Larribidetik Europako bidera

Realak Europa ligako final-zortzirenetan aritu nahi du, Leipzigi irabazita. Joanekoan bina berdindu ostean, hutsetik abiatzea bezala izango da. Merino ez dago deialdian; Isak eta Januzaj, berriz, bai

Realeko jokalariak eta Imanol Alguacil entrenatzailea, atzo, elkarrekin, Zubietan egindako entrenamenduan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Realak bizkarreko galanta hartu eta lau egunera berrekingo dio lehiari, baina ez du lantua luzatzeko asmorik. Ezta aukerarik ere: donostiarrek Europako bidean segitu nahi badute, azken emaitzek utzitako hautsa astindu, eta distiratsu aritu behar dute gaur iluntzean. Txuri-urdinek Leipzig hartuko dute Anoetan, Europa ligako doikuntza kanporaketako itzulerakoan, eta, final-zortzirenetan egotea xede dutenez, irabazi egin behar dute nahitaez.

Larribidea utzi, eta onbidera itzultzeko aukera bikaina dute txuri-urdinek. Distira bereziko neurketa da gaur iluntzekoa; halako partidak jokatzeko ondu zuten egungo proiektua. Europan bidea urratzen segitzeko, nahikoa dute Leipzigek baino gol bat gehiago sartzea. Lantegi zaila izango da, baina aukera guztiak zabal-zabalik ditu.

Izan ere, berdinduta dago kanporaketa, joan zen astean bina egin baitzuten Alemanian. Hori bai, etxetik kanpora sartutako golei balio bikoitza kendu izanak hutsetik hastera behartuko du Imanol Alguacilen taldea.

Baita bere mailarik onenean aritzera ere. Sasoiko dago Leipzig aurkaria, eta Bundesligan garaipen entzutetsua lortuta ailegatu da Donostiara (1-6, Hertha Berlinen aurka). Kontrara, etxekoek lehengo freskurarik gabe jokatu dituzte azken neurketak, eta emaitzetan nabaritu egin da hori. Atzera gehiegi egin gabe, jipoia hartu zuen iragan igandean (4-0, Athleticen zelaian).

Bistakoa da, joera ezberdineko bi talde ariko dira Anoetan. Imanolek, ordea, nahiago du bere jokalarien grinari erreparatu, azkenaldiko aurrekariei bainoago: «Taldea minduta dago derbia 4-0 galtzeagatik, baina ez dago jota. Talde honek gauza bat du ona: irabazi ala galdu, burua altxatzen du, eta hurrengo partidari ondo heltzen dio».

Oraingoan Leipzig izango dute aurrean, eta neurketako alor guztiak ondo zaintzeko beharra azpimarratu du teknikariak: «Partida guztiak ezberdinak dira, eta askotariko momentuak izango ditu. Detaileek asko erabakiko dute». Imanolek esan duenez, aurreko astean etxetik kanpora berdindu izanak «balio handia» du, eta horri zukua ateratzen saiatuko dira itzulerakoan: «Oso zaila izango da partida irabaztea, Leipzig sekulako taldea baita, baina gai gara. Finala ote den? Irabazi ezean kanpoan geratzen zarenez, hala balitz bezala jokatu beharko dugu».

Leipzigi irabazteko «pasioa, ilusioa eta zaleen babesa ezinbestekoak» direla ohartarazi du entrenatzaileak, eta Anoetan aritzeaz zehaztu du jokalari bat gehiagorekin aritzearen parekoa izango dela. Horren jakitun, zale multzo batekbabesa adierazi zien jokalariei atzo, partidaren aurreko azken lan saioan.

Merinoren hutsunea

Gaurko norgehiagokarako hutsune garrantzitsu bat izango du Realak. Mikel Merino ez dago jokatzeko moduan, garuneko kommozio bat dela eta: «Merinok bi kolpe hartu ditu buruan, eta osasuna da garrantzitsuena. Horregatik, bihar ez jokatzea erabaki dugu», adierazi du Imanolek.

Aldiz, Adnan Januzaj eta Alexander Isak osatu dira, eta deialdian daude. Bestelako kontua da Orioko prestatzaileak hasieratik jarriko ote dituen.

Merino ohiko futbolaria da Imanolen eskeman, eta erdilari nafarra ordezten izango ditu lanik handienak. Martin Zubimendi da horretarako ondoen kokatutako jokalaria; donostiarrak ez zuen jokatu joaneko neurketa, zigortuta zegoelako. Okerrik ezean, hasieratik aritzeko aukera izango du gaur.

REALA-LEIPZIG
Reala. Ryan; Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Silva, Rafinha; Portu, Oiartzabal, eta Isak.
Leipzig.Gulacsi; Klostermann, Simakan, Gvardiol; Mukiele, Laimer, Haidara, Henrichs; Dani Olmo, Poulsen, eta Nkunku.
Epailea. Anthony Taylor (Ingalat.).
Lekua. Anoeta (34.000 ikusle). Ordua. 18:45 (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.