Bruselak produktuen kontrolak murriztea proposatu dio Londresi

Europako Batzordeak burokrazia gutxiago eskaini dio Erresuma Batuari Ipar Irlandarako Protokoloaren gatazka bideratzeko. Ez du aldaketarik aurreikusten Europako Justizia Auzitegiaren rolaren inguruan

Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordea, atzoko prentsaurrekoaren aurretik, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Lau urte eta erdi iraun zuen labirinto politikoak itxita zirudien, baina elkarrizketetan gatazka iturri izan zenak, Ipar Irlandak, ez du protagonismorik galdu hilabeteotan, horren inguruko akordio bat adostuta, sinatuta eta onartuta dagoen arren. Erresuma Batuko Gobernua haserre dago oraindik ere EB Europako Batasunarekin negoziatu zuen protokoloak eragin dizkion barne arazoengatik, eta oraingoz ez du eten erasoaldi diplomatikoa, mehatxuak tarteko; kontrara, marra gorriak ere helarazi ditu. Horren aurrean, EBk bestelako jarrera erakutsi du, ituna salbatu nahi baitu, eta horregatik proposatu dio Europako Batzordeak Londresi burokrazia txikitzea eta merkataritza erraztea Britainia Handitik Ipar Irlandara. Bruselaren helburua zera da: aldaketa horiek datozen elkarrizketen oinarri izatea.

Luze gabe konponbiderik ez duen gatazka baten aurrean daude EB eta Erresuma Batua, eta, hori bideratu ezean, baliteke gerra komertzial bat eragitea. Printzipioz, bi aldeek ez dute halakorik nahi, baina, brexit-aren negoziazioetan gertatu zen bezala, bakoitzak bere lehentasunak eta baiezkoak eta ezezkoak ditu, eta horrek zaildu egiten du berehalako adostasun bat lortzea.

Iragan uztailean, Londresek Ipar Irlandarako Protokoloa erreformatzeko deia egin zion Bruselari, argudiatuta ezin duela «orain arte bezala jarraitu» Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren arteko muga-ren auzian; EBk erantzun zion ez zuela berriz negoziatuko akordioa, baina prest agertu zen proposamenak egiteko, eta horiek dira Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak atzo aurkezturikoak: «Egiazko aldaketak eragingo dituzte».

Lau auzitan proposatu ditu aldaketak Bruselak. Lehenik, animalia jatorria duten elikagaietan kontrol fisikoak nabarmen txikitzea —dokumentazioaren kontrola birtuala izango da aurrerantzean ere—: «Adibidez, Ipar Irlandara jogurtak edo oilaskoak inportatzen dituen enpresa bat baduzu, kontrolen %80 kendu egingo dira».

Bigarrenik, «produktu batzuentzat erdira txikituko dira formalitateak», Sefcovicek jakinarazi zuenez. Hau da, Britainia Handitik Ipar Irlandara produktuak mugitzeko beharrezko burokrazia erdira jaistea proposatu du Europako Batzordeak, eta, sendagaien kasuan, Brusela prest dago legedi berria onartzeko, zeinak bide emango duen merkataritza norabide horrek bere horretan jarraitzeko.

Azken moldaketa Ipar Irlandako erakundeei eta enpresei begirakoa da, batzordeak horien parte hartzea indartu nahi baitu protokoloaren aplikazioan, elkarrizketa handitzearen bitartez, horretarako sortuko luketen batzorde batean: «Haiekin hitz egin dugu, haiekin engaiatu gara, eta helarazi dizkiguten kezkei aurre egiteko proposamenak dira».

Baliteke proposamen sorta pozteko moduko albistea izatea Londresentzat, baina horien artean ez dago David Frost Erresuma Batuaren brexit-erako ministroak herenegun finkaturiko marra gorriari buruzko ezer: Europako Justizia Auzitegiaren rola.

Irteera Akordioaren arabera, auzitegi horrek du azken hitza bi aldeek protokoloaren inguruan izan ditzaketen arazoen inguruan, baina Londresek ez du begi onez ikusten hori, eta Frostek proposatu zuen «liskarren inguruan erabakitzeko mekanismo» berri bat arduratzea gainbegiratze lanaz, betiere Luxenburgoko auzitegirik gabe. Sefcovic ahoan bilorik gabe mintzatu zen atzo horretaz: «Argi dago ECJk [Europako Justizia Auzitegia] izan behar duela azken hitza merkatu bakarrean».

Londresek mehatxua ere egin du: auzi horien inguruko adostasunik ezean, Ipar Irlandarako Protokoloko 16. artikulua aktibatuko luke; horrek bide ematen dio —baita Europako Batzordeari ere— aldebakarrez ekiteko, uste baldin badu itunak «arazo ekonomikoak, sozialak edo ingurumenekoak» sortzen dituela. Bruselak ere egina du ohartarazpen hori, iragan urtarrilean, AstraZenecak jakinarazi zionean COVID-19aren kontrako txertoaren dosi gutxiago bidaliko zizkiola.

'Trilema irlandarra'

Hilabeteak dira Erresuma Batua iazko urtarrilean indarrean sartu zen nazioarteko akordioa aldatzeko eskatzen ari dela, ez duelako lortu trilema irlandarra deiturikoari irtenbiderik aurkitzea: Erresuma Batua EBren merkatu bakarretik eta aduana batasunetik ateratzea, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean muga-rik ez egotea eta muga gogor bat eragoztea Irlandako uhartean.

Hiru horiek batera betetzea ezinezkoa da, eta hasiera-hasieratik ohartarazi zioten hori Londresi; azkenean, Johnsonek erabaki zuen Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea kontrolak, eta hori izan da gatazkaren iturri, batez ere etxe barruan izan duen presioagatik.

Ipar Irlandarako Protokoloa, besteak beste, eskualde horretako bakea bermatzeari begirako itun bat da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga orain arte bezala mantentzen baitu —irekia—, eta EBren merkatu bakarra, «babestuta». Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela produktuentzat, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan.

Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea —aduana muga bat—, eta, hango unionisten iritziz, erabakiak Ostiral Santuko Akordioa urratu, eta kolokan uzten du Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitute.

Protokoloak hainbat aldaketa eta zailtasun eragin ditu enpresentzat: kostuak eta arazoak handitu egin dira, eta hori agerian geratu zen urte hasieratik, supermerkatuetan hainbat produkturen eskasia izan dutelako. Pandemia betean, gainera, farmazialari batzuek askoz ere denbora gehiago behar izan dute beren produktuak toki batetik bestera bidaltzeko eta jasotzeko.

Egoera hori ikusita, Londresek hirutan atzeratu ditu Ipar Irlandako portuetan inposatu behar zituen kontrolak, eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistak mehatxu egin dio erakundeetatik ateratzearekin. Europako Batzordearen proposamen sortaz,DUPeko buruzagi Jeffrey Donaldson kritiko agertu zen, «irtenbide iraunkor baten» oinarri izatetik «urrun» geratu delakoan. Halere, «abiapuntutzat» jo zuen.

Sinn Fein, berriz, pozik agertu zen; Michelle O'Neil Ipar Irlandako lehen ministrordeak adierazi zuen EB «betetzen» ari dela harturiko «konpromisoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.