Sinn Feinen unea heldu da

Parlamenturako bozak egingo dituzte gaur Irlandan. Inkesten arabera, McDonalden alderdiak botoen %27 lortuko ditu. Fine Gael, egun agintean den alderdia, hirugarren geratuko litzateke

Mary Lou McDonald, Sinn Feineko burua, joan den asteartean RTE telebistan egindako eztabaida saioan. NIALL CARSON / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Irlandan baliteke egun historikoa izatea gaurkoa, baldin eta inkestek iragarritakoa betetzen bada. 1920ko hamarkadatik lehen aldiz, Sinn Feinek parlamenturako bozak irabaz ditzake, botoen %25 eta %27 artean eskuratuta. Bigarren indarra litzateke Fianna Fail, botoen %23rekin, eta egun gobernuan den Fine Gael hirugarren, botoen %20 ingururekin.

Bi urtetik hona Mary Lou McDonaldek zuzentzen duen alderdiak berak ere ez zuen espero halako gorakadarik —iazko urrian %17ko sostengua zuten errepublikanoek—, ez eta Irlandako komunikabide nagusiek ere. Horren adierazle da RTE telebista publikoak atzera egin behar izan zuela hauteskundeetako azken eztabaida saioaren antolaketan, eta McDonald gonbidatu behar izan zuela azken orduan —RTEk Sinn Fein eztabaidatik kanpo utzi zuen hasieran, argudiatuta ez zuela bozak irabazteko aukerarik—.

Iazko udazkenetik hona izandako gorakadaren arrazoietako bat da gizarte politikak jarri dituztela helburu nagusi gisa. Sinn Feinek hitzeman du 100.000 etxebizitza publiko eraikiko dituela datozen bost urteetan eta zergak jaitsiko dizkiela gutxien irabazten dutenei. Hortik 25 eta 34 urte artean dituzten herritarren artean errepublikanoen aldeko sostengua %23 eta %32 artean handitu izana, eta %13 eta %30 artean 35 eta 49 urtekoen artean.

Buruzagitza aldaketa

Errepublikanoek ez dituzte baztertu historikoki eurenak izan diren aldarriak, eta berretsi dute Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma egingo dutela urte gutxiren buruan. Hala ere, adituen arabera, buruzagitza aldaketak lehia politikoan sartzea ahalbidetu dio alderdiari. Izan ere, IRAren garai ilunekin lotzen zuten askok Gerry Adams. «Ez da iraultza: eboluzioa da. Sinn Fein sendotuz joan da», azaldu du Theresa Reidyk, Corkeko Unibertsitate Eskolako Zientzia Politikoetako irakasleak. «Emakume argia da [McDonald]. Konfiantza handia du bere buruarengan, eta ona da eztabaidetan. Sinn Feinek berak ezin du sinetsi zer zorte ona izan zuen hura alderdian sartu zenean. Arerioentzat oso zaila da haren jarreran inolako akatsik aurkitzea», azaldu du Deaglan de Breadunek, Power Play: The Rise of Modern Sinn Fein (Botere jokoa: Sinn Fein berriaren gorakada) liburuaren egileak.

Azkarra izan da McDonalden ibilbidea alderdian. 1999an sartu zen Sinn Feinen. Aurrez, Fianna Failen militatu zuen, baina, hainbat iturriren arabera, alderdiko buruzagitzak oztopatu egin zuen haren gorakada. Hark, ordea, ez du inoiz halakorik onartu.

2004rako, Europako Parlamentuko kide zen McDonald, eta 2011n Irlandako Parlamenturako aukeratu zuten. Handik zazpi urtera, 2018an Adamsen tokia hartu zuen alderdiko buruzagitzan. Orain, Fine Gael eta Fianna Failekin nekatuta dauden herritarren alternatiba bilakatu da.

Gobernutik at

Duela lau urteko hauteskundeetan alderdi bakar batek ere ez zuen nahikoa babes lortu gobernua osatzeko; ondorioz, Fine Gaelek hartu zuen agintea, Fianna Failen babesarekin. Aste honetan egin den azken eztabaida saioan, orain arteko jarrerari eutsi zion jarduneko lehen ministro karguan den Leo Varadkarrek, Fine Gaeleko buruak, eta aurreratu zuen, bozak gehiengo osoz irabazi ezean, elkarrizketak hasiko dituela laboristekin, independenteekin, berdeekin eta sozialdemokratekin. Gobernurik osatzeko gehiengorik ezean edo bigarren hauteskundeak saihesteko soilik batuko litzateke Fianna Failekin; eta inola ere ez Sinn Feinekin. «Ez dut koaliziorik negoziatuko Sinn Feinekin. Kezka sortzen dit iraganak, baina askoz gehiago orainak eta geroak».

Baina inoizko sostengurik handiena lortuta ere, McDonaldek ezin izango du lehen ministro kargurik hartu; izan ere, alderdiak 42 hautagai aurkeztu ditu 160 eserlekuko parlamenturako. Beraz, hauteskundeak irabazi arren, ez ditu eskuratuko gehiengorako izateko behar dituen 80 ordezkariak. Hala ere, jauzi handia izango litzateke alderdiarentzat ia ehun urtean lehen aldiz Irlandako hauteskundeak irabazi eta, McDonaldek esan bezala, herritarrentzako «benetako alternatiba» bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.