Adegik bi asteko epea eman du beste sindikaturen batek baietza emateko

Patronalak metalgintzako itunerako egindako proposamenak ELAren onespena dauka, baina beste sindikatuek diote gehiago nahi dutela. Ez bada aldaketarik aurki, eskaintza erretiratuko du Adegik

LABeko ordezkariak, atzo, Adegiren egoitzara sartzen, metalgintzaren bilera hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Oraingoz ez dago akordiorik Gipuzkoako metalgintzan. Atzoko mahaiko bileran, Adegiren proposamena ez dela nahikoa jakinarazi zuten LABek, CCOOk eta UGTk, eta eragin orokorreko itun bat egiteko ELAren babesa nahikoa ez denez —nahiz eta lehen indarra den, ia %49rekin—, Adegik behin-behinean erretiratu du sektorerako egin duen azken proposamena, «aukera historikoa» ELAren arabera. Patronalak, gainera, ohartarazi du proposamen horrek iraungitze data duela. Bi astean sindikaturen batek ez badu babesa adierazten, behin betiko erretiratuko du eskaintza. Baten babesa nahikoa litzateke gehiengoa osatzeko, ELAk herenegun oniritzia helarazi zuelako.

«Mundua alderantziz dagoela ematen du: ez al ginen gu akordioak egiten ez zituztenak?», esan dio BERRIAri Unai Martinez ELAko Industria federazioko arduradunak. «Estatuko itun kolektibo onena daukagu aurrez aurre. CCOOk eta UGTk ez dute ikusi horrelakorik Espainian sekula, eta gehiago nahi dutela?». Martinez harriturik dago beste sindikatuen ezezkoak jakin eta gero. «Edukiak aztertzea baizik ez dago Adegiren proposamena apartekoa dela jakiteko. Soldatak izugarri igotzen dira, eta hori guztia oso egoera jakinean, gainera: zer datorren ere ez dakigunean, datorrena latza izan daitekeelako; denok dakigu hori».

ELAk gogorarazi du LABek, CCOOk eta UGTk Bizkaiko metalgintzako ituna egin zutela iazko hondarrean. ELAk ez zuen babestu hura. Bada, Gipuzkoako ituna «Euskal Herriko hitzarmenik onena» da, ELArentzat; «kategorien arabera, 4.000 eta 6.500 euro arteko aldeak leudeke Bizkaiko metalarekiko. Kolektibo prekarioenen kasuan, subrogatzeko eskubidea aurrerapen historikoa da, eta nabarmen hobetzen du metaleko beste ezein hitzarmenetan jasotakoa».

Garaipenaren jabetza

Batera edo bestera, azkar aldatu beharko du sindikaturen batek bere posizioa itun hori egia izan dadin, eta ez da zaila aurreikustea CCOOk eta UGTk presio handia izango dutela, beren afiliatuen aldetik eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko beste kideen aldetik ere seguruenera. Oraingoz, ordea, ezezkoari eutsi diote, eta ez hala moduz. Gainera. UGTk jakinarazi du Adegik «jokoa apurtzea» erabaki duela bere azken proposamena onartzen ez bada; horrek «bake soziala apurtzea» ekar dezakeela adierazi du.

CCOOk ere Adegiren bizkar utzi du gerta daitekeen porrotaren ardura: «ELAren babesa lortu eta gero, negoziatzeari utzi dio». CCOOk azaldu du mahaiko beste bilera bat eskatu duela, baina patronalak ultimatuma eman duela: proposamena mahai gainean dago, eta bi aste daude hura onartzeko.

Ez du ematen askatu behar den korapiloa soilik proposamenaren edukietan dagoenik. Adegik oso argi utzi du ez duela «koma bat bera ere» aldatuko, eskaintza paregabea egin duelakoan. Baliteke, orain, akordioaren merituen jabetzaren esparruan kokatzea arazorik handiena. Beste sindikatuek ez dute batere ongi hartu ELAk bere kabuz iragarri izana hitzarmen proposamena onartzen duela; baiezkoa ematea orain martxan dagoen tren batera igotzea izan daiteke haientzat. Gerta daiteke ere ituna hobetzeko tartea dagoela sinestea.

Hipotesi horrekin bat egiten du LABek helarazi duen mezuak.Adegik mahaia amaitutzat eman duela salatu du. «Esan du badaukala ELAren oniritzia. Hori ez da negoziatzea». Horregatik, LABek beste proposamen bat egin du, «negoziagarria eta lorgarria». Sindikatu abertzaleak adierazi dualdagai batzuk hobetu daitezkeela berdintasunaren atalean. «Patronalak nahi badu, akordioa egongo da».

Gipuzkoako metalgintzako azken ituna 2010ekoa da, 2011n iraungia. Ordutik ez da izan hitzarmenik lurraldeko sektore handienean. 40.000 langile baino gehiago babestuko lituzke itun berri batek. Egun gutxian ikusiko da egia bihurtzen den ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.