NBEk dio Maliko armadak epaiz kanpoko 101 exekuzio egin dituela lehen hiruhilean

Minusma misioa Nigeriako militarrei begira ere jarri da: 34 hilketa egotzi dizkie. Bi etniaren arteko erasoetan gutxienez 180 lagun hil dira urtarriletik martxora

Minusma NBEren Malirako misioko soldadu batzuk, iazko apirilean. MINUSMA / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Minusma Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Malirako misioaren arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan epaiz kanpoko 101 exekuzio egin ditu Maliko armadak, batez ere herrialdearen erdialdean, eraso jihadisten eta etnien arteko gatazken eremuetan.

NBEren misio horrek asteon publikatu du giza eskubideen egoeraren eguneratzea, eta txosten horretan jaso du «sendotzen» ari den joera: «Kezkaz egiaztatu dugu Maliko segurtasun eta defentsa indarren inplikazioa giza eskubideen urraketetan; gehienak erdialdean egin dituzte, batez ere Douentzan eta Nionon».

Epaiz kanpoko 101 exekuzioez gain, Minusmak beharturiko 32 desagerpen, 32 tortura kasu eta 116 atxiloketa arbitrario zerrendatu ditu Maliko armadaren partetik herrialde osoan. «Kasu esanguratsuena», NBEren misioaren arabera, iragan otsailaren 16koa da: egun hartan, hemeretzi lagun atxilotu zituzten, eta horietako hamahiru exekutatu; beste seiek desagertuta daude oraindik.

Guillaume Ngefa Minusmaren giza eskubideen arloko zuzendariaren iritziz, Maliko agintariek kasu horiek guztiak ikertu behar dituzte: «Kopuru horiek dokumentatuak izan dira. Izen-abizenak, zer egoeratan gertatu ziren dokumentatuta daude».

Hortaz, Minusmaren arabera, heriotza horiek guztiak Maliko armadak egin ditu, JNIM talde jihadistaren aurkako borroka aitzakia hartuta; JNIM Al-Qaedaren aliatua da, duela bost urte sortua, eta Magrebeko eta Afrika mendebaldeko herrialdeetan jarduten du.

Gatazka horrez gain, urtarriletik martxora handitu egin dira Mali erdialdeanpeul —artzain nomadak— eta dogon —laborariak— etnien arteko erasoak: 35 talkatan gutxienez 180 lagun hil dituztela egiaztatu du NBEren misioak. «Galdera honako hau da: noiz egingo dituzte prozesu [judizial] horiek?», galdetu zuen atzo Ngefak.

Azkenik, Minusmak Nigeriako armadak Mali ipar-ekialdean, bi estatuen arteko mugatik hurbil egindako jarduerak ere aztertu ditu. Bilana ez da positiboa, militarrek 34 lagun hil baitituzte. Iragan astean, antzeko akusazioak jaso zituztenez, Nigeriako Defentsa Ministerioak adierazi zuen ikerketa batzuk abiatuko zituztela indar armatuen jarduna aztertzeko.

EBren diru laguntza

Testuinguru horretan, Sahel G5 taldea osatzen duten herrialdeak —Mali, Burkina Faso, Niger, Txad eta Mauritania— 194 milioi euroko diru laguntza jasotzear dira; EB Europako Batasunak emango diesegurtasun indarrak sendotze aldera, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak iragan asteartean jakinarazi zuenez: «Sahel G5eko estatuetako agintariekin eztabaidatu dugu zer neurri hartu mehatxu terroristak atzera egin dezan».

EBk, Frantziak eta Sahel G5 taldeak Sahelerako nazioarteko koalizio bat sortzea adostu zuten iragan urtarrilean, Pauen (Okzitania) egindako goi bileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.