Qatarko Munduko Kopa

Erdibidean geratu dira

Herbehereek, Ekuadorrek eta Ingalaterrak lehenbiziko aukera galdu dute final-zortzirenak jokatzeko. Senegalek Qatarri irabazi dio, eta lehiatik at utzi du

Cody Gakpo aurrelari herbeheretarra, Hernan Galindez atezain ekuadortarra gainditu nahian, atzo, Dohako Khalifa jokatutako partidan. RUNGROJ YONGRIT / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hiru selekzio sailka zitezkeen final-zortzirenetarako atzo Qatarko Munduko Kopan: A multzoan, Herbehereak edo Ekuador, eta B multzoan, Ingalaterra. Lehen jardunaldian irabazi izanak aukera ematen zien lehen zeregina azkar egiteko. Bigarren garaipena lortuta, barruan ziren. Bada, bakar batek ere ez zuen helburua lortu. Erdibidean geratu ziren: Herbehereek eta Ekuadorrek bana berdindu zuten, eta Ingalaterrak, hutsean AEBekin. Azken jardunaldira arte itxaron beharko dute.

Herbehereek ezin hobeto ekin zioten neurketari, seigarren minutuan gola sartu baitzuen Cody Gakpok, area ertzetik jaurtiketa bikaina eginda. Zeresana emateko hautagaien artean dago PSVko 23 urteko aurrelaria, eta usteak betetzen ari da: bi gol sartu ditu jada.

Golak aurrera egitera behartu zuen Ekuador. Egin zuen, eta, gainera, asmatu egin zuen aurkarien jokoa oztopatzen: Frenkie de Jong da Herbehereen itsasargia, eta hura itzalarazi zuten ekuadortarrek. 32. minutuan, Enner Valenciak gertu izan zuen banakoa, baina Andries Noppertek geldiketa ederra egin zion. Lehen zatiaren hondarrean, berriz, Pervis Estupiñanek gola sartu zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen, Jackson Porozo jokoz kanpo zegoela iritzita. Larri zebiltzan Herbehereak; eskertu egin zuten atsedenaldia.

Baina etenak ez zuen ezer eten, eta bigarren zatia hasi eta segituan jaso zuen Ekuadorrek ahaleginaren saria, 48. minutuan. Estupiñanek jaurtiketa egin zuen, Noppertek gelditu egin zuen baloia, baina Valenciak hartu zuen aldaratzea, eta banakoa egin zuen. Golak are eta gehiago hauspotu zuen Ekuador, eta 58. minutuan Gonzalo Platak langara bota zuen baloia. Sufritu egin zuten herbeheretarrek. Virgil van Dijkengatik ez balitz, esku hutsik geratuko ziren.

Azkenean, puntu bat bakoitzarentzat. Lau dituzte biek, baina Herbehereek gol alde hobea dute. Biek nahikoa dute azken jardunaldian berdintzea sailkatzeko.

Senegalek, berriz, hiru puntu ditu, atzo Qatarri 1-3 irabazita lortutakoak. Afrikako selekzio batek ekitaldi honetan lortutako lehen garaipena da. Boulaye Diak sartu zuen lehen gola, 41. minutuan; Famara Diedhiuk bigarrena, 48.ean; Mohammed Muntarik aldea murriztu zuen 78.ean, eta Bamba Diengek erabakita utzi zuen neurketa, 84.ean.

Irabazita, Senegal bete-betean sartu da final-zortzirenetarako sailkatzeko lehian. Hiru puntu ditu, Herbehereek eta Ekuadorrek baino bat gutxiago. Senegaldarrek ekuadortarren aurka jokatuko dute azkeneko jardunaldian: Ekuador irabazita eta berdinduta sailkatuko da, baina hutsune garrantzitsua izango du, Valenciak ohatila batean utzi baitzuen partida. Hark sartu ditu ekuadortarrenazken sei golak Munduko Kopan.

Senegalek, berriz, derrigor irabazi behar du. Qatarrek, ordea, jada ez du aukerarik. Etxeko selekzio bat inoiz ez da horren gaizki aritu Munduko Kopan: hura izan da lehen bi partidak galdu dituen aurrena. Ez harritu hirugarrenez galtzen badu, Herbehereen aurka ariko baita. Itxuraz, Europako selekzioak du lanik samurrena.

Iranek balentria egin nahi du

Ingalaterrak ere ez zuen aprobetxatu lehen aukera. Hutsean berdindu zuen AEBekin, neurketa kaskarra jokatuta.

Multzo berean, Iranek 0-2 irabazi zion Galesi. Azken minutuetan gertatu zen dena: 86. minutuan, epaileak Wayne Hennessey Galesko atezaina kanporatu zuen; 98.ean, Roozebh Txexmik irandarren aurreneko gola sartu zuen; eta 101.ean, Ramin Rezaeianek bigarrena egin zuen.

Garaipenari esker, Iranek aukera du lehen aldiz final-zortzirenak jokatzeko. Hiru puntu ditu; AEBek bi, eta Galesek, bakarra. Irandarrak AEBen aurka ariko dira azken saioan: irabazten badute, sailkatu egingo dira. Baita berdintzen badute eta Galesek Ingalaterrari irabazten ez badio ere. AEBek eta Galesek derrigor irabazi behar dute aukeraren bat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.