Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Haustura izan da Superligan

Eginda zegoela zirudien lehiaketa berria hausten hasi da Ingalaterratik: gauerdian bilera telematikoa egin dute, eta egitasmoarekin ez jarraitzeko erabakia ofizial egin dute Manchester Cityk, Liverpoolek, Manchester Unitedek, Chelseak, Tottenham Hotspurrek eta Arsenalek.

Chelseako zale bat, atzo, Stamford Bridge zelaiko atarian, Superligaren aurka protesta eginez.
Chelseako zale bat, atzo, Stamford Bridge zelaiko atarian, Superligaren aurka protesta eginez. NEIL HALL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2021eko apirilak 21

Bueltan etorri zaio Superligari Europako futbola zartatzeko aukera, hasi baino lehen bertan behera geratzeko zantzuak baitaude. Ingalaterran sortu zaizkio arrakalak. Atzo iluntzean, Chelseak filtratu egin zuen informazioa batzen ari dela lehiaketa eratu berria uzteko, eta gerora, Manchester Cityk ofizial egin zuen lehiaketa sortu berria uztera doala. Gauerdian Superligako taldeek bilera telematikoa egin zuten, eta jada ofiziala da: Ingalaterrako talde guztiek uko egin diote txapelketari. Beraz, uneotan proiektuan jarraitzen duten bakarrak dira Real Madril, Bartzelona, Atletico Madril, Milan, Inter Milan eta Juventus.

Jarrera aldaketa horren atzean daude, batetik, talde horietako zaleek eta Ingalaterrako beste klubetakoek egindako protestak, eta, bestetik, Erresuma Batuko Gobernuaren presioak. Zaleen protesten eraginez, atzo gaueko Chelsea-Brighton City partida atzeratu egin zuten. 1.000 inguru batu ziren Stamford Bridge estadioaren kanpoaldean, eta Peter Cech atezain ohi eta klubeko kirol zuzendariak irten egin behar izan zuen giroa baretzera. Kanpoko taldearen entrenatzaileak ere babestu egin zituen zaleak: «Gure ahotsak entzun egin dituzte. Superliga betiko futbolaren aurkako erasoa da, eta nire aitortza egiten diet zaleei ahotsa altxatzeagatik», adierazi zuen Graham Potter Brightoneko entrenatzaileak. Jordan Henderson Liverpooleko kapitainak ere kontra egin zuen, sare sozialetan, jokalariak lehiaketa berriaren aurka daudela iragarriz: «Guk ez dugu hau nahi [Superliga], eta hauxe da taldekideon jarrera. Klubarekin eta zaleekin dugun konpromisoa erabatekoa da».

Bartzelonak ere bezperako mezua aldatu egin zuen atzo iluntzean. Izan ere, klubak jakinarazi zuen bazkideek onartu beharko dutela kluba Superligan sartu edo ez. Zuzendaritzak larunbatean sinatu zuen eratze agiria, baina klausula bat ere ipini zuen, zeinaren bitartez bazkideen esku uzten duen azkeneko erabakia. Juventusen ere zalantzak hasita daude. Zenbait iturriren arabera, Andrea Agnelli presidenteak dimisioa eman zuen atzo gauean, eta Manchester Unitedeko presidenteorde Ed Woodwardek iragarri zuen kargua utziko duela sasoi amaieran.

Superligako presidente Florentino Perezek atzo gauean adierazi zuen lasai dagoela hainbat kluben jarrera aldaketarekin: «Ez nau kezkatzen batzuek lehiaketa uzteak», adierazi zuen L'Equipe Frantziako kirol egunkarian.

Ez du asko iraun Superligaren egitasmoak. Igandean eman zuten sorreraren berri hamabi klub fundatzailek. Txapeldunen Liga ordezkatzea dute asmo, eta, igande gauean, talde hauek eman zuten aurrerapausoa: Ingalaterratik, Arsenal, Chelsea, Liverpool, Manchester City, Manchester United eta Tottenham; Italiatik, Inter Milan, Juventus eta Milan; eta Espainiako Ligatik, Atletico Madril, Bartzelona eta Real Madril. Beste hiru talde berehala batuko omen zaizkie, eta bat PSG litzateke. Hogeikoa litzatekeenez txapelketa berria, beste bost taldeak gonbidapen bidez erakarriko lituzkete. Denera, 197 partida jokatuko lirateke.

Superligako sustatzaileek honela arrazoitu zuten erabakia: «Pandemia dela-eta Europako egungo futbolak duen ezegonkortasun ekonomikoari emandako erantzun bat da. Urteetan izan da lehiaketa berriaren sortzaileen asmoa Europako lehiaketen kalitatea eta intentsitatea hobetzea, eta, bereziki, txapelketa bat sortzea klub eta jokalari onenek elkarren aurka jokatzeko aukera gehiago izan dezaten»

UEFAk berehala egin zien mehatxua klub horiei: «Superliga ez da solidarioa, zinikoa baizik. Talde horiek ezingo dute beste lehiaketetan parte hartu, ez herrialdeetakoetan, ez Europakoetan, ez eta mundu mailakoetan ere, eta jokalariek selekzioekin jokatzeko aukera gal lezakete».

Zer dago atzean?

Superligaren sorrerak ez zuen ezustean harrapatu Gorka Leunda (Donostia, 1975), Avento Kirol Aholkularitzako kidea. Berripaper honetan aurreratu zuen duela hilabete batzuk klub aberatsenek zerbait egingo zutela, pandemia egoeran diru galera handiak izaten ari direlako. Horren barruan ikusten du liga berria eratzea: «Talde handi horien estrategia bat da dirua eta boterea berreskuratzeko», esan dio BERRIAri. 7.000 miloi euroren irabaziak aurreikusten dituzte lehiaketa berriaren sortzaileek.

Leundak uste du alde guztiak konpondu egingo direla [atzo gaueko arrakalaren aurretik egindako balorazioa da]: «Uste dut ados jarriko direla». Oraintxe, galtzen aterako litzatekeenari ere komeni zaiolako iraultza honi neurria jartzea: «Batez ere, UEFAren eta federazioen sistemaren kaltetan da. Haiena da nazioarteko txapelketen kudeaketa eta antolaketa. Eta dirua, jakina».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iago Aspas, Celtaren bigarren gola sartzear. Fernando Pachecok penaltia gelditu zion, baina aurrelariak gola sartu zuen aldaratzea baliatuta. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Elurretan katigatuta

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek ezin izan dio eutsi goraldiari, eta galdu egin du Celtaren aurka. Elurra mara-mara ari zuela erabaki da partida, bigarren zatian, Martinen penalti batekin
Adnan Januzaj, baloiarekin, Valentziaren aurkako partidan. ©JON URBE / FOKU

Oztopoei aurre eginda, pozaldian segitu nahi du

Jon Ander De la Hoz

Realak Espanyolen zelaian jokatuko du gaur, ligan. Merino eta Silva ez dira ariko, min hartuta baitaude, eta Elustondo ere ez, zigortuta baitago
Unai Laso, pilota jotzear, atzo, Labriten jokatutako binakako partidan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Erne Lasorekin eta Imazekin

Julen Etxeberria

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak eta Oiartzungo atzelariak nagusitasunez irabazi diete Peña II.ari eta Albisuri: 22-11

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.