Gogorra, are gogorrago aurten

Euskal Herriko Itzuliak ez du erlojupekorik izango aurten, eta azken etapa ez da Arraten bukatuko. Txirrindulariek 992 kilometro egingo dituzte, sei etapatan, eta 26 mendate puntuagarri igo

Gogorra, are gogorrago aurten.
Iñaki Berastegi.
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Euskal Herriko Itzuliak ez du tarte gogorrik faltako aurten. Atzo aurkeztu zuten ibilbidea, Eibarren (Gipuzkoa). Apirilaren 3an hasiko da lasterketa, Gasteizen, eta apirilaren 8an emango zaio amaiera, Eibarren bertan. Sei etapatan banatuta, 992 kilometro egin beharko ditu tropelak —iaz baino 92 gehiago— eta 26 mendate puntuagarri igo. Denera, lasterketak 18.000 metroko desnibel metatua izango du. «Lasterketa gogorra izango da, eta, beraz, txirrindulari on bat ikusiko dugu podiumeko lehen postuan», nabarmendu zuen Roberto Laiseka lasterketako zuzendari teknikoak.

2022ko ibilbidearekin alderatuta, bi dira berritasun nagusiak: lasterketa ez dela Arrateko santutegian amaituko, eta ez dela egongo erlojuaren kontrako etaparik. 1969an Itzulia bueltatu zenetik, halako etaparik izango ez den lehen aldia da. «Ezin dira erlojupeko luzeak egin, ezta kronoigoerak ere. Asmoa da 15 kilometroko erlojupeko bat egitea, baina ezin dira hiriak bost orduz moztu. Frantziako Tourrak izan dituen erraztasunak izan bagenitu, pentsatu genezakeen erlojupeko etapa bat egitea», azaldu zuen Julian Eraso OCETAko presidente eta Itzuliko zuzendari nagusiak.

Gasteiz eta Bastida (Araba) artean lehiatuko da lehen etapa. 165 kilometroko eguna da, eta «aproposa» izan liteke esprintean amaitzeko. Opakuako mendatea gaindituta, ibilbide estu eta bihurgunetsuak igaroko dituzte, eta haizea ere «protagonista» izan litekeela uste du Roberto Laisekak.

Bigarren etapak Viana eta Leitza (Nafarroa) lotuko ditu. Iaz ere bi herri horien artean jokatu zen Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, baina, aurtengo aldian, irteera eta helmuga trukatu dituzte. Itzuliko etaparik luzeena da, 193,8 kilometro baititu. «Etaparen bigarren zatia zirkuitu antzeko bat da, eta liderrek aurrean jarri beharko dute. Errepideak bihurgunetsuak dira, eta eguraldia ere erabakigarria izan daiteke». Azken mendatea, Arkiskil, helmugatik bost kilometrora dago.

Hirugarren saioan, tropela Errenteriatik (Gipuzkoa) abiatuko da, eta, 154 kilometro egin ondoren, Villabona-Amasan (Gipuzkoa) izango dute helmuga. Gipuzkoako kostaldeko parte handi batetik igaroko da lasterketa. «Tentsio handiko eguna» izango dela uste du Laisekak. «Errepide estuetan ibiliko dira, gora eta behera etengabe, eta, ondorioz, liderrak ondo kokatzeko tentsio handia egongo da tropelean. Hikara iristeko azken kilometroa oso gogorra da».

Santurtzin (Bizkaia) hasi eta amaituko da laugarren etapa. 175,7 kilometro izango ditu Omar Frailek diseinatutako ibilbideak. Ihesaldirako etapa «egokia» izan daiteke. «Etaparen azken zatian, Asturiana mendatera igo, eta Zugaztietara jaitsi beharko dute, eta ibilbidearen zati hori erabakigarria izango da eguneko irabazlea nor izango den zehazteko», azpimarratu du lasterketako zuzendari teknikoak.

Amaiera, Untzaga plazan

Apirilaren 7an, ostiralean, Zornotzan (Bizkaia) abiatuko da Itzulia. Lasterketa irabazi nahi duten taldeentzat eta txirrindularientzat etapa «zaila» izango dela deritzo Laisekak. «Nahiz eta Paresiraino ez den mendate handirik egongo, ibilbidea egokia izango da amaierara begira estrategiak probatzeko. Azken kilometroetan, zirkuitu batean sartuko dira, eta aurrean egotea oso garrantzitsua izango da sailkapen nagusirako aukerei eusteko». Galdutako Udaberri Sariaren omenezko etapa da, eta 3.000 metroko desnibel metatua izango du.

Eta azkenik, Eibarko etapa. Etaparik laburrena da, baina, agian, gogorrena ere izango da, zazpi mendate igo beharko baitituzte txirrindulariek 137 kilometroan: Elkorrieta, Azurki, Gorla, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi. Untzaga plazan amaituko da. «Etapa nagusia da, eta bakoitza bere tokian jarriko du hasiera-hasieratik. Lasterketa kontrolatzeko, talde oso indartsua beharko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.