazek bere legea ezar dezan. Halere, nekez izango dute erabateko kontrola. «Inoiz ez dakizu Giroa non apurtuko den; horregatik da horren berezia. Gerta daiteke ihesaldi batek minutu asko lortu, eta beste txirrindulari batzuk sartzea nagusiaren borrokan».

Carapazekin batera, Miguel Angel Lopez (Astana), Simon Yates (Bike Exchange) eta Joao Almeida (UAE) sartu ditu Belaskok faborito nagusien zakuan. Mikel Landa (Bahrain) ere sartu omen daiteke garaipenaren borrokan. «Gaitasuna badu horretarako, eta, ibilbide aldetik, azken urteetako Girorik egokiena da harentzat. Ea zorteak laguntzen dion». Pello Bilbao (Bahrain), berriz, ez du irabazlegaitzat jotzen. «Oso ondo ibiliko da, ez dut dudarik, baina ez dut Giroa irabazteko ikusten. Podiumean sartzea ere ez da erraza izango». Jonathan Castroviejok (Ineos) eta Oier Lazkanok (Movistar) osatuko dute euskal herritarren zerrenda.

Taldeen jarrera ezberdina izaten da Italiako proban: «Giroan, talde guztiek ez dute lider argi bat. Batzuek etapak lehiatzea izaten dute helburu, etapa bihurri asko izaten baita. Horrek handitu egiten du lehia eta ikuskizuna». Movistarren kasuan, «egunez egun» lehiatzea da asmoa. «Valverderi ez diogu presiorik jarriko. Haren azken urtea da, eta ea noraino irits daitekeen. Bestalde, Sosa ez dugu nagusirako ikusten, inoiz ez delako borroka horretan izan halako lasterketa batean».

Giroan txapeldun izandako hiru ziklista lehiatuko dira: Carapaz bera, Vincenzo Nibali (Astana) eta Tom Dumoulin (Jumbo Visma). Esprinterren artean ere, sona handiko ziklistak daude: Caleb Ewan (Lotto Soudal), Mark Cavendish (Quick Step), Arnaud Demare (Groupama)... Bestalde, bere lehen Giroan arrastoa uzten saiatuko da Mathieu van der Poel (Alpecin).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.