Etxeratze agindua ezarri dute Bogotan, eta militarrak atera dituzte

Ivan Duque presidenteak «nazio mailako elkarrizketak» iragarri ditu. Manifestariek eskatzen dute handitzeko pentsioak eta gutxieneko soldatak, eta betetzeko FARCekin hitzartutako bake akordioak

Kolonbiako Gobernuak militarrak bidali ditu hiri nagusietana, «segurtasuna» bermatzeko. Irudian, zenbait soldadu Bogotako kaleak zaintzen. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ekuadorren hasi ziren, eta Txilera zabaldu; handik, Boliviara jauzi egin dute. Kolonbia izan da lehertzen azkena. Oraingoz. Izan ere, Latinoamerikan sua hedatuz doala dirudi. Urteetan egoerari nola hala eutsi dioten herritarrak kalera irten dira azkenik, eta ez dirudi berehalakoan burua makurtzeko asmorik dutenik.

Gehienetan, arrazoi ekonomikoek piztu dute jende oldearen haserrea: metroko txartelen garestitzeak edota erregaiak erosteko laguntzak eteteak, kasurako. Eta Kolonbia ez da salbuespena. Ivan Duqueren gobernuak erreforma ekonomikoak bultzatu eta pentsioak eta gutxieneko soldatak murriztu asmo dituelako zurrumurruak izan dira leherketa eragin duten txinparta.

Bogotako Bolivar plaza bete zuten ostiral arratsaldean milaka manifestarik, eskatuz pentsioak eta gutxieneko soldatak igotzeko eta hezkuntzan inbertsioak egiteko, bai eta FARCekin hitzartutako bake akordioa betetzeko ere.

Ordurako indarrean zen Bogotako alkateak «istiluak saihesteko» ezarritako etxeratze agindua. Baina horrek ez zituen herritarrak geldiarazi, eta ugari izan ziren aginduari muzin eginez kalean jarraitu zutenak. Poliziak negar gasa jaurtiz erantzun zuen, eta orotara 146 pertsona atxilotu zituzten.

Osteguneko greba nazionala ez bezala, bat-batekoak eta sare sozialen bidez antolatuak izan ziren ostiraleko protestak. Goizean goizetik hasi zen jendea hiriburuko kaleetan protestan, eta iluntzerako milaka ziren haiekin bat egin zutenak. Horiek hala, Duquek ezohiko agerraldi bat egin zuen Kolonbiako telebista publikoan, eta iragarri zuen «beharrezko neurriak» hartzeko eskatu ziela alkateei eta Armadaren eta Poliziaren «operazio berezi bat» jarri zuela abian, «segurtasuna bermatzeko».

Hitzak bai, urratsik ez

Egoera baretze aldera, «nazio mailako elkarrizketak» hasteko prest agertu da Duque, eta horretarako data ere jarri du: datorren aste hasiera. «Egungo agenda sozialean sakonduko dugu, eta epe motz eta luzerako neurriez eztabaidatuko dugu; hala, gizartean dauden hutsuneak beteko ditugu».

Estatuburuak, baina, ez du xehetasun gehiago eman: soilik ukatu egin du langileen eta pentsiodunen aurkako neurririk hartzeko asmoa dutenik. Aldiz, ez du esan noiz egingo dituzten iaz bi hilabeteko protesten ostean hitzartutako hezkuntzako inbertsioak, ezta noiz sartuko diren ere indarrean FARCekiko bake akordioetan betetzeko geratzen diren puntuak —nekazaritza erreformari buruzkoak eta droga trafikoaren aurkakoak, besteak beste—.

Oposizioak salatu egin du Duqueren jarrera, eta ohartarazi dio osteguneko greba nazionalak eta haren osteko protestek argi utzi dutela zer behar dauzkaten herritarrek. «Presidenteak gutxi batzuek eragindako istiluak nabarmendu ditu bere hitzaldian, gehiengo baten aldarria aintzat hartu beharrean. Herriak eskatzen dionari entzungor egitea da eman dezakeen erantzunik okerrena».

Sendo dago oposizioa, eta ahulduz doa estatuburuaren irudia. 2018ko presidentetzarako hauteskundeak botoen %58 lortuta irabazi zituen buruzagiak; bada, azken datuen arabera, gaur egun herritarren %29ren babesa soilik luke, Gallup etxearen inkesta baten arabera. Jarrerarik kritikoena dutenen artean daude gazteak, eta nagusiki, ikasleak; horiek izan dira azken egunetako protestetan kaleak bete dituztenak ere.

Ikasleek ez ezik, indigenek, LGTBI kolektiboko kideek, emakumeek eta nekazariek ere bat egin dute mobilizazioekin, bakoitzak bere aldarriekin eta eskaerekin. Ez da lehen aldia manifestazioak egiten dituztena Duqueren gobernuaren aurka, baina bai manifestazio horiek gizarteko ia sektore guztien babesa daukatena.

Larunbaterako ere lapiko jotzeak egitera deitua zuten, sare sozialen bidez, muzin eginez etxeratze aginduari. Hala, argi geratu da gobernuaren eskaintza lausoa ez dela nahikoa sua itzaltzeko, eta zerbait gehiago beharko duela Kolonbiako egoera Txilekoaren edo Boliviakoaren erreplika bihurtuko ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.