Egoerara egokitutakoa

Larunbatean hasiko da lau eta erdikoa, eta banakakoaren lehiaketa sistema izango du: lau asteburutan jokatuko da, kale edo bale egiteko partidetan. Finala, 27an

Egoerara egokitutakoa.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak lehenbizi eta Baiko enpresako pilotarien lan gatazkak ondoren, hankaz gora jarri zuten esku pilota profesionalaren egutegi osoa. Enpresen Liga saiatzen ari da nola edo hala txapelketa guztiak joka daitezen, apurka-apurka jardun nagusia ohiko datetara buelta dadin. Halaxe egin zuen binakakoarekin lehenbizi —ostiral honetan jokatuko da finalerdia, eta datorren asteartean finala—, eta banakakoarekin gero. Eta halaxe egingo du orain lau eta erdikoarekin. Atzo aurkeztu zuten, Bilbon.

Larunbat honetan hasiko da, eta banakakoaren lehiaketa sistema bera izango du: hurrengo lau asteburuetan jokatuko da, eta hilaren 27an izango da finala, Bilbon. Lau eta erdikoaren historian bigarrenez, kanporaketak izango dira partida guztiak, kale edo balekoak. 2001ean, lehen ekitaldian besterik ez zen jokatu sistema horrekin. Ordutik, beti jokatu izan zen ligaxkaren bat, final-laurdenetan edo finalerdietan. Baina ez dago astia galtzerik, ez osasun egoeragatik, ezta denboragatik ere. Izan ere, enpresek nahi dute lau eta erdikoa amaitu bezain laster hastea hurrengo binakakoa.

Banakakoaren sistema bera, eta parte hartzaile ia berberak. Hamabi pilotari ariko dira, enpresa bakoitzetik sei. Buruz burukoa jokatu duten hamabi pilotarietatik hamar lehiatuko dira. Aldaketa bakarra dago enpresa bakoitzean: Aspen, Peio Etxeberria ariko da Dario Gomezen ordez; eta Baikon, Iñaki Artola, Joanes Bakaikoaren partez.

Larunbat honetan jokatuko dituzte final-zortzirenetako lehen bi neurketak, Azkotian (Gipuzkoa), 17:45ean (ETB1). Artola eta Jon Ander Peña ariko dira lehenbizikoan, eta Danel Elezkano eta Iraitz Zubizarreta bigarrengoan. Artola eta Peña II.aren arteko irabazleak Joseba Ezkurdia izango du aurkari final-laurdenetan, bi aste barru. Elezkano II.aren eta Zubizarreta III.aren artekoak, berriz, Jokin Altuna ez zen izan aurkezpenean—.

Igande honetan jokatuko dituzte final-zortzirenetako beste bi norgehiagokak, Eibarren (Gipuzkoa), 17:00etan (ETB1). Lehenengoan, Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria ariko dira, eta bigarrengoan, Asier Agirre eta Peio Etxeberria. Bigarren neurketa hori, hala ere, binakakoaren finalerdietan gertatzen denaren mende dago. Hala, Agirrek eta Jon Ander Albisuk ostiral honetan Bilbon Ezkurdiari eta Julen Martijari irabazi eta finalerako sailkatuz gero, Agirrek datorren asteko ostegunean jokatuko luke lau eta erdiko lehia, finala jokatu eta bi egunera. Irribarriaren eta Bengoetxea VI.aren artekoaren irabazleak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari final-laurdenetan, eta Agirre eta Peio Etxeberriaren artekoak, Erik Jaka buruz buruko txapelduna.

Finalerdiak hiru aste barru jokatuko lirateke, hilaren 19an eta 20an. Artola, Peña II.a eta Ezkurdiaren arteko irabazleak Agirre,Peio Etxeberria eta Jakarena izango du aurkari, eta Elezkano II.a, Zubizarreta III.a eta Altuna III.arenak, Irribarria, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxearena.

Enpresako edonor botilero

Banakakoan bezala, botileroak egongo dira, baina oraingoan, ez dute enpresako teknikariak izan beharko; teknikari, intendente edo pilotari izan daitezke. Halaber, osasun neurriak aldatu ezean, enpresek uste dute ez dela ikuslerik izango frontoietan.

«Pozik» dago Artola lehiara itzuliko delako, COVID-19ak banakakotik kanpo utzi baitzuen. «Pena eman zidan buruz burukotik kanpo geratzea, ondo ari nintzelako jokatzen. Horregatik, oso gogotsu ekingo diot lau eta erdikoari, pilota gosez. Osatuta nago, eta gero eta hobeto ari naiz. Baina Peña kontrario zaila da».

Iazko txapeldunak, Ezkurdiak, berriz, aitortu zuen «arraroa» dela egoera: binakakoaren finalerdia, finala eta lau eta erdikoaren final-laurdena joka dezake astebete pasatxoan. Baina «gogotsu» dago. «Ondo amaitu nahi dut urtea, txapelen lehian arituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.