Pogacar gabe ere, ikusgarri

Esloveniarren buruz burukorik ez da izango Euskal Herriko Itzulian, Pogacarrek ez baitu parte hartuko. Hala ere, Roglicek, iazko irabazleak, goi mailako aurkariak izango ditu. 161 ziklista lehiatuko dira

Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko, Hondarribiko Udaleko, Euskal Herriko Itzuliko eta babesleen ordezkariak, atzo, aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enaut agirrebengoa
Hondarribia
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Berriz ere, punta-puntako txirrindulari askoren elkargune izango da Euskal Herriko Itzulia. Antolatzaileek atzo eman zuten parte hartzaileen berri, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxean egin zuten aurkezpenean. Bertan ez da ageri Tadej Pogacar (UAE), txirrindularitza bere oinpean jarri duen izarra, Flandriako Tourra lehenetsi baitu. Iaz hirugarren izan zen, baina oraingoz ez da saiatuko arantza ateratzen. Primoz Roglic (Jumbo) izan zen iazko garailea, eta hura bai, lehian ariko da, goi mailako beste txirrindulari askorekin batera. Tartean dira Julian Alaphilippe eta Remco Evenepoel ( Quick Step-Deceuninck), Adam Yates eta Geraint Thomas (Ineos), Brandon McNulty (UAE), Aleksandr Vlasov (Bora), Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis), besteak beste. Ez da esloveniarren arteko lehiarik izango, baina, horren ordez, aurkari asko eta oso onak izango ditu Roglicek.

Apirilaren 4an hasiko da lasterketa, Hondarribian, eta23 talde eta 161 txirrindulari lehiatuko dira. Zerrendaburua, nola ez, Roglic izango da. Itzulia bi bider irabazia du, 2018an eta 2021ean, eta bi garaipen segidan kateatzen saiatuko da. Orain arte, soilik bost txirrindularik lortu dute halakorik: Maurice Dewaelek, 1927an eta 1928an; Jose Antonio Gonzalez Linaresek, 1977an eta 1978an; Sean Kellyk, 1986an eta 1987an; Tony Romingerrek, 1992an eta 1993an —1994ko aldia ere irabazi zuen—; eta Alberto Contadorrek, 2008an eta 2009an. Roglic Paris-Niza irabazita iritsiko da, eta oso taldekide indartsuak izango ditu aldamenean: besteak beste, Jonas Vingegaard, iazko bigarren sailkatua, Sepp Kuss eta Robert Gesink.

Quick Stepek ere ahalmen handiko taldea ekarriko du Itzulira. Munduko txapeldunak, Alaphilippek, ibilbide aproposa izango du bere ezaugarriez baliatzeko. Orain arte, hiru etapa irabazi ditu Euskal Herrian. Quick Stepen beste liderra Evenepoel izango da. Ineosek ere izen handiko bi taldeburu izango ditu: Adam Yates eta Thomas. Kale egingo balute, Cristian Rodriguezen aukera ere lukete. UAEk ere beste harribitxi bat ekarriko du, Juan Ayuso, baina Pogacarren hutsunea, batik bat, McNultyk bete beharko du. Borak, berriz, hiru txirrindulari izango ditu sailkapen nagusirako lehiatzeko: Vlasov, Sergio Higuita eta Emanuel Buchmann. Movistarren, berriz, Alejandro Valverdek ez du parte hartuko, baina Enric Masek bai.

Euskal herritarren artean, Ion Izagirre eta Bilbao sartuko dira sailkapen nagusiaren borrokan. Mikel Landak Itzulia albo batera utzi du, Italiako Giroa prestatzeko. Lanari lotuko zaizkio Omar Fraile (Ineos) eta Gorka Izagirre (Movistar), eta Euskaltel Euskadik, Caja Ruralek eta Kern Pharmak ihesaldietan jarriko dute arreta.

Burbuilari eutsiko diote

Ukrainako gerraren kontrako keinuak egingo dituztela iragarri zuen Julian Erasok, Itzuliko zuzendariak. Horren harira, kezka agertu zuen garraiolarien grebak izan dezakeen eraginaz. «Gauza asko mugitzen ditugu egunero». Etxean gelditzeko eskatu zien iaz zaleei; aurten, berriz, «zuhurtziaz» jokatzeko, «batez ere segurtasun distantzia bermatzerik ez dagoenean». Txirrindulariek eta taldeek burbuila barruan jarraitu beharko dute. Lasterketak «ikuskizun handia» eskaintzea espero du. «Bizitzen ari garen garai zailak arintzeko lagungarri izatea espero dugu».

Sei etapatan, 882,2 kilometro egingo dituzte. 25 mendate igoko dituzte lehen mailako hiru eta bigarren mailako zortzi, eta 16.468 metroko desnibel positiboa pilatu. Hondarribiko kaleetan jokatuko den erlojupekoak piztuko du sua, eta, lau etapa gorabeheratsuren ondotik, azken egunean erabakiko da, Arratera bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.