Frantziako Tourra

Iraganaren arrastoak

Kwiatkowskik irabazi du Grand Colombierren, ihesean. Beste zortzi segundo kendu dizkio Pogacarrek Vingegaardi. Bilbao zazpigarren dago orain nagusian

Iraganaren arrastoak.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Michal Kwiatkowskik (Ineos) duela urte batzuk jo zuen goia, Ineos taldea —lehen, Sky Tourrean nahieran nagusitzen zenean. Poloniarra tropeleko langilerik onenetako bat zen orduan, baita sen zorrotzeko ehiztaria ere. Distira galdu du ordutik, eta garaipenak tantaka lortu ditu azken urteetan. Alabaina, oraindik ere maila handiko txirrindularia da, eta garai onenetako gorputzaldia izan zuen atzo, Tourreko hamahirugarren etapan. Ihesaldian sartzeko askatasuna eman zion taldeak, eta ez zuen alferrik galdu: aurkariak atzean utzi, hautagaien oldarraldiari tinko eutsi, eta besoak altxatuz iritsi zen Grand Colombierko helmugara.

Faboritoek ere iraganeko irudiak berritu zituzten. UAEk ilaran jarri zituen txirrindulariak, lehen Ineosek egiten zuen bezala, eta oso bukaeran iritsi ziren erasoak. Mundu guztia Tadej Pogacar (UAE) noiz abiatuko zain zegoen; bada, esloveniarrak 450 metroren faltan piztu zuen sua. Esprinta izan zen, erasoa baino gehiago. Gurpiletik atera zuen Jonas Vingegaard (Jumbo), eta lau segundo atera zizkion lasterketako liderrari. Hirugarren izan zenez, beste lau segundo harramazkatu zituen gainsariei esker. Guztira, zortzi segundoko hozkada. Hori horrela, bederatzi segundo eskasera du orain maillot horia. Pello Bilbaok (Bahrain) berriz, ezin izan zion eutsi onenen erritmoari, eta bi postu egin zuen atzera sailkapen nagusian: zazpigarren ageri da orain, 5.25eko atzerapenarekin.

Helmuga Grand Colombierren zegoen arren, etapa ezin zitekeen menditsutzat jo. Izan ere, ez zuten beste mendate puntuagarririk igo 138 kilometroko ibilbide laburrean. Tarteko esprinta igoera leun baten ondoren zegoen, baina gainontzean, ziklistak ordekan aritu ziren bukaerako mendatearen magalera iritsi arte. Faboritoentzako eguna zen, eta onenak prest ziren mendate entzutetsuan etapa irabazten saiatzeko. Nolanahi, hogei txirrindularik aurrera egin zuten etaparen hasieran, ihesean ustekabeko garaipena lortu nahian. Hala izan zen azkenean, Kwiatkowskiren zorionerako. Bigarrenez nagusitu zen Tourrean. Haren atzetik Maxim Van Gils (Lotto) iritsi zen, 47 segundora, eta Pogacarrek 50 segundoko atzerapena izan zuen. Bilbao 17. izan zen etapan, 1.45era.

Ibilbidea gehienbat laua izateak mesede egiten zion ihesaldiari. Izan ere, maila oneko ziklista astun asko elkartu ziren: kasurako, Matej Mohoric (Bahrain), Kasper Asgreen (Soudal), Jasper Stuyven (Lidl), Alberto Bettiol (Education) eta Nelson Oliveira (Movistar). Haien lanaz baliatu eta maldan gora ihesaldia errematatzeko prest zegoen Kwiatkowski, Van Gils, Harold Tejada (Astana), Quentin Pacher (Groupama) eta James Shawrekin (Education) batera.

Gertutik zaindu nahi izan zituen UAE taldeak. Helburu garbia zuen: Pogacarrek etapa irabazi eta gainsariak poltsikoratzea. Hori horrela, iheslarien aldeak ondo kostata gainditu zuen bi minutuko langa. Handitzera egin zuen ondoren, behin tarteko helmugatik igarota. Tropelekoek uste izan zuten egoera kontrolpean zutela, eta Colombierrera 3.50eko aldearekin iristen utzi zien iheslariei.

Iritsi eta hautsi

Berehala hasi ziren mokoka aurrean. Pacherrek egin zuen lehen erasoa, helmugarako 16 kilometro falta zirela. Gero, harrapatu eta gainditu egin zuten Shawk, Van Gilsek eta Tejadak. Kwiatkowski ez zen aparte, eta aurrekoengana iritsi bezain pronto, hautsi egin zuen lasterketa. 12 kilometro luze gelditzen ziren, eta, apurka bada ere, erritmoa bizituz joan ziren onenen multzoan. Ordea, nekez hurbildu zaitzaizkion poloniarrari: hiru minututik gorako aldearekin segitzen zuen mendatearen lehen erdia igarota, eta 2 minuturekin iritsi zen azken bi kilometroetara. Berea zen garaipena.

Atzean, Adam Yatesek (UAE) egin zuen lehen saiakera, eta eutsi egin zioten hautagai nagusi gehienek; ez, ordea, Bilbaok. Pogacarrek bukaerara arte itxaron zuen, eta Puy de Domen bezala, metro batzuk atera zizkion Vingegaardi. Ihes egin zion garaipenak eta lehen postuari dagokion gainsariak, baina etapa ez zuen esku hutsik bukatu.

Ziurrenik, faboritoen artean borroka handiagoa ikusiko da gaur, Annemasse eta Morzine arteko etapan. Lehen mailako hiru mendate igoko dituzte, eta maila bereziko bat: Joux Plane. Mendate hori igo, eta maldan behera egingo dituzte azken 12 kilometroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.