Nikela ekoizten duen enpresa baten salmentak istiluak piztu ditu Kaledonia Berrian

Dozenaka manifestari atxilotu dituzte. Uharteko nikel fabrikarik handiena erosteko kooperatiba indigena baten eskaintza atzera bota izanak eragin ditu protestak

Goro hiriko nikel meategi bat, Kaledonia Berriko Hegoaldeko Probintzian. BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Munduko laugarren nikel ekoizlea da Kaledonia Berria, Frantziaren menpeko kolonia, uharteetan dauden 33 meategiei esker. Hura eta turismoa dira herrialdearen diru iturri nagusiak. Azken asteetan, ordea, istiluak piztu dira Brasilgo Vale enpresak Hegoaldeko Probintziako Goro hirian duen nikel planta saltzeko asmoa iragarri duenetik Kaledonia Berriko nikel fabrikarik handiena da harena. Valek milaka milioi euro galdu ditu azken urtean, enpresarekin lotutako okerreko erabakien ondorioz. Hasiera batean, Australiako New Century enpresarekin adostu zuten salerosketa, baina irailean, atzera egin zuen hark. Orain beste bi erosle agertu dira. Haietako batek, Prony Resources partzuergoak, Frantziako Gobernuaren babesa jaso du, eta Paris haren eskaintzaren zati bat finantzatzeko prest agertu da hainbat iturriren arabera, 331 milioi euro jarriko lituzke. Bigarren eskaintza kanak indigenen Sofinor kooperatibarena da. Kooperatibak dagoeneko hainbat meategi kudeatzen ditu uhartearen iparraldean, biztanleria indigena nagusi den eremuan.

Salerosketak bitan zatitu du Kaledonia Berria. Izan ere, kolonoek eta Frantziako Gobernuak Prony Resourcesen 993 milioi euroko eskaintzaren alde egin dute; eta indigena eta independentistek, aldiz, kooperatibaren alde. Horri gehitu behar zaio prozesu independentista betean dela uhartea. Bi erreferendum egin dituzte uhartean, 2018an lehena eta joan den urrian bigarrena, eta bietan irabazi dute Frantziaren menpe jarraitzearen aldekoek, baina independentzia nahi dutenekiko aldea gutxitu egin da bidean: 2018an, herritarren %56,7k esan zioten ezetz independentziari, eta urrian, %53,3k. Konstituzioak hirugarren erreferendum bat egiteko aukera eskaintzen du, betiere, Kongresuaren heren batek eskatzen badu, eta FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak dagoeneko iragarri du eskaria aurkeztuko duela. Azken inkesten arabera, 2022an egingo litzatekeen hirugarren kontsulta horretan independentistak izango lirateke garaile.

Egoera horretan eta independentistek euren helburua lortuko duten beldur, loialistak haien bidea oztopatzen hasiak dira. Frantziaren menpe jarraitzearen aldekoek «giroa asaldatzea» egotzi diete nazionalistei, eta hirugarren erreferendumerako eskariak alde batera utzi eta «negoziazio mahaira» itzultzeko eskatu.

Protestak

Herrialdearen diru iturri nagusiarekin lotutako salerosketak eta Frantziako Gobernuak lehian den enpresetako baten alde egin izanak haserrea piztu du independentisten artean, batez ere Sofinorrekin batera eskaintza egin duen Korea Zinc enpresak aste honetan atzera egin eta Brasilgo enpresak haren proposamena atzera bota ostean. Hala, Kanak indigenek Brasilgo konpainiari presio egiten ibili izana egotzi diete Parisko gobernuari eta alderdi loialistei. Ondorioz, protestak deitu dituzte, eta horiek gogortu egin dira azken asteetan, errepideak moztu eta Poliziarekin borrokak pizteraino. Iturri ofizialen arabera, dozenaka izan dira atxilotuak, eta hainbat polizia zauritu dituzte. Egoerak okerrera egin zuen atzo. Hainbat manifestarik su eman zioten Noumea hiriburuaren kanpoaldean dagoen Mont-Dore hiriko gasolindegi bati, eta hiriko alkate Eddie Lecorieuxek iragarri zuen gaur itxita egongo zirela hiriko gasolindegi guztiak, eta gaueko gertakariak gaitzetsi zituen: «Talde armatuek hiriko merkaritza gune eta eraikinak kaltetu dituzte eta segurtasun indarrei eraso». Borrokak eragozteko asmoz, gobernuak armak eramatea debekatu zuen.

Egoera baretzeko asmoz, bi aldeekin biltzekoa da gaur Frantziako Itsasoz Haraindiko ministro Sebastien Lecornu. Independentistek, baina, dagoeneko iragarri dute ez dutela negoziazioetan parte hartuko. Izan ere, Emmanuel Macron presidentearen exekutiboak erreferendumari oztoporik jarri ez dion arren, loialisten alde egitea egozten diote FLNKSko kideek.

Hala ere, Kaledonia Berriko Kongresuak eta koloniak Frantziako Asanblea Nazionalean duen ordezkaritzak esku hartzeko deia egin diote Macroni, ohartaraziz gatazka gelditu ezean, krisi ekonomiko, sozial eta politikoa eragingo duela. Bien bitartean, alderdi loialistek argi utzi dute Prony Resourcesen aldeko jarrera. Etorkizuna Konfiantzaz alderdiko buruzagi eta Hegoaldeko Probintziako presidente Sonia Backesek «hipokrisiaz» jokatzea egotzi die nazionalistei, eta ohartarazi salmenta bertan behera geratzen bada 3.000 lanpostu galduko direla herrialdean. «Iparraldeko Probintzian nagusi diren independentistek Hegoaldeko Probintziako baliabideak kudeatu nahi dituzte, eta horregatik egin dute Valeren planta eskuratzeko eskaintza. Ez die axola zer gertatuko den Valen lan egiten duten milaka lagunekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.